Malli Usabiaga, ingurukoen gogoan eta bihotzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 18a, 12:39

Joan zen abenduaren 3an zendu zen Malli Usabiaga Artola zizurkildarra. Lagunarte zabala zuen Mallik. Lagun horietako batzuk elkartu, eta bere inguruko oroitzapenak berritu dituzte.

Samin handia eragin du Malliren heriotzak bere inguruan. Hutsune handia utzi du senitartean, lagun eta herrikideen artean. Abenduaren 5ean lagunek prestatutako omenaldi ekitaldira gerturatutako jendetza da horren lekuko.
Mikel Urkola, Beltza Herrero, Jexux Iturbe, Bernardo Arregi, Julian Arrastoa, Luis Urkola, Joxe Mari Alkorta, Xabier Oiartzabal, Unai Mendizabal eta Joxin Azkue elkartu dira Malliren inguruko oroitzapenak elkarbanatzeko.
Ekintzailea zen Malli Usabiaga. Halaxe azpimarratu dute umetatik ezagutzen zuten Mikel Urkola, Beltza Herrero eta Jexux Iturbek: “Eskolan elkarrekin ibili ginen, Pello Mari Otañon. Ez zen ikasle on-ona; ikasgelan baino gusturako ibiltzen zen hura mendian. Gazte-gaztetatik hasi zen koadrila mugiarazten. Andoain, Lasarte eta Zizurkilgo gazteak biltzen ginen koadrila hartan eta berak antolatu zituen lehendabiziko irteerak. Kanping denda hartu eta mendira joaten ginen koadrilan, Sallent de Gallegora. Oso naturzalea zen Malli; asko gustatzen zitzaion mendira joatea”.
Ehiztari sena ere bazuen Mallik. Gaztetako grina pixka bat apaldu bazitzaion ere, zaletasunari eutsi zion bizitza osoan zehar. “Gaztetan, gaupasa eginda ere ehizera joaten zen goizean. Usotan, basurdetan, oilagorretan…, txikitatik hasi zen ehizean eta pasatzen zen guztiari egiten zion tiro. Orain ere ehiztaria zen, baina gehiago zaintzen zuen egindako ehiza. Aiako koadrilarekin joaten zen basurdetara eta berak izaten zuen arrastoa bilatzeko ardura. Eskopeta utzitako bolarak ere izan zituen, baina mendia sekula ere ez zuen alde batera utzi izan. Argazki kamera hartuta, oso maiz joaten zen mendi aldera”, azaldu dute lagunek.

Lagunartea maite
Lagunartean gustura ibiltzen zen Malli eta hori bereziki azpimarratu dute zizurkildarraren lagunek. “Asko zaintzen zituen lagunak. Borondate oneko gizona zen, faena txar bat egin gabekoa. Lagunen batek huts egiten bazion ikaragarri sentitzen zuen”. Aldi berean, bakarrik ibiltzea ere gustuko zuen. “Noiznahi mendira bakarrik joan eta ibilaldiak egiten zituen, argazkiak eginez. Gaztetan, jaiegunen bat egokitzen zenean, Irati aldera joan eta egonaldia egiten zuen, bakar-bakarrik”, azaldu du Mikel Urkolak. “Txango horietan ikusitakoak, lagunei erakusten aritzen zen gero. Txoko asko ezagutzen zuen”, gaineratu du Xabier Oiartzabalek.
Adin guztietako jendearekin moldatzen zen ondo. “Iluntze askotan, bere alaba txikia zenean, hura eta bere lagunak hartu, eta mendira eramaten zituen. Orkatzak, azeriak, basurdeak…, berak ondo jakiten zuen horiek non azalduko ziren, eta haiek ikustera eramaten zituen”, azaldu du Luis Urkolak. Umeekin ez ezik, gazte giroan ere ederki moldatzen zen. Unai Mendizabalek azaldu du horren berri: “Hogeita bi urte ditut eta urtero hiru bat otordu egiten genuen Malliren etxean, koadrilarekin. Berak jartzen zigun data, eta askotan baita otordua ere. Umorea jartzen zuen beti berak, bati edo besteri adarra joaz. Duela hilabete gutxi apustu bat egiteko erronka ere bota zigun. Bizikletaz, korrika eta aizkoran, koadrilako kideak elkarrekin lehian aritu ginen Zaraten bazkaldu aurretik, eta oso festa polita sortu zen”.
Etxegintza lanetan aritzen zen Malli. Bere aita Martzelinoren langintzari jarraitu, eta hamalau urterekin hasi zen lanean. “Oso trebea zen bere langintzan, fina. Urte asko zeraman lanean, eta erraz ateratzen zuen lana. Berak egindako teilatuen gailurrean izar bat jartzen zuen, sinadura gisa. Horrez gain, eskulanak ere egiten zituen. Abenduaren 12an zabaldutako elkartasun erakusketarako hainbat lan prestatu zuen”, azaldu du Bernardo Arregik. Abenduaren 21a arte izango dira lan horiek ikusgai, Atxulondo Kutur Etxean.

Zarateko benta
Zizurkilgo Zarateko bentaren jabea zen Malli. Pixkanaka, goitik behera berritu zuen etxea. “Bere izaeraren adibide da Zarateko benta. Izugarrizko jende pila pasa da handik eta aterpea ere zabalik utzi zuen, nahi zuen orok erabil zezan. Horrek garbi adierazten du Malliren borondatea zenbaterainokoak zen”, adierazi du Julian Arrastoak.
Malli Usabiaga gogoan eta bihotzean izango dute ezagutu zutenek. Aiurriko lankideen partetik, muxu bat senitarteko eta lagunei. 


––––––––––––––––––––––––––––––––––––

Hire lagunak

Zizurkil

Aitze al dek?

Bai, hik, Malli. Aitze al dek? Non habil? Oraintxe hemen hintzean, gure artean eta kolpetik desagertu egin haiz. Betiko utzi gaituk. Galanta egin diguk!
Teilatu gailurrera begiratu eta han ikusten haugu, hire autografoan, teila batekin egindako bost puntetako izar gorrian alegia. Izarra. Hik horren gustuko huan Laboa zaharraren ahotsak zioken bezala, izar zena hauts bihurtu zaiguk kolpetik. Izarren hautsa. Izar gorria. Malli. 
Ikusi al huan frontoian prestatu ginean agurra? Hunkigarria izan huan, ezta? Inon norbaitekiko maitasuna erakutsi badek, han izan huan. Korrika eta presaka prestatutakoa baina han geundean guztiok hi agurtu nahian, norberak zekian eran. Batzuek txalaparta joz, beste batzuek hire ohorean Aurreskua dantzatuz eta abestuz. Edo bertsoka eta olerkia irakurriz entzun genituenak, Iparraldeko eran kantatuz aritu zen hura, musika tresnekin doinu hunkigarriak zabalduz beste haiek… Eta frontoia, jendez lepo gainezka. Kristo guztia isilik, hunkituak denok, begiak lauso, hi bihotzean eta korapiloa eztarrian. Agur esan nahi eta hitzik ezin atera. Marka gero. Eztarriak mutu.
Neguko gau hotza huan baina Olatzek, Oihanak eta etxekoek sumatuko zieten, bai, bildutako jendetzaren epeltasuna, babesa, maitasuna. Nola ez bada!
Lehengoko batean bi lagun hitaz solasean ari hituan Iriarteko leihoan. Batek zioan hi beti diskreto, apal, inon nabarmentzen ez den horietakoa omen hintzean, baina beti hor, inor baino lehenago behar zenerako prest. Beste solaskideak baietz, halaxekoa hintzeala erantzun zioan segidan, eta hire hutsunea ederki asko sumatuko geniala aurrerantzean. Egia, hi! Hemen denborak norbera bere lekuan jartzen dik, gogoratu bestela zaharrek ziotena: zer erein, hura bildu. Eta hi beti eskuzabal. Hain zuzen horregatik, Malli, gutxi izango dituk Zizurkilen hi adina estimatuak izan direnak.
Tira, Malli. Despedidakoa iritsi zaiguk. Latza duk aitortzea, baina gehiago ez haugu gure artean ikusiko. Ziur egon hadi, ordea, gugan utzi duken arrastoa betiko tinkatuko zaigula bihotzetan. Orain, hik nahiko huken bezala, hortzak irmo eta sendo estutu eta aurrera egingo diagu. Hik, berriz, gugan jarraituko duk betiko: Iparraldera begiratzen dugun bakoitzean, Zarate parearen gainean, zerutik zintzilik bost puntetako izar gorria ikusiko diagu, distiratsu, keinuka. Hi izango haiz, guri txeletan, irribarretsu. Maite haugu, Malli. Adiorik ez!
Hire lagunak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!