Euskararekin bat, elkarlanean eta gogotsu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 18a, 12:36

Villabonako Udalak bi plan bultzatu ditu euskararen normalizazioari begira azken hilabeteotan: Euskara plana (Udaleko erabilera plana) eta Euskara sustatzeko ekintza plana (ESEP).

Euskara sustatzeko ekintza plana (ESEP) oinarrian hartuta, euskararen lan mahaian joan zen martxotik hasita, herriko hainbat talde eta eragilerekin egin duten lana nabarmendu dute Maite Arregi euskara teknikariak eta Nora Urbizu euskara eta kultur zinegotziak. “Lan mahaiari bere balioa aitortu nahi diogu, gure eskertza. Modu parte hartzailean, bai hezkuntza mailan edota euskara inguratzen duten bestelako elkarte eta norbanako ezberdinekin batera osatu dugu plana”, azaldu dute bi elkarrizketatuek. Euskara sustatzeko ekintza plana lau urtez behin onartu behar izaten da eta aurtengoa berezia izan da; modu parte hartzailean egin delako. “Lehenik eta behin, alorrez alorreko diagnosia egin da. Orain arte Udalak alor ezberdinetan egiten zuen lana ez ezik, egungo egoera aztertu eta zein behar dauden baloratuz. Azterketa hori egitea lagungarri zaigu datozen hiru urteetan zertan inbertitu beharko den jakiteko”, azaldu du Norak. Izan ere, 2014-2017 urteetarako plana izanik, lehen urtea plana bera diseinatzen eta urtez urteko lehentasunak finkatzen igaro baitute. “Orain arte modu eta borondate onenean beti, euskara batzordeetan plana onartu ondoren Udaletik bideratzen genituen ekintzak. Aurten, ordea, partaideen proposamenak eskatu ditugu eta elkarren artean egin dugu diagnosia. Iritzi askotan Udalak eta elkarteetako eragileek bat egiten dugula konturatu gara eta horrek arrazoi gehiago ematen digu interbentzioekin aurrera egin eta hutsegiteei irtenbideak bilatzeko”, gehitu du Maitek.

Euskararen aurrekontua, gora
Norak eta Maitek oso prozesu garrantzitsutzat jotzen dute hilabeteotako bidea. Azken urteotan parte hartzeaz oso modu teorikoan hitz egin bada ere, modu xume eta naturalean prozesu aberasgarria bideratu delakoan daude. “Udaleko kideak nahiz partaideak gustura geratu gara plana elkarbanatu eta izan duen emaitzarekin. Denon artean erabakiak hartu ditugunez, babes handiagoa du orain planak eta konbentzimendu handiagoz egingo dugu aurrera ekimen ezberdinak antolatzerakoan. Lan dinamikan eta motibazioan ere eragin baikorra izan du hartutako norabideak. Urtez urte ekintza berriak egiten ahaleginduko gara eta hori antzeman egingo da”, Maiteren ustez. 2015ean gainera, aspaldiko urteetan ez bezala, euskararen aurrekontuak gora egingo duela nabarmendu du Norak, “euskararen aurrekontua igo egin dugu 2015erako eta hori eragileen eta herritarren onarpen nahiz babesetik etorri da. Euskara zehar-lerroa delako hartu da erabakia eta hori ezingo du Udal taldeak nahiz oposiozioak ukatu. Zorionekoak dirua esparru horretara bideratu dugulako”.

2015erako pausoak zehaztuta
Sei alor ezberdin landu dituzte zortzi bileratan eta hainbat pauso emango dute 2015ean:
  • Euskalduntzea eta alfabetatzea: Amasa-Villabonara etortzen diren etorkinei zuzenduta, herriko zerbitzu ezberdinen berri azaltzen duen harrera programa osatzea.
  • Familia bidezko transmisioa: Gurasoen sentsibilizazioan eragitea, 2 urteko haurrak dituzten gurasoei zuzendutako tailerrak antolatuz.
  • Irakaskuntza: Nerabeek euskararekiko motibazio eta jarrera har dezaten, Hezhiz sentsibilizazio programa lantzea. Bertso-ipuin lehiaketa LHn berdin mantenduko bada ere, DBHko ikasleei zuzenduta, haientzat motibagarriagoa den beste lanketaren bat proposatuko zaie.
  • Aisia eta kirola: Gaztelekuko hezitzaileekin euskara sustatzeko plangintza garatuko da eta futbol eta pilota eskoletako kideekin estrategia ezberdinak. Bestalde, kiroldegiko zerbitzua osorik euskaraz izatea bermatuko da, ikastaro guztiak euskaraz eskaintzea bultzatuz.
  • Arlo sozioekonomikoa: Oria merkataritza elkarteko kideekin nahiz elkarteko bazkide ez direnekin lankidetza jorratuko da euskararen normalizazioari begira. Merkatari orok konturatu behar du herrian egun ezin dela euskararik gabeko zerbitzurik eskaini. Era berean, asteartetako azokan paisaia linguistikoa zaintzen ahaleginduko dira; festetan, esaterako, barraketan egiten den bezala. Bestalde, Tolosaldea Garatzenekin interbentzio plana egin nahi da lan munduari bultzada emateko lan mahaia osatzeko.
  • Hedabideak, publizitatea eta teknologia berriak: Eskualdeko komunikabideak sustatu nahi dira lankidetza hitzarmen bidez eta publizitatean inbertitu. Eskualdeko komunikabideek bailarako berriak zabaltzeko erreferente bihurtu nahi dituzte eta Udalaren aldetik komunikabide horiek sustatu, link-ak elkarbanatuz.

Lan mahaiko partaideak

  • Herriko hiru ikastetxeetako ordezkariak
  • Ikastetxeetako guraso elkarteak
  • Banaiz bagara taldea
  • Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
  • Andoaingo AEK
  • Tolosaldeko Ataria
  • Aiurri hamaboskaria
  • Udaleko komunikazio arduraduna
  • Eskola Kirola ekimeneko ordezkaria
  • Kale hezitzaileak
  • Gaztelekuko begiraleak
  • Oria merkatari elkartea
  • Tolosaldea Garatzeneko merkataritza arduraduna
  • Nora Urbizu euskara eta kultur zinegotzia
  • Maite Arregi euskara teknikaria

Udal barruan ere bai
Administrazioa ere ESEP planaren baitan sartzen den arren, Villabonako Udaleko kideek bereizita landu dute arlo hori eta emaitza modura, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, lantalde osoak bat eginda ateratako argazkia argitara eman zuten Udalak. “Euskararen normalizazio plana 2013 urtean onartu genuen Villabonako Udalean, 2017ra artekoa eta plan hori garatzeko pausoak eman ditugu. Besteak beste, Udalaren izena euskara hutsez jartzea. Oraingoan, Udaleko langileen atxikimenduarekin normalizazio plan horrek jasotzen duena laburbilduz, liburuxkak egin ditugu, ahozko erabileran nahiz idatzizkoan zein hizkuntza irizpide jarraitu behar duten zehaztuz”, azaldu dute. Herritarrak Udalean euskaraz artatuak izateaz gain, urtarriletik aurrera, eskaera idatziak nahiz haien erantzunak euskara hutsez egin eta jasotzeko aukera ziurtatu nahi dute; orain artean, erantzunak behintzat elebitan bideratu baitira. “Dekretuak eta hainbat eskaera legez elebitan egin behar dira, baina ezberdina da herritarrengana nola zuzentzen garen. Villabonako Udala haiekin euskara hutsez aritzea nahi duten herritarrei erantzuten saiatuko da. Denborarekin lortuko dugu”, gogoeta egin  du Norak. “Irudi korporatiboa zaintzen ere ahalegindu gara eta langile bakoitzak herritarrei haiekin euskaraz lasai egiteko mezua biltzen duen mahai gainekoa izango du aurrerantzean”, aurreratu du Maitek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!