Ane Gurutz eta Xabier, abenduaren 24ko protagonista nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 23a, 10:07

Abenduaren 24a egun berezia izaten da Ane Gurutz Uitzi lasartear eta Xabier Sanchez andoaindarrarentzat.

Elkarrizketa:

Eguberriak magiaz betetako egunak dira. Abenduaren 24an zuek piztuko duzue ilusioa Andoainen. Zer sentitzen duzue?
Ane Gurutz Uitzi: Ilusioa eta poza. Haurren begietan sortzen den magia ikusteak ilusio handia pizten digu. Oso polita izan ohi da.
Xabier Sanchez: Goizetik hasita, eguna berezia da: haurrak jantzi bereziak jantzita ateratzen dira etxetik, kantuan ibiltzen dira, gaztain jatea egiten da… Egun berezi horren puntu bat gehiago gara, haurren ilusio hori eta magia mantentzen laguntzen dugunak.

Zer da gehien gustatzen zaizuena?
X.S: Harrera: tuneletik ateratzean kriseiluekin egiten diguten pasiloa. Momentu hori oso polita da, bertan dauden haur guztiak guri begira egoten baitira, zakua gainean duen gizon itsusi hori zertan ari den beldurrez.
Haurrei zer erantzun ez dakizuela geratu al zarete inoiz?
A.U: Batzuetan ezagutu egiten gaituzte eta aurpegi arraroarekin begiratu, ezagun egiten zaielako gure aurpegia. Baina, gure paperean jarraitzen dugu.
X.S: Behin, geldirik geunden momentu batean, aurre-aurrean 5 edo 6 urte inguruko hiru neskatila nituen niri begira. Ez nintzen ohartu niri begira zeudenik, baina horietako bat, ezagun baten alaba zen eta oihuka hasi zen: “Zu ez zara Olentzero! Itsasoren aita zara!”. Bere bi lagunak harriturik zeuden, zer pentsatu ez zekitela eta erabat nahastuta. Horrelakoak gertatu daitezke, kalean bizarra uzten ari naizela ikusi dezaketelako, ahotsa ezaguna zaielako…, baina Olentzeroren laguntzaileak garela esaten diegu; Olentzerok ezin duela leku guztietara iritsi eta laguntzeko eskatzen digula.

Zein da Olentzero eta Mari Domingiren desioa 2015erako?
A.U: Haur, gazte zein helduek ilusiorik ez galtzea. Egun bereziak izaten dira eta egun horietan sortzen den magia hori ezin dugu galdu.
X.S: Hori da garrantzitsuena, ilusioa ez galtzea eta guztiok ditugun bizi eta lan proiektuak bideratzeko indarra izatea, aurrera ateratzeko oztopo guztien gainetik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!