Txikitatik izan du baserriarekiko lotura Josuk Igeldon eta izugarri erakartzen du baserriko bizimoduak, “baserrian hazi nintzen eta umetatik gustatu zait baserriko giroa. Dudarik gabe umetan ikusitakoa barruan geratzen da”, azaldu du. Mirarik, berriz, baserriarekin zuzen-zuzeneko lotura ez izanagatik, ama eta familiako kide ugari artzainak ditu eta oso gustuko ditu animaliak. Baserri giroko ohiturak berreskuratzeko nahiak bultzatuta, beraz, alokairuan hartzeko baserriaren bila hasi eta Asteasuko aukera sortu zitzaien. “Izugarri gustatu zitzaigun Elorrieta baserria. XV. mendekoa izanagatik, oso ondo zainduta dago eta bertara etortzea erabaki genuen”, azaldu du bikote gazteak. Baserrira etorri eta animaliak hazteko ilusioa zuten. Bada, dagoeneko, familia zabala osatu dute: 2 euskal txerri, 2 txerri vietnamdar, ahate korrederoak, indioilarrak, antzarak, oilo eta txitak, katua edota mastin txakurra dituzte. “Epe laburrean hiru arkume jarri nahi ditugu, –bi eme eta ar bat–, amari esnea hartuta, geronek hazteko. Kapritxo hori ere badugu”, azaldu du Mirarik, etxean beti ardi artean ohituta. Animaliek bizipoza sortzen dutela diote eta etxe ingurukoaz gain, lursail gehiago balute, oraindik eta animalia gehiago ekarriko luketela, tartean baita monturako behorra ere.
Animalien artean, gustura
Elizmenditik barrena igarotzen den edonork, hegazti mordoa ikusiko du Elorrieta baserriaren oilategi inguruan, zelaian gora eta behera. Egunez oilategitik kanpora ibiltzen baitira txerriekin batera. Iluntzean, ordea, bakoitza bere txokora etxeratzen da: hegaztiak oilategira eta txerriak ukuilura. “Xoxokako baserri batetik ekarri genituen hegaztiak, animalia asko hazten dituen familiaren etxetik. Euskal txerriak topatzea gehiago kosta zitzaigun, baina Aiatik ekarri genituen azkenean”, aipatu dute. Kasu honetan, lehen aldiz hazi dituzte indioilarrak Asteasun, gutizia gisa probatzeko ekarrita. Nahikoa zalapartatsuak izateaz gain, beti jateko prest daudela adierazi dute irribarretsu eta Eguberri bezperan dastatuko dituztela etxekoekin batera. Izan ere, eurentzat eta familiako kideen artean banatzeko hazten dituzte animaliak, kanporako asmorik gabe. “Urtean behin txerria hildakoan, esaterako, mahaiaren bueltan etxekoekin bildu eta gure artean hazitakoa elkarbanatzea gustatzen zaigu”. Era berean, modu naturalean edo inkubagailu bidez sortzen dituzte gerora euren artean hazten dituzten txitak. Eta, dudarik gabe, etxeko arrautzak dastatzen dituzte.
Igeltseroa da lanbidez Josu, sukaldaria Mirari; laneguna amaitutakoan, gauza ederra da haientzat baserrira etorri, animalien jarrerak ikusteko tartea hartu eta jatekoa ematea. Gozatu egiten dute. Zalantzarik ez dute, “aukera balego, lana utzi eta baserritik bizitzea gustatuko litzaiguke, baina oso zaila da hori gaur egun”, azaldu du Josuk.
Elorrieta, historia luzeko baserria
Baserriko bizimodura egokitzea ez zaie batere zaila egin, nahiz eta Mirarirentzat jauzia izan den kale etxetik baserrira etortzea, “nork esango zuen ondoan txerriak izango nituenik…”, gogoeta egin du. Baina, Josuk azaldu bezala, garbi daukate halako baserri eta ukuilua animaliak edukitzeko aprobetxatu behar direla. Baserrira ez ezik, erraz egokitu dira Asteasu herrira ere, “jende jatorra aurkitu dugu Asteasun. Bizilaguna bera ia familiakotzat hartzen dugu dagoeneko, oso ondo zaintzen baikaitu. Baserri ingurutik pasatzen direnek ere agurtu egiten gaituzte eta asko eskertzen da herri txikietako ohitura hori”, nabarmendu dute. Aipatu bezala, XV. mendean eraikitako baserria da Elorrieta, historia luzea duena. Baserriaz gain, kokalekua bera oso ederra dela uste dute bertako bizilagun berriek, argitsua eta eguzkitsua delako. “Uda partean luxua da hemen bizitzea, kanpoan egiten baitugu bizimodua. Negua baserrian bizitzeko sasoi gogorragoa da, baserriko harrizko paretak hotzak baitira. Hala ere, sukaldeko sua piztuta nahiz berogailuen laguntzaz epel mantentzen dugu baserria”, azaldu dute. Asteasu herri txikia izanagatik, ekintza ugari antolatzen dela konturatuta daude dagoeneko, “beti izaten da zer edo zer: ziklokrosa ez bada pilota txapelketak…”. Dudarik gabe, gustura bizi dira bertan.
Orburuen zain
Animaliez gain, baratze polita izan zuten etxe ondoan udan zehar eta emaitza ere halakoxea izan zen, “denetariko barazkiak jaso genituen eta arrautzak bezalaxe, etxeko barazkiak ezin dira kanpokoekin alderatu. Askoz ere freskoagoak dira”. Neguko baratzea gehiago landu nahi bazuten ere, ez dute horretarako nahi adina aukerarik izan; laneguna amaitu, animaliak zaindu eta oso azkar iluntzen duela kontuan hartuta, motz geratzen baitzaie eguna. Hala ere, udan ereindako orburu edo alkatxofak jasotzeko zain daude orain. Itxura ederra dute!