Andoainen indartsu ekingo diete 400. urteurreneko ospakizunei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 18a, 12:40

1615eko urtarrilaren 26an hiribildu aske gisa agertu zen Andoain historian. Baina askatasunerako bidea luzea izan zen. Mendeurrena ospatuko dute urte osoan zehar.

Askatasunaren bidean Erdi Arotik Tolosarekin zuen lotura puskatu behar izan zuen lehenengo, horixe da Susana Truchuelo historialariak Andoaingo Udalarentzat egin duen azterlanaren hasieran dioena. Urtarrilean argitaratuko da “Andoain 1615: hiribildu berri baten historia” izenburupean, eta irakurri dutenek interes handikoa dela adierazi dute. Egungo herriaren sorrera ahalbidetu zuten arrazoiak ulertzeko balio handiko lana izango da, zalantzarik gabe. Arin irakurtzen da, orrialde kopuruan ez da oso luzea eta irudi nahiz argazki askorekin ilustratuta dator. Udalak laster jarriko du eskuragarri argitalpen hori.
Erdi Aroan Andoain udalerri azpiko maila batean zegoen, unibertsitatea zeritzona. Herritar asko Buruntzako San Martin elizaren inguruan bizi zen. Gaur egun eliza zaharraren arrastoak eta bizpahiru baserri geratzen dira, ez besterik. Dagoeneko garai hartan beste hiru auzuneen aipamenak agertzen dira. Zehazki, Zumea, Goiburu eta Sorabilla. Elizaren babespean bizi ziren denak ere, auzune bakoitza bere ermita eta baselizari estuki lotuta baitzegoen. Txiroek eta jauntxoek pairatzen zituzten miseriak arintze aldera, izaera handiko herriguneen babes bila jo zuten andoaindarrek. Tolosa eta Donostia, horiexek ziren bi aukerak. Biak ere Gaztelako erregeen laguntza zuten. Tolosaren alde egin zuten, baina laster iritsi ziren tirabirak. Ordaintzen zituzten zergen eta jasotzen zuten babesaren arteko desoreka gatazkaren iturrian zegoen. Eta urte luzez gatazkak bere horretan iraun zuen. Truchueloren azterlanean aipatzen denez, 1615ean Andoainek oso paper aktiboa jokatu zuen eskualdeko herrien artean, bere buru zen Tolosaren aurka. Eta haren atzetik Tolosatik bereizteko bidean gehitu zitzaizkion hainbat auzo eta herri. Besteak beste, Amasa, Urnieta eta Zizurkil.

Ekitaldi ugari 2015ean
Laugarren mendeurrena, efemeride borobila, ondo gogoan izango dute Andoainen 2015ean zehar. Hitzaldiak, erakusketa, argitalpenak, herri antzerkia... Udal lantaldea aspaldi ari da lanean eta ekimen horiek gauzatzeko herriko taldeekin elkarlanean ari dira. Otsailaren 1eko herri antzerkia izango da Udalaren eta herri ekimenen arteko elkarlana ondoen islatuko den ekitaldia. Andoainen mendeurrena ospatzeko gogoa badago, eta giro hori pixkanaka indartuz doa. Abenduaren 10ean ehundik gora herritarren aurrean Ana Carrere Andoaingo alkateak mendeurreneko ekitaldien aurkezpena egin zuen. Iragana gogoan hartuz, egungo Andoain herria osatzen dutenak gogoan izan zituen. Adin, izaera eta jatorri ezberdineko herrikideekin sortu duten bideokliparekin Andoaingo izaera zabala eta irekia irudikatu dutela adierazi nahi izan zuen: “Gaurtik aurrera begirada atzera botatzea dagokigu. Gaur gure arbasoei begira jarriko gara. 1615ean Andoainek bide berri bati ekin zion. Erabaki ausarta izan zen, gainera. Izan ere, hainbat hamarkadatan Tolosari lotuta egon eta gero, aspaldiko nahia bete eta herri gisa finkatu zen. Orain, 2015. urtearen atarian, begirada atzera bota eta gertatu zena gogoan dugula, 400 urte hauetako ibilbideari erreparatu nahi diogu, gaur egungo Andoaingo eraikuntzan parte hartzen dugunok bat eginez. Horixe baita Andoain; bertan jaiotako eta jatorri ezberdinetatik etorritako herritarren nahasketa; euskal kulturatik abiatuta, gure herria den bezalakoa egiten duten kulturen batura. Horrexegatik aukeratu dugu Andoaindarrak 400 leloa, Andoaindarrak 400 garelako”.

Andoaindarrak400.eus
Egun hauetan Andoaingo etxebizitza guztietara mendeurreneko ekitaldien eskuorria iritsiko da Andoaingo Udalaren eskutik. Andoaindik gertu bizi direnek, ordea, mendeurreneko ekitaldiak gertutik jarraitzeko aukera izango dute andoaindarrak.400 webgunean. Ekitaldiez informatzeaz gain, urteurrenerako atera dituzten kamisetak, poltsak, agendak edota pinak erosteko aukera izango dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!