Olentzero aurreratu egin da Urnietan, Eguberriak gainean ditugun egun hauetan. Esateko modu bat da, aurrerantzean etxebizitza berriak eraiki ahal izateko hirigintza plana behar beharrezkoa zelako. Eta hori dagoeneko errealitate bilakatu da. Hainbat urtez luzatu da, aurreko arau subsidiarioak aspaldi agortuta zeuden arren. Gauzak horrela, eta Aldundiak behin betiko onarpena eman eta gero, Udalak Urnietako etorkizuna irudikatu du Plan Orokor berrian.
Bertan, ezin bestela, aspaldiko asmo bati ateak irekiko zaizkio: Egaperen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikin berriari, alegia. Gaur egungo Egape ikastolaren jarraipena izango da eta, hain zuzen, obra hori bideratzea lehentasunezkoa izango da. Horrekin batera garatuko da Babiloni eremuko etxebizitza sorta. Udalak eman dituen datuak aurreikuspenak dira, gehienezko etxebizitza kopuruak beti ere. Hori horrela izanik, planaren aurkezpenean adierazi zutenez Babilonin 340 etxebizitza eraikitzeko asmoa dago. Eta horietatik, 187 lirateke babes ofizialekoak.
Babiloniko eremuaren garapena ziurtatuta, egitasmo berriak landuko lituzkete Trankatxen eta Azkaraten.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Boletin Ofizialean argitaratzearekin batera, Urnietako Hiri Antolamendurako Plana onartuta dago. Eta, beraz, ateak zabalik daude azpiegitura berriak garatzen hasteko.
Aurreko astean plan berriaren maketak ikusgai izan ziren Lekaion, eta Mikel Pagola alkateak eta Ahizpea Lazkano Udal arkitektoak xehetasunak azaldu zituzten han bertan.
1. BABILONI EREMUA
340 etxebizitza egiteko aukera.
187 babes ofizialekoak aurreikusten dira.
2. TRANKATX-ERMOTEGI
270 etxebizitza egiteko aukera.
110 babes ofizialekoak aurreikusten dira.
3. AZKARATE EREMUA
460 etxebizitza egiteko aukera.
253 babes ofizialekoak aurreikusten dira.
Belaunaldi oso bat Urnietatik kanpo etxebizitza bila joateko arrisku bizia zegoela eta, garai onean dator Plan Orokor berriaren onarpena. Aldundiak eskatuta, eta Udalaren oniritziarekin, hiru etxebizitza eremu nagusi garatuko dituzte. Hurrenez hurren, Babiloni, Trankatx-Ermotegi eta Azkarate. Zer esan nahi du horrek? Babiloni martxan jarri eta eremu hori nahikoa garatzen denean, orduan hasiko direla Trankatx-Ermotegi eremua garatzen.
Ahizpea Lazkanok erabaki hori arrazoitu egin zuen, “Aldundiaren eskaera izan zen lehentasunen araberako zerrenda egitea. Zer dela eta hori? Eremu bat garatzen hasi eta osorik garatu gabe beste batekin hasteko beldur direlako. Hirurak ere eremu handiak dira eta bakoitza etxebizitza kopuru handiekin. Eremu bakoitzean espaloiak eta farolak jartzen hasi eta etxebizitzak altxa gabe bere horretan utziko bagenitu, itxura zatarra hartuko luke herriak. Udalak eta Aldundiak hori saihestu nahi dute”. Horrek Babiloniko egitasmoa ia bere horretan garatzea behartuko ditu. Behin eremu hartako %80a garatuta edo eraikita, Trankatx-Ermotegi eremua garatzen hasiko dira.
Bizi kalitatea bermatu beharko du Udalak, garatuko duen eremu bakoitzeko: ekipamenduak, zirkulazioa, mugikortasuna, gune irekiak. Udal arduradunek argi ikusi zuten Babiloni zela garatu beharreko lehen eremua, bertan kokatuko baita Egaperen eraikin berria. Udal agintari eta Udal ordezkari ezberdinen asmoa beteko da horrela. Hor izango da egitasmo handiena etxebizitza berrien eraikuntzarekin batera, baina ez da bakarra izango. Idiazabal kaleari boulevard izaera eman nahi diote, oinezkoaren eta merkataritzaren mesedetan.
Bigarren eremua Trankatxekoa izango da, eta beharrak eskatzen duenean Azkarate izango da garatuko duten hirugarren eremua. Trankatxen aldeko apustua egitean, “herrigunearen kohesioa mantentzea” helburu dute: “Herrigunetik abiatuta handitu beharko litzateke Urnieta. Ibilerak murriztu egiten dira eta bizi kalitatea hobea da herrigune trinkoetan”.
Lehen bi egitasmoekin etxebizitzen beharrak asetzen ez badira, Idiazabal kalea eta Salesiar ikastetxea lotuko lituzkeen auzunea eraikitzen hasiko lirateke.
Udalarena da hitza, lurjabeena erabakia
Plan berria garatzeari argi berdea emanda, eta orain zer? galdetuko dute urnietarrek. Udalak arauak ezarri eta gero, lurjabeek eman behar dute hurrengo pausoa: “Udalak ezin du zuzenean eremu horiek garatzen hasi. Lurjabeek elkartu eta plana garatu behar dute”. Hurrengo pausoa, beraz, jabeek egin behar dute eta, “noski, Udalak ahal duen laguntza guztia eskainiko die”.
Udalak ezarritako arauetan, eraiki daitezkeen gehienezko etxebizitza kopuruak zehazten dira. Eta kopuruez gain, etxebizitza mota ere aldez aurretik ezartzen da. Gauzak horrela, Urnietako Plan Orokor berrian egungo legedia bete beharko da. Eta etxebizitzei dagokienez, eremu eraikigarrietan etxebizitza guztietatik %55a babes ofizialeko etxebizitzetara bideratu behar da. Eta %20 etxebizitza tasatuetara. Hori, esan bezala, legez ezarrita dago. Gazteei begira, beraz, Urnietan babes ofizialeko ehunka etxebizitza garatzeko aukera zabalik dago orain.
Udalak garatu dituen maketak, gaur gaurkoz, orientagarriak dira. Ez dute zertan irudietan ikusten diren bezala garatu behar. Planak gehienezko azalera eraikigarriak ezartzen ditu, etxebizitzen lerrokadurak edota altuerak... Baina kaleak eta plaza berriak gune bakoitzeko plan partzialetan landu eta onartu beharko dira.
Hezkuntzarako eraikina
Azken agintaldietan, alkate eta Udal ordezkari guztiek Egapeko ikastetxearen DBHko eraikin berriaren aldeko jarrera agertu dute. Premiazkotzat jotzen zuten. Lurra Udalak jarriko du eta Jaurlaritzak eraikina. Hori horrela izanik, Udalak Eusko Jaurlaritzari eraikitzen hasteko 8.000 metro karratuko eremua utziko diola aurreikusi dute.
NEKAZAL EREMUAK ETA BASERRIen etorkizuna
“Baserriekin zer gertatuko da?”, galdera bera eta galdera horren erantzuna planaren aurkezleen ahotik entzun ziren. Lazkanok irtenbidea aurkitzeko ate bat ireki zuen: “Geroz eta ustiakuntza gutxiago dago. Bestalde, Udaletxean eskaera asko jasotzen dugu lehengo baserriak bitan zatitzeko, bertakoek laguntza behar dutelako. Eta horretarako, seme-alabak gertu eduki nahi dituzte. Aukera hori zabalik egon daiteke, beti ere baserri horrek nekazal jarduera edo ustiapenik baldin badu”. Pagolak, bestalde, nekazal eremuetan bizi direnen garrantzia azpimarratu zuen, “jendeak baserrietan bizitzen jarraitu behar du. Landa eremua zainduta badago, bertan bizi diren baserritarrengatik da. Baserrietan bizitzen jarraitzea garrantzia handikoa da”.
INDUSTRIGUNEAK, LEHENIK MIRABALLES
Urnieta, Andoain, Hernani... Donostialdea eremua estrategikoa dela adierazten dute Udalaz gaindiko erakundeek. Etxebizitzekin egin bezala, industrigune berriak lehentasunaren arabera eraikiko dira. Milluts-Miraballes eremua erraztasunagatik lehentasunezkoa da. Eta hurrena garatzen Urkain Berri izango da. Biak ere lehendik zeuden eremuen osagarri bilakatuko dira: Milluts-Miraballes Erratzuren jarraipena da, eta Urkain Berri Ergoienen jarraipena. Biak estrategikoki oso kokapen onean daude, garraio saretik oso gertu. Saletxeberriko eremua ez dute Plan Orokorrean sartu, AHTko lanak erabat amaitu arte gune osoa zehaztea ezinezkoa baita.
Plan Orokor berriarekin etorkizuneko Urnieta berria fikziotik baino errealitatetik gertuago dago.
Urnieta handituz joango da, eta Udalaren erronka handi izaten asmatzea izango da. Hazkunde hutsaz harago, zerbitzuak bermatzen asmatu beharko du.