“31 Lokomotorea Euskal Herrira” iraganeko herri ekimena gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 18a, 12:42

Herri ekimen gogoangarria loratu zen 90eko hamarkadan: “31 Lokomotorea Euskal Herrira” elkartea. Plazaolako trenbidearen mendeurrenaren harira, elkarte horren ibilbidea hizpide hartu dute Basteron.

31 Lokomotorea edo txokolatera Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzeko, eta aldi berean, Plazaolaren balioak plazaratzeko sortu zuten elkartea zenbait andoaindarrek 1994an.  
Elkarte horretako kide izan zen Iñaki Otamendik berpiztu zuen ekimenaren istorioa, Plazaolaren 100 urteko historiaren inguruan Basteron berriki egin den mahai-inguruan. Elkartea sortzeko lehen hazia zein izan zen azaldu zuen, hasteko eta behin: “1991n, Miren Esnal eta Amaia Amutxastegik El Plazaola-Tren Txiki izeneko lana argitaratu zuten Andoaingo Paperak bilduman. Txanka Arrutik bertan aipatzen zuen lokomotorea Plazaolako azken aztarna fisikoa izan zitekeela. 20 urte egin zituen Plazaolako bidean lanean, eta 1943an Leongo enpresa batek erosi zuen. Han, 1989 arte martxan izan zen Ponferrada-Villablino (61 km.) ibilbidea osatuz. Horrenbestez, bizpahiru urte zeraman bazterrean utzita Bierzoko bailaran. Egunetik egunera egoera makurragoan zegoen, herdoiltzen eta geroz eta pieza gutxiagorekin, lapurreten erruz”.
Egin egunkariko Xofor Oria kazetariak erronka jarri zion Txankari: handik informazioa ekartzen zuenean, erreportajea argitaratuko ziola. Horrela, Biertzora bisita egin, eta informazioa bildu zuen. Tristura eta poza ekarri zituen berarekin, baina batez ere “lanean jarraitzeko kemena”, 1994ko irailean Aiurriri adierazi zion bezala. Lokomotorearekin zerikusia zuen informazioa prentsan agertzeak, berehala, laupabost lagun egitasmora batzea eragin zuen. Horrela sortu zen “31 Lokomotorea Euskal Herrira” elkartea.
Txankaz gain, Andoni Etxezarreta, Bittor Uria, Iñigo Gomez eta Iñaki Otamendi izan ziren elkartearen bultzatzaile nagusiak. “Guk argi geneukan ez ginela ferrokarrilen edo lurrun makinen maitaleak, baizik eta gure herriaren ondarea eta herritarren historia berreskuratu nahi genituen pertsonak”.
“Ziur egon saiatuko garela” leloa aldarrikatuz, makina bat ekimen jarri zituzten abian denbora laburrean, herritar ugari mugiaraziz. Batetik, mota guztietako kanpainak burutu zituzten Plazaolako trenbidea ezagutarazteko, sentsibilizazioa sustatuz eta bere defentsan indarrak bilduz; besteak beste, Trentxikia ezagutu zutenen testigantza bilketa, sinadura bilketak (4.000 lortu ziren), material ezberdinen kaleratzea (txapak, egutegiak, pankartak, kamisetak, postalak...), mendi martxak, argazki erakusketak... Bestetik, alde guztietako erakundeekin harremanetan jarri ziren (Trentxikiaren inguruko Udalak, Azpeitiako Tren Museoa, Gaztela-Leongo erakunde publikoak...).
Bi bidaia egin zituzten Valladolid eta Leonera; bigarrengoa, Andoaingo alkatearekin (Jose Antonio Perez) eta Jaurlaritzako ordezkari batekin. Gaztela-Leongo garraio arduradunarekin eta Ponferradako alkatearekin bildu ziren. “Generaman mezua, argia zen: eskuartean daukazuena ez baduzue zaintzen, guk Euskal Herrira ekarri eta zainduko dugu. Gure bisitek beldurra-edo eragin zuten inguru haietan eta prentsan, euren ondarea lapurtzera gindoazela pentsatzen baitzuten”.
Etorkizunean museoa eratzeko asmoa azaldu zieten hango agintariek. “Hitz polit asko entzun genuen, baina gure sentsazioa borondatea, eta batez ere, ekimen falta zegoela zen. Azken batean, Ponferradako Udalak, Gaztela-Leongo Juntak eta ikatzari lotutako enpresa pribatuak xake pieza baten moduan zerabilten lokomotorea eta museoaren egitasmoa. Interes anitzen arteko desadostasunak ziren nagusi. Eta bien bitartean, urruntzen ari zen bost urte lehenago kea botatzen zuen baporezko makina berriro martxan jartzeko aukera”.

31 lokomotorea Bierzoko museoan ikusgai jarri zuten
Azkenik, museoak 1999ko maiatzean ireki zituen ateak; 31 Lokomotorea, berriz, handik bi urtera ipini zuten bertan, erakusgai. Gauzak horrela, “elkarteak fase bat itxitzat eman zuen, eta erakundeen esku utzi zuen aurrera jarraitzeko ardura”.
Harrezkero, Bierzoko erakunde publikoek losintxak besterik ez dituzte jaurti 31 Lokomotorea hizpide hartuta. Bailara oso baten ikur omen da, hango meategiekin eta garraioarekin estuki loturikoa... Egoera ez da horren idilikoa Otamendiren ustez. Kudeaketa eskasa aipatzen du: “museoak kasik ez dauka bisitaririk, ez zaio baliabide ekonomikorik eskaintzen eta bertan diren lokomotoreak hondatzen ari dira; 31 Lokomotorea bera, espekulatzaile ekonomikoen biktima bihurtu dute”.
Salaketarako arrazoi gehiago aipatu ditu Otamendik: “museoa Ponferradako urbanizazio baten erdian kokatu zuten. Ez dauka trenbiderik, eta beraz, hango lokomotoreak ezin dira mugitu inora. 31 Lokomotorearen labea behin edo bitan piztu dute kea atera dezan, ikuskizun huts bihurtuz. Kontua da lokomotore bat ez dela eskultura bat; martxan dabilen bitartean dauka zentzua”.   

“Herritarrok badaukagu zer egina eta zer esana”
Elkarteak egin zuen ibilbidearen inguruan balorazio gazi-gozoa egin behar dela uste du Otamendik: “31 Lokomotorea ez genuen Euskal Herrira ekarri, baina iruditzen zaigu gauza politak lortu genituela: Leitzaranen daukagun altxorrari buruzko sentsibilizazioa zabaltzea eta interesa piztea herrian, lehenengo eta behin. Bestalde, esan behar da politikakeririk gabeko gizarte politika egin genuela, herritar anitzen inplikazioa lortuz eta erakundeekin eztabaidatuz eta negoziatuz; frogatu ahal izan genuen herritarrak ondo antolatuz gero, ekarpenak egin daitezkeela. Ezin dela dena erakundeen eskuetan utzi, herritarrok badaukagula zer esana eta zer egina, dela haiei presionatzeko, dela auzolanean jarduteko...”.
Gaur egun bestelako garaiak bizi ditugun sentsazioa daukate elkartea osatu zuten kideek, Otamendiren iritzirako: “proiektu kolektibo gutxiago dago, indibidualismoa eta kontsumismoa handitu egin dira; ekimen ugari profesionalen eta erakundeen esku uzten dira... Nolanahi ere, beti izango da premiazkoa gizartea bizirik irautea”.
Azkenik, Otamendik Burdina taldea jarri zuen herri partaidetzaren adibide argitzat.


Mugarriak, Plazaolako Trentxikiaren eta 31 Lokomotorearen historian:
  • 1902. Andoain-Plazaola ibilbidea (22 km.) irekitzen da meategien zerbitzurako (Plazaola, Olloki, Olazar...).
  • 1914. Donostia-Iruñea ibilbidea (90 km.) irekitzen da merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko.
  • 1943. Leongo enpresa batek 31 Lokomotorea erosi eta Biertzoko bailarara eramaten du Ponferrada-Villablino (61 km.) ibilbidea egiteko.
  • 1953. Uholdeek Plazolako ferrokarrilaren bidea erabat hondatuta uzten dute. Pertsonak garraiatzeari uzten zaio, soilik egurra garraiatzen jarraitzen da.
  • 1958. Plazaolako bidea isten da. 
  • 1989. 31 Lokomotorea baztertu egiten da, urtetan merkantziak eta bidaiariak garraitu ostean.
  • 1994. “31 Lokomotorea Euskal Herrira” herri ekimena sortzen da, Plazaolako trenbidearen inguruko informazioa gizarteratzeko, eta, lokomotore mitikoa Euskal Herrira ekartzea eskatzeko. 
  • 2009. Trenaren museoa irekitzen da Ponferradan.
  • 2011. 31 Lokomotorea museoan ikusgari jartzen da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!