“Neurriz eta maiz jatea komeni da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 19a, 09:05

Lierni Ormazabal Berasategi Amasa-Villabonako Sahatsa belar-dendako dietista da. Gabonetako jateko ohituren inguruan aholkua eman du.

Zer diozu euskaldunok asko jaten dugula dioen topikoaren inguruan?
Kulturalki dakarkigun ohitura da, mendeetan zehar datorrena. Ospakizun ezberdinak mahaiaren inguruan ospatu izan ditugu beti.
Kantitatez asko jatekoak gara euskaldunak eta hori agian garai batean baserri giroan, mendian edo itsasoan lan egiteko indarra eduki behar zelako etorri da. Bestalde, klimak ere bere eragina du: beroak ez bezala, hotzak jateko gogoa areagotzen du. Gainera, hotzarekin balore kaloriko altuagoko elikagaiak jaten ditugu.

Azken urteotan sarritan entzuten da hobe dela kantitate gutxiago baina maizagotan jatea. Hiru otordu baino bost egitea…
Bost otordu egitearen arrazoia, elikagaiek ematen diguten energia egunean zehar banatzea da. Oro har, oso goiz gosaltzen dugu eta bazkaltzerako sei-zazpi ordu tartean ezer jan gabe igaroz gero, otordu batetik bestera gose handiarekin iritsi eta behar baino gehiago jaten dugu halakoetan. Arriskutsua da hori, antsietate arazoak sor baitaitezke. Beraz, bazkaldu eta afaldu aurretik, komenigarria da hamaiketakoa eta askaria egitea, gorputzari ahultzeko aukerarik eman gabe. Gutxi eta maiz baino, neurriz eta maiz jan behar da.

Gabonetan bereziki, ohi baino askoz ere gehiago jaten da... Denetarik jan behar dela diruen egun horiei begira aholkurik emango al zenuke?

Egun horietan badirudi ez dugula berriz gehiago jan behar. Familiako kide edo lagunekin bilduta mahaiaren inguruan ospatzen ditugu Gabonak, egunero jaten ez ditugun elikagaiak janez; baino horrek ez du esan nahi sekulako betekada egin behar dugunik. Onena egunerokotasunetik gehiegi ez urruntzea da, gorputzak aldaketa gutxiago sumatzeko. Abenduaren 24an eta 31n afari bereziak egiteko bildu ohi garenez, bazkari arina egitea komeni da.

Zure ustez, zein menu litzateke egokia egun horietarako?
Afaltzeko menurik idealena, zopa beroa, entsalada bariatua eta labean erretako arraina litzateke. Postre bezala, anana edo piña. Sarreraren bat jarri nahi izanez gero, urdaiazpikoa, zainzuriak edo mariskoa (kaloria askorik ez dutenez). Bazkaltzeko, berriz, aurrez aipatutako sarreraren bat, entsalada edota errebueltoa. Bigarrenerako, Gabonetan arkumea jateko ohitura handia dago eta hobe afaltzeko baino bazkaltzeko jatea.

Gabonak eta gero dietak egiten hasi ohi da jende asko. Sumatzen al da bezero gehiago gerturatzen dela orduan dietistaren bulegora? Zer eskaintzen duzue?
Dudarik gabe, Gabonen ondorengoa da dietistaren kontsulta gehien betetzen den urte garaia. Orduan ekiten zaiei urteberriko asmo berriei, –tartean kiloren bat galtzea–, eta jende gehiago animatzen da kontsultara. Bestela, Aste Santuen bueltan ere jendea udarako prestatzera etorri ohi da.
Eskaintzari lotuta, biofrekuentzia bidezko gailuaren laguntzaz, pertsonaren pisuaz gain, gorputzaren gantz masa, gihar eta ur kantitatea eta hezurren pisua neurtzen dugu eta programa informatiko baten bidez, zenbaki horiek grafikoetan ikusten ditugu gure gorputza zein egoeratan dagoen ezagutuz. Datu horiek jakinda, dieta pertsonalizatuak egiten ditugu. Pisuari garrantzia handia ematen zaio, baina askotan bigarren mailakoa izan beharko luke, bestelako deskonpentsazioak egon baitaitezke ur edo gantz erretentzioarekin lotuta, esaterako. Garrantzitsua da faktore horiek ezagutzea.

Guztia ez da dieta
Egungo gizartean itxurari asko begiratzen zaiola uste du Liernik eta ondorioz, gero eta gehiago zaintzen dela elikadura. “Lanean tuperrarekin bazkaldu arren, otorduak ahalik eta osasuntsuenak izaten saiatzen gara eta beste herrialde batzuetan bezala, oro har, ez dugu prestatutako jakietara hain erraz jotzen. Elikagai ekologikoen kontsumoa ere asko hazi da”. Elikadura zainduagatik, guztia dieta ez denez, bizimodu osasuntsuari begira ariketa fisikoa egitea ere ezinbestekoa dela uste du, “ez pisua jaisteari begira bakarrik, kirolak mentalki indartsuago egoten, estresa askatzen edo sozializatzen laguntzen du besteak beste. Ahal izanda, astean bitan behintzat hartu beharko genuke kirola egiteko tartea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!