Olentzero eta Mari Domingi Zizurkilen izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 19a, 09:07

Arratsaldeko 17:00 inguruan espero da Olentzero eta Mari Domingiren iritsiera. Urkamenditik behera etorriko dira, eta trikitilariekin batera, plazaraino gerturatuko dira.

Sua piztuz iragarriko du Olentzerok Zizurkilen dela. Urkamendin piztuko du sua, herritarrak bera ikustera eta agurtzera gerturatu daitezen. Mari Domingi izango du alboan ikazkinak eta astoa izango dute lagun. Herriko trikitilari gazteen doinuak ere entzungo dira ibilbidean. Guztiak elkarrekin, Urkamenditik behera etorri eta bidegorrian barrena, plazara iritsiko dira. Olentzerorekin hitz egin eta azken eskaerak egiteko aukera izango dute bertan herriko haurrek.
Herriko hainbat eragilek prestatu du Olentzeroren etorrera festa; Pello Mari Otaño eta Zubimusu ikastetxeetako guraso elkarteak, Loatzo musika eskola, Bukalai dantza taldea eta Udala aritu dira prestaketa lanetan. Herriko gazteek ere parte hartuko dute Olentzerok egin beharreko bidean argi eginez.

Urkamenditik plazara
Abenduaren 24an, zizurkildarrak herrian bertan gera daitezen lortu nahi dute ekimen honen bidez: “Arratsalde horretan, Amasa-Villabonara edo beste edozein herritara joaten zen jendea Olentzero ikustera. Hori ikusita, Olentzeroren etorrera herrian bertan antolatzeko ideia sortu zen iaz. Oso denbora tarte txikia genuen iaz antolaketa txukunak egin ahal izateko, eta aurtengorako uztea erabaki genuen. Irailean egin genituen lehendabiziko bilerak eta, pixkanaka, ekimena forma hartzen hasi zen”, azaldu du ekimenaren bultzatzaileetakoa den Leire Mitxelenak.
Giro polita sortuko delakoan daude ekimenaren antolatzaileak. Miriam Santamaria ere antolaketa lanetan aritu da: “Plaza berriaren inguruan mugimendu handia sortzen ari da eta abenduaren 24an ere hala izango dela uste dugu. Haurrentzat pentsatutako festa izango da, polita”.
Loatzo musika eskolako trikitilari gazteek jarriko diote doinua Olentzeroren etorrerari, eta Bukalai dantza taldekoek ere saioa eskainiko dute. Garbiñe Zaldua zizurkildarrak jakinarazi du plazako ekitaldia nolakoa izango den:  “Hiru dantza eskainiko dituzte eta ondoren, plaza bildutako guztiek abestu egingo dute. Hori amaitzean, nahi duten haurrek Olentzero agurtu eta berarekin hitz egiteko aukera izango dute”.

Gabon kantak
Olentzeroren etorrerarekin batera, garai bateko Gabon kantak berreskuratzeko ahalegina ere egingo dute Zizurkilen. “Abesti zaharren bat berreskuratu eta herriko ikastetxeetara banatu dute, haurrek ikas dezaten. Abenduaren 24ko goizean ikastetxeetako haurrek egiten duten kantu-errondan abesti zahar hori abestuko dute”, azaldu du Leire Mitxelenak. Goizeko kantu erronda amaituta, urteroko moduan, Urkamendi elkartearen atzealdean elkartuko dira haurrak, baina aurten ez dute Olentzeroren bisitarik jasoko. Ikazkina ikusi nahi dutenek, arratsaldean gerturatu beharko dute plaza ingurura. Hantxe izango dute, guztiei muxu eman eta goxokiak banatzeko prest.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!