Jose Emilio Lafuente Gipuzkoako Caritaseko ordezkariak hartu zuen hitza ekitaldiaten hasieran, elkarteak berriki plazaratu duen txostenaren muina azaltzeko: "txirotasuna eta bazterketa soziala ez ditu krisiak soilik eragin; arazoa estrukturala da, ekonomiara gehiegi bideratzen den gizarte eredu batean bizi baikara. Eredu horrek gizakia ez du ipar nagusitzat bilakatzen, zoritxarrez".
Ondoren, Andoaingo hainbat herritarrek esker oneko saria jasotzeari ekin zioten, Ainhoa Aiertzak aurkezturik. Andoaingo Caritasen histori luzean bere partaide izan diren Jose Mari Txopeitia, Rosario Urretabizkaia, Itziar Arin, Joakin Okiñena eta Mari Kruz Gaztañagak, elkartearen sorrera irudikatzen duen pergamino baten saria jaso zuten lehendabiziko partean.
Aurtengo martxoan zendu den Fernando Gastonen oroitzapenak eragin zituen gaueko unerik sentikorrenak. Maria Angeles Estanga bere alarguna, alabak eta bilobak oholtzara igo ziren, eta azken hauek aurreskua dantzatu zuten. Gastonen zenbait giza balio nabarmentzen zituen ikus-entzunezko bat ikusi ahal izan zuten Bastero bete zuten ikusleek; behartsuenekiko eskuzabaltasuna eta lanerako konstantzia aipatu zituen muntaiak, besteak beste. Edurne Gastonek familiaren izenean hitza hartu, eta bere aitak maiz aipatu ohi zuena ekarri zuen gogora: "ni zorte oneko pertsona izan naiz beti; benetan meritua daukatenak, behartsuak dira, traba guztien aurka borroka egin behar izaten duten horiek". Ekitaldiaren amaiera aldera, Andoaingo odol-emaileen kideak igo ziren oholtzara, Joxe Mari Olazabalen bidea saria jasotzera. Honako herritarrak, hain zuzen: Jose Antonio San Juan, Jose Mari Tolosa, Kontxi Arin, Andoni Arribillaga, Maria Karrera, Antonio Garrido, Felix Ramirez, Guadalupe Fierro, Martin Gorostidi, Eugenio Usarralde eta Arantxa Arberas.