Udal aurrekontuak onartu zituzten Urnietan, ezusteko bozketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 7a, 18:50

Abenduaren 29an ez ohiko osoko bilkuran 2015eko Udal aurrekontu proposamena hizpide izan zen. Luze jo zuen eztabaidak, EAJ-PNV eta EH Bildu elkarri kritikak leporatuz. Aurrekontuak atzera botako zirela uste zenean, EH Bilduk abstentzioarekin aurrekontu proposamenari bidea eman zion. Plenoa bertatik bertara jarraitzen ari ziren guztiak ezustean harrapatu zituen abstentzioak.

Bideoa | Kronika:

Ez ohiko plenoak ez ohiko emaitza izan zuen. Batzar aretoan ziren denen ustearen aurka, EH Bilduk abstentzioarekin gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamenari irtenbidea eman zion. Bozketa egin orduko, Mikel Pagola alkatea, sinetsi ezinik, segundu batzuz EH Bildukoei begira geratu zen. Izan ere, aurreko laurogeita hamar minutuetan Maribel Vaquero eta Xabier Yurramendi EAJren eta EH Bilduren bozeramaileak ika-mika luzean aritu ziren, aurrekontuen negoziazioen inguruan elkarri kritikak leporatuz. Eta futbol partida bat balitz bezala, gobernu taldeak partidaren luzapenean aurrekontua aurrera ateratzea lortu zuen. Minutu gutxira alkateak berak Facebook-en poza adierazi zuen: “Urnietako Udalak 2015eko aurrekontuak onartu ditu. Zorionak Urnietari eta urnietarrei. Aurrekontuak onartu ostean erronka berriei ekiteko motibazioz betea”.
Albistea berez ona da herriarentzat, aurtengorako milioi bat euro aurreikusi baitute herrian zehar hobekuntzak egin ahal izateko. Albistea, ordea, ez dago eztabaidaren osteko erabakian bakarrik. Eztabaidan bertan dago albistearen muina. Batzar aretoan entzundakoak entzunda, 2015ko diru kontuak nagusiki alderdi abertzaleen artean negoziatu zirela ondorioztatu zen. Negoziazioetan EAJ-PNV eta EH Bildu hainbat puntu adostera iritsi ziren. Talka, ordea, zaborren gaian iritsi zen. Birziklapen tasa igotzeko prozeduran eten ziren negoziaketak. Hiru alderdiek agintaldiaren hasieran ezarritako %65eko birziklapen tasatik urrun dago Urnieta. Hogei puntu azpitik, %40a pasatxo. EH Bilduk neurri berriak hartzea proposatu zuen, eta hor eten ziren negoziaketak. Abenduaren 29a iritsi zen, eta gai horren inguruan adostasunik egon gabe Udal aurrekontua eztabaidatzen hasi ziren.
Hiru alderdiek arrazoiak azaltzeko bi txanda izan zituzten. Ziurrenik urteko azkena Udal batzarraldi luzeena izan zen. Alkateak gidatu zuen eztabaida eta alderdi bakoitzeko bozeramaileak, ohi bezala, PSE-EEko Herme Gonzalez, EH Bilduko Xabier Yurramendi eta EAJ-PNVko Maribel Vaquero izan ziren.
Alderdi sozialistak ezezkoa bozkatzeko lau arrazoi nagusi adierazi zituen: “lehenik orain artekoari jarraipena ematen diola iruditzen zaigulako, ideia berri gutxirekin. Politikoek edo teknikariek egin ditzaketen lanak egiteko kanpoko kontratraziora gehiegi jotzen da. Bestalde, ez gaituzte gehiegi kontuan hartu, oso tarte txikia eskaini digutelako. Partida berriekin eta inbertsioen zerrendarekin ez gaude ados, guk beste lehentasun batzuk ditugu. Eta diru soberakinaren kudeaketa ere beste modu batera egingo genuke”.
EH Bilduk gobernu taldearekin hainbat puntu adostu zituztela adierazi zuen. Birziklapen tasak igotzeko, ordea, “neurri zuzentzaileak” hartzea proposatu zion EAJ-PNVri, “gobernu taldearekin neurriak adosten saiatu gara baina ezin izan da. Helburuetara iristeko benetako aldaketak egin behar direla uste dugu”.
Eztabaidaren lehen itzulia amaitzeko jeltzaleen bozeramaileak bi alderdiei erantzun zien. PSE-EEri erantzun zion Urnietan egin beharreko eraldaketa handienak egiteko parte hartze prozesu bat jarri nahi dutela martxan, herritarrek ere erabaki handi horietan parte har dezaten, “parte hartze prozesu hori nola egin Udal ordezkariekin adostu nahiko genuke”.
EH Bilduri “errefusaren tapa zenbat aldiz itxi, horixe da dugun desberdintasun bakarra. Eta garbi esanda, ez dugu ulertzen”. Negoziazioan ongizatean, kooperazioan, merkataritzan edota hirigintzan lortutako akordioak gogora ekartzearekin batera, aurrekontua onartu gabe akordio horiek guztiak bertan behera uzteko arriskuaz ohartarazi zuen.
Eztabaidaren bigarren txandan ika-mika nagusia EAJ eta Bilduren artekoa izan zen. Yurramendik jeltzaileei borondate falta leporatu zien, eta jeltzaleek hori gezurtatu nahi izan zuten.
Bozketan, ezustean, Udal aurrekontuak onartu ziren EH Bilduren abstentzioarekin.

SOKA IZAN DUEN GAIA
Urtarrileko lehen egunetan EH Bilduk bere jokabidea arrazoitu zuen herrian banatu zuen oharrean. “Erantzukizunez” jokatu zuela aditzera eman zuen, gobernu taldearen “arduragabekeria” salatuz.
EAJrentzat “botu aldaketa” egin zuen EH Bilduk, gezurrez beteriko panfleto bat banatzea helburu izango lukeena.
PSE-EEk aldiz, ohar bidez, bi alderdi abertzaleak kritikatu ditu: “EAJk nahi duena egiten du eta Bilduk, kritiko agertu arren, ia beti haien alde altxatzen du eskua”.
Azken plenoan zatiketa irudikatu zen alderdien artean, agintaldi osoko ildoarekin hautsiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!