Garai bateko Eguberriak, usadio zaharrak eta oroitzapenak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 19a, 08:56

Gabonak kontsumismoari estuki loturik ez zeuden garaietara jauzi egin eta Larraulgo ohitura zaharrak ekarri dituzte gogora Larrola baserriko Lazaro Tejeria eta Josefa Otermin senar-emazteak.

Nola gogoratzen dituzu haur eta gaztetxo garaiko Gabonak Larraulen?
Lazaro
: Gabonak ospatzen genituen, baina Urteberri eta Errege eguna gutxixeago, gure txiki denboran behintzat. Erregenetarako umeei erregali txiki batzuk egiten zitzaizkien, baina ez orain bezala. Ekartzen ziren opariak txintxoago eta txukunxeago gordetzen ziren. Orain bezala, jostailua pixka bat ibili orduko ez zen berririk ekartzen; ez ez, ez. Orain jarri dira nahi dutena nahi dutenean emateko ohitura horiek. Gure garaian telebista edota irratirik ez zegoenez, gerora arte ez genuen Olentzerorik ezagutu. Orduan ez zen halakorik. Larraul txikia zen, dena baserriak ziren, kalerik ez zen; herriko taberna, apaiza eta maestraren etxea, besterik ez. Egun, berriz, ez dago baserririk; bakan batzuk geratuko dira, baina denak baserritik kanpora joaten dira lanera.

Eguberriei lotutako ospakizunik egiten al zenuten eskola garaian?
L.:
Eskolara ere zakua jantzita joaten ginen gu, kamiorik ez zenez, bidezidorretik barrena. Aire! Txikiak ginela baserriz baserri kantu eskean ateratzen ginen eskolatik, geroxeago ere bai, lauzpabost lagun elkartu eta soinu txikia hartuta. Talde txikitan ateratzen ginen eta guretzat izaten zen irabazten zena. Pozik itzultzen ginen etxera, poltsikuan txanpon batzuk genituela. Jende asko ibiltzen zen orduan eskean. ‘Ai hau gauaren’, ‘Antton Kaxkatxuri bi’, ‘Txipi txapa, gaztain erreak’…, Eguberrietako kantu asko abesten genuen.

Eta eskolaz kanpo?
L.:
Elizara maiz, beharko. Eguberri egunean ezin zen joan gabe geratu. Eguerdian meza berezia izaten zen eta arratsaldean bezperak. Larraulgo apaizak oso maiteak zituen bezperak eta joan beharrekoak zirela esaten zuen. Ez genuen hutsik egiten. Emango ote dute inon bezperarik orain?

Gabonetako egun berezietan otorduak ere bereziak izango ziren…
L.:
Eguberrietan beti izaten zen kapritxoren bat. Menu bezala, oilo zopa ederra izaten zen aurrena. Etxeko mokadurik goxoenak jaten ziren gero: txerria hil berria bazen, txerria; ardia edota aharia bestela. Oilaskoa ere beti izaten zen. Gainerako, ez zen turroi askorik izaten, –probatzeko adina, barraren bat–, baina arroz-esne ederra jaten genuen txikiak ginela, gaurko turroia baino hobea. Sagar konpota eta piku sekoa ere asko jaten zen orduan eta pasak ere bai, ihartutako mahatsak.
Josefa: Etxean sagarra izan eta konpota ere beti egin dugu. Ni izatez Intzakoa naiz (Nafarroa) eta han ardia hil eta gisatu kazuelka egiteko ohitura zegoen. Erregenetan Karnabalak egokitzen ziren urtero eta etxe guztietan mondejuak egiten ziren ardiaren grasarekin. Ardiaren burua garbitu eta birikak ere egosten ziren kazola handi batean eta baserriko labe handietan egindako ogi gogortuarekin ogi zopak egiten ziren. Bestalde, mondeju zuriez gain, odola tomatearekin nahasten zen kazola handietan. Ondorenerako, gaztainak eta arroz-esnea.

Mantentzen al duzue egun orduko ohituraren bat mahaian egun?
L.:
Arrain zopa, langostikoak…, denetarik izaten da orain. Dena aldatu da, baina sagar konpota jateko ohiturari eusten diogu oraindik ere. Konpota beti.

Zein ohitura zenuten Gabon edo Urtezahar gauetan, afalondoan?
L.:
Ez genuen kanturako ohiturarik. Eskean ateratzeari utzi genionean eta etxean koadrilan biltzen ginenean musean saioak egiten genituen goizaldera arte. Garai haietan gariarekin ogia egiten zen baserrietan eta prestatutako masarekin gari taloak jaten genituen goizeko 02:00ak aldera. Nahikoa afalduta egonagatik, denak esnez betetako katiluak hartuta.
Urtezaharretan mahatsa jateko ohitura bazen orduan ere. Donostiako merkatutik bueltan amak ekartzen zuen mahatsa. Baina lan txarra zen niretzat, kanpaikadak eta ahoa bete mahats…, ni ez nintzen inoiz horretan aritu. Bestela mahatsa jan bai, mahats zalea naiz.
Sagardoa ikaragarri egiten zen orduan etxero; aritu izan naiz ni Eguberrietan dolarean sagardoa egiten. Sagardoaz gain ardoa ere izaten zen eta ondoren Loidi ardo-gozoa ere edaten genuen. Hori bai, hurrengo goizean buruko minez esnatuagatik, behiak jeztera jaiki behar izaten genuen garaiz.

Apaintzen al zenuten etxea Gabonetarako?
L.:
Bai. Eskaratzean izugarrizko jaiotza jartzen genuen. Anaiaren emazteari ikaragarri gustatzen zitzaion hura prestatzea eta bonbilla txiki eta guzti apaintzen zuen. Bazen usadioa. Bestalde, Urteberritan miura ere jartzen genuen bere koskorrekin ukuiluko atearen gainean, suerte ona emateko. Sanjuanetan lizarra eta Urteberritan miura.

Aingira kaxa
Lazaro ume zen garaian ez zen gaur adinako opari sortarik izaten. Iristen ziren gutxiek, ordea, sekulako poza sortzen zien, “Erregenetan zapatak errenkan jartzen genituen anai-arrebok. Goizean jaikitakoan, pikuz, goxokiz eta aingira kaxaz –konfeti txuri eta guzti suge itxurako mazapana gordetzen zuten kaxa oso politak– beteta egoten ziren. Goiz hartan ez genuen gosaldu beharrik izaten”, gogoratu du Lazarok.

Salmenta tristea
Eguberriak izanagatik, Lazaroren ama Rufina Treku eta Larraulgo beste hainbat emakume, ohi bezala Donostiako San Martingo azokara joaten ziren esnea eta barazkiak saltzera. “Eguberrietako salmenta tristea izaten zela esaten zuen gure amak. Etxez etxe esnea eskaintzeko atea jotakoan, jendeak ez zuela erosi nahi izaten; bezperan festa egin eta pijaman zabaltzen omen zieten askok atea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!