OSI izeneko modelo berria urtarriletik aurrera jarriko da martxan: “Hilabete barru modelo berria sartuko da. Gobernuak argi eta garbi esan du hori dela osasuna kudeatzeko modurik onena, baina diru publikoari kudeaketa pribatua eman nahi diote, etekinak ateratzeko”, salatu du Aranzegik.
Andoainetik Legorretarako biztanleen erreferentziazko ospitalea Asuncion klinika da, baita andoaindarrena ere. Beraz, orain arte Donostiako ospitale publikora joaten baziren ere, hemendik aurrera eskumen hori kendu eta Tolosara etorri beharko dute: “Oraintxe Andoaingo biztanleek Tolosara etorri beharko lukete, kontua da orain arte egindako borrokarekin lortu dela Donostiako aukera mantentzea. Herritarrek pentsatu dezakete egoerak berdin jarraitzen duela, baina laister etorriko dira malkoak eta burukominak, ezingo baitute hara joan”, dio Aranak.
Andoaingo kasua gozoki pozoinduarekin alderatu du Javi Aranak eta herrian jarritako espezialitate-kontsultategia herriaren onurarako dela dirudien arren, guztiz aurkakoa dela adierazten du. Osasuna pribatizatuta, Andoainen langile gutxiago eta egoera okerragoetan egongo direla azaldu du, ondorioz, herritarrek jasoko duten atentzioak okerrera egingo duela adieraziz: “Andoainen, adibidez, egon dira jubilatutako espezialistak lanean edo espezialitaterik gabeko medikuak. Horrelako egoerak egongo dira pribatizazioarekin, diru gutxiago gastatu nahi dutelako beren langileetan”.
Andoain, osasunaren alorrean, Tolosaldean kokatzen da; beraz, eskualdeak dituen baldintza berak edukiko ditu. “Manifestaziora etor daitezen dei egiten diegu andoaindarrei, gure egoera berean daudelako”, diote TOPAko kideek.
Manifestazioa abenduaren 13an izango da, larunbat honetan, Tolosako Trianguloatik abiatuko da eguerdiko 12:00etan.