Eskualdeko alkateei galdezka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 19a, 09:17

2015eko udaberrian Udal hauteskunde berriak deituko dituzte. Pixkanaka, agintariei balantzea egiteko garaia iritsi zaie.

Andoain
Ana Carrere
2011n hartu zuen alkate kargua. Bere lehen agintaldia izan da Udal ordezkari modura

“Parte hartze prozesuak abian jarri ditugu”

Agintaldiaren amaiera iristen ari da. Zein balorazio egingo zenuke alkate bezala?
Orokorrean baikor agertu beharko genuke, baina agintaldia gazi-gozoa ere izan da. Egoera ekonomikoak erabat baldintzatu gaitu lau urte hauetan eta  ezin izan dugu gauza asko egin. Gutxiengo politikoa izanda, gauza asko egitea galarazi digute. Bestalde, oso positiboa izan da alde askotatik: asko ikasi dugu, harreman ugari landu dugu eta herriarentzat garrantzitsuak diren proiektu xume asko atera dugu aurrera.

Lau urteotan egindako lanen artean  zein nabarmenduko zenuke?
Batetik, abian jarri ditugun parte hartze prozesuak: auzoz auzo, martxoaren 8aren ingurukoa, gazteriari buruzkoa... Herri ekimenen eta Udalaren artean harremanak sustatu dira.
Bestetik, eskualde mailan sustapen ekonomikoa garatzeko egindako lan guztia. Hiru urte daramagu sei udalerriko agintari eta teknikariak lanean, eta hor dihardugu Buruntzaldea eskualdea eta garapen agentzia definitzen. Etorkizunera begira garrantzia handikoa izango da.

Zein egitasmo garatuko duzue agintaldi amaiera bitarte? Eta zein geratuko da egiteke?
Mendeurreneko ospakizunez gain, ekimen berriak bideratzeko denbora badago: Gazte plana, argiteriaren diagnosia, irisgarritasunaren bigarren fasea, bosgarren edukiontzia, “Andoaingo kaleak emakumeentzat” bigarren fasea...
Liburutegia, ludoteka eta hobekuntza obrak gaitasun ekonomiko faltagatik garatu ezinik geratuko dira, zoritxarrez.


Zizurkil
Joxe Mari Luengo
2011n hartu zuen alkate kargua. Bere lehen agintaldia izan da Udal ordezkari modura

“Egindako lanekin, eraberritu egin dugu herria”

Agintaldiaren amaiera iristen ari da. Zein balorazio egingo zenuke alkate bezala?
Gure agintaldia hasi zenean, oso egoera ekonomiko larrian zegoen Udala, hiru milioi euro pasako zorrarekin. Lanketa ekonomiko handia egitea egokitu zaigu eta lan horri esker, gaur egun 1,8 milioi eurora jaitsi da Udalaren zorra. Zor horrek asko baldintzatu ditu gure aurrekontuak eta inbertsioak. Nolanahi ere, legealdi positiboa izan da, gauza asko egitea lortu dugulako. Dirulaguntzak baliatu ditugu herrian egindako lan gehienak burutzeko eta alde horretatik, Udaleko langile eta teknikariek egindako lana azpimarratu behar da. Herritarrei ere eskerrak eman beharrean gaude. Lan berriak ziren guretzat Udalekoak, eta laguntza handia izan dugu.

Lau urteotan egindako lanen artean  zein nabarmenduko zenuke?
Egindako lanekin, herria berritu egin dugu. Elbarrenako plazari bizi berria eman diogu; etxebizitza berriak egin dira eta baita errepidea ere etxeen atzealdetik. Horrekin batera, futbol zelaia berritzeak, bizi handia eman dio inguru horri. Zizurkil Goian ere, aparkalekua egiteak garrantzia handia izan du eta baita oinez igo eta jaitsi ahal izateko bidea egokitzeak ere. Saneamendu sareko lanak ere egin ditugu Goian. Festa giroan sartuta, erraldoi berriak egiteak alaitasun polita ekarri du herrira.

Zein egitasmo garatuko duzue agintaldi amaiera bitarte? Eta zein geratuko da egiteke?
Zizurkil Goiko plaza oinezkoentzat egokitzeko asmoa dugu, baina zuhaitzaren egoera kaskarrak atzeratu egin dizkigu lanak. Aduna, Asteasu, Alkiza eta Zizurkilgo herritarrei zerbitzua emango dien liburutegia ere martxan jarriko dugu Elbarrena plazan. Horrez gain, estalpea jarri nahi genuke plazan, baina ezin dugu zehaztu noiz egin ahal izango dugun, kostu handiko lanak baitira. Horrez gain, Atxulondo Kultur etxean igogailua jartzearekin batera, txukundu bat eman nahi diogu eraikinari.


Asteasu
Pili Legarra
2011n hartu zuen alkate kargua. Bere lehen agintaldia izan da Udal ordezkari modura

“Kudeaketa eraginkor eta gardenagoa egin dugu”

Agintaldiaren amaiera iristen ari da. Zein balorazio egingo zenuke alkate bezala?
Orokorrean balorazio positiboa egingo nuke, nahiz eta guretzat nahiko legegintza gogorra izan den. Kudeaketako lan gogorra bideratzen denbora asko pasa dugu, gardentasun eta berdintasun aldera zuzenduz udaletxearen jarduna. Zerbitzu aldetik ez da murrizketa handirik izan; batzuk kendu arren, beste asko gehitu baitugu legegintza honetan. Parte hartzea bultzatzen saiatu gara eta hainbat ekimen eraman dugu aurrera: herritarren beharrak islatzeko diagnosia egin, parte hatzea bultzatzeko eskolarekin elkarlanean aritu... Epe laburrean, Lizardi etxearen erabilera herritarren artean erabakitzeko proiektua jarriko dugu martxan.

Lau urteotan egindako lanen artean  zein nabarmenduko zenuke?
Orokorrean udaletxearen kudeaketa eraginkor eta gardenagoa egiten jarri dugu gure indarra eta lau urtean gauza asko egin da. Denetan nabarmen eta zailena etxebizitzen proiektua izan da. Hiru urte lanean aritu eta gero urtarrilean amaituko da lehen zatia. Berri pozgarria da guretzat, hainbat herritarrek herrian bertan bizitzen geratzeko aukera izango duelako. Hein berean, proiektu honekin, aurreko legegintzatik jaso genuen Hirigintz hitzarmenean jasotakoa ere beteko dugu, hasieran agindu bezala.
Hondakinei dagokionez, sistema berria jarri dugu martxan, materia organikoaren auzokonposta bultzatuz. Zaharrentzat etxe tutelatu egokiagoa eraiki eta zaharren taldea eratu da, haien parte hartzea sustatzeko. Gazte-lekua nahiz Gaztetxea abian dira eta baita emakume taldea ere. Kultur arloan, herriko ondarea berreskuratzeko lanak egin dira, oroimen historikoa landu da eta martxan dira herri baratzeak ere. Enplegua sustatzeko asmoz, Udal brigadan lan egiteko aukera eskaini da, sei hilero pertsona ezberdinak kontratatuz.


Zein egitasmo garatuko duzue agintaldi amaiera bitarte? Eta zein geratuko da egiteke?
Turismo proiektua lantzen ari gara, Tolosaldea Garatzen eta Tolomendirekin batera, herrira jendea erakarri eta Asteasu balorean jartzeko asmoz. Udaberrirako martxan izango da. Bere oinarria merkataritza eta ostalaritza suspertzea da. Egitasmoarengan ilusio handia dugu, gure herriak bai baititu hainbat berezitasun eta etekina atera behar diegu haiei.
Bestalde, burutu gabe geratu zaigu hasierako gogo bat, herriko plaza oinezkoentzat jartzea. Horretarako Errekabailara auzoa lotuko duen bide zati bat eraikitzea falta da, baina hori gauzatzeko herri gunean kokatutako zerrategi bat lekuz aldatu behar da; egun ez bezala kamioi handiak plaza ez gurutzatu eta erdialdea espazio atsegin eta segurua izateko.


Larraul
Xabier Mujika
2007an hartu zuen alkate kargua. Bigarren agintaldia amaitzen ari da


“Bide luzea eta gogorra izan da, aberasgarria”

Agintaldiaren amaiera iristen ari da. Zein balorazio egingo zenuke alkate bezala?
Bigarren legealdiaren bukaera da niretzat eta tarte honetan, herriko zerbitzu eta azpiegituretan zeuden gabeziak konpontzen saiatu gara. Bide luzea eta gogorra izan da, baina esperientzia aberasgarria izan da niretzat, asko ikasi dut. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu gara, nahiz eta ez dugun denen gustua egitea lortu.

Lau urteotan egindako lanen artean zein nabarmenduko zenuke?
Azpiegiturei dagokienez, hainbat pauso eman dugu; haurrentzako parke berria, komun publikoak, ur sarearen berrikuntza, argiteria sistema berria…, horiek nabarmenduko nituzke. Ur sarea eta argiteria berritzearekin, Udalaren gastuak murriztea lortu dugu. Zerbitzuei dagokienez, aurreko legealdian martxan jarritako haurreskola eta eskola zerbitzuei jarraipena eman diegu.

Zein egitasmo garatuko duzue agintaldi amaiera bitarte? Eta zein geratuko da egiteke?
Agintaldia amaitu aurretik, eskolako komunak egokitzeko lanak egiteko asmoa dugu eta hondakinen bilketaren inguruan etorkizunean eman beharreko pausoak zehaztuko ditugu. Bestalde, azken urteotako erronka handia izan da Plan Orokor berria. Legealdi honen amaieran, planaren hasierako dokumentua amaituta utziko dugu, baina Foru Aldundira bidali gabe. Modu horretan, hurrengo legealdian Udalera sartzen direnek dokumentu hori aztertzeko aukera izango dute. Beraz, hurrengo legealdian emango dira Plan Orokor berria onartzeko hurrengo pausoak.

Amasa-Villabona
Galder Azkue
2011n hartu zuen alkate kargua. Bere lehen agintaldia izan da Udal ordezkari modura

“Aurkeztutako programa osoa betetzear gaude”

Agintaldiaren amaiera iristen ari da. Zein balorazio egingo zenuke alkate bezala?
Atzera begiratuta, 2011ko martxoan zein egoeratan geunden ikusi behar da, ez baikenekien aurkeztu ahal izango genuen edo ez. Ilegalizazioaren mamuaren ondorioz, esperientzia gutxi geneukan jendearekin osatu ziren zerrendak. Abiapuntu hori kontuan izanda, lan asko egin dela iruditzen zait. Batzuetan asmatu dugu eta beste batzuetan ez. Eguneroko martxan sortzen den presio mailarekin ez da dena ona izaten eta alde ilun bezala, nahiak gauzatzea eta hori transmititu eta jendeak ulertzea zein zaila den aipatuko nuke. Hala ere, oro har, oso balorazio positiboa egiten dut; herritarren aurrean aurkeztu genuen programa betetze maila altuarekin gauzatzea lortu dugu eta kudeaketa lana modu duinean egitea.

Lau urteotan egindako lanen artean zein nabarmenduko zenuke?
Kultur mailan egin den lana azpimarratuko nuke batetik, bai programazio, ikastaro, ekipamendu edota erakusketen aldetik. Bixente Ameztoyri buruzkoa, esaterako, historikoa izan zen. Aurrekontu xumearekin lan polita egin da. Komunikazio eta parte hartze sailetan saiakera handia egin dugu eta komunikazio mailan hein handi batean espero genuena lortu badugu ere, parte hatzean erantzun hobea espero genuen. Esfortzu handia egin arren, ahozapore gazi-gozoa geratu zait: hondakinen gaiarekin herritarren iritzia nahi genukeen bezala bideratzea lortu ez genuela onartu behar dugu. Inbertsio mailan, berriz, futbol zelaia aipatuko nuke. Garai hauetan inork gutxik sinesten zuen ekipamendu hori berritzea lortuko genuenik, baina gai izan gara eta agintaldi honen lorpenetako bat izan da. Memoria historikoaren inguruan ere lan polita egin da.

Zein egitasmo garatuko duzue agintaldi amaiera bitarte? Eta zein geratuko da egiteke?
Parke estaliaren egitasmoa abian eta ateratzear da. Ideien konkurtsoa egin eta jasotako proiektuak herritarren esku utzi nahi ditugu zein parke eta nola estali guztion artean erabakitzeko. Oria ibaiaren enkauzamendua eta ur zikinen jasotzea ere badator. Urte asko zain egon ondoren 2015 eta 2016 urteen artean gauzatuko dira lanak. Inbertsio mailan, gauza ugari geratu da egiteke: urbanizazio edo kiroldegiko berrikuntzak, esaterako.

Aduna
Josu Amilibia
2012an hartu zuen alkate kargua. Aurrez, 2007 urtetik zinegotzia izan zen

“Aurreko urteetako lan-ildoari eutsi diogu”

Agintaldiaren amaiera iristen ari da. Zein balorazio egingo zenuke alkate bezala?
Bi legealdi daramat Udalean, eta denbora tarte honetan gauza asko egin dugu, aurreko urteetako lan-ildoari eutsiz. Gainera, inbertsio asko egin badugu ere, Udalaren egoera ekonomikoari ondo eutsi diogu, eta zorpetze maila jaistea ere lortu dugu.

Lau urteotan egindako lanen artean zein nabarmenduko zenuke?
Inbertsioei dagokienez, errepidearen berritzea eta oinezko zein bizikletentzako espaloiaren sorrera nabarmendu behar dugu. Urtebete da lan horiek amaitu zirela eta jende askok erabiltzen du herrirako joan-etorriak oinez egiteko. Inbertsioez gain, ordea, beste arlo asko ere azpimarratu nahi nuke; kultura, euskara, nazio eraikuntza, gizarte laguntza…, krisialdian egon bagara ere, ez dugu atzera pausorik eman. Hondakinen bilketarako sistema berriaren ezarpena ere azpimarratzekoa da legealdi honetan. Hondakinen %25a birziklatzetik, %83era igaro gara. Herritarrek oso ondo barneratu dute sistema berria, eta eskertzekoa da izan duten jarrera. Miravalles mehatzeetako arazoaren inguruan egindako lanketa ere txukuna izan zela esango nuke; AHTko lanek eragindako betelanak saihestea lortu genuen mehatzeak txukuntzearekin batera. Memoria historikoaren inguruko lanketak ere asko ikasteko balio izan digu.

Zein egitasmo garatuko duzue agintaldi amaiera bitarte? Eta zein geratuko da egiteke?
Kirol pista otsaila ingururako amaituta egongo da eta urte hasieran, gizarte laguntzarako diru partida bat ere bideratuko dugu, premian dauden herriko familien egoera pixka bat arintzeko; nola egin aztertzen ari gara orain. Bestalde, erriberako industrigunearen oinarria jarrita dago, eta hurrengo legealdian martxan izango da; horrekin lotuta, Adunako bentaren inguruan errepidea zabaltzeko lanak egingo ditu Aldundiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!