Kontabilitate erregela zehatza erabiltzera behartzen gaitu Espainiako Gobernuak, iazko gastua erreferentziatzat hartuta”, dio Urnietako alkate-ordeak. Baikor izatera, Urnietak aldagai positiboak badituela nabarmendu du: “Udaletxearen egoera ekonomikoa ona da, ia zorpetzerik gabekoa. Zorpetze hori gainera interesik gabekoa da”. Gauzak horrela, eta industrigune handirik ez duenez, sarrera eta gastuen arteko oreka egonkorra da. Etorkizunera begira, urtez urte inbertsio ahalmena handituz doa. Aurtengorako milioi bat euro aurreikusi dute herrian zehar hobekuntzak egin ahal izateko.
Udala azken urteotan diru kopuru handi samarra gordetzen ari da egitasmo handietarako. Ia bost milioi eurokoa da kopuru hori, kantitate polita. Maribel Vaquerok aurreratu duenez, gobernu taldeak oposizioko alderdien oniritziarekin partida hori zertan inbertitu erabakitzeko partaidetza prozesua abiatuko du. Kiroldegiaren eraberritzean edota Idiazabal kaletik San Juan plazara iristeko igogailuan inbertitzeko erabili ahal izango da.
Aurrekontu proposamen zehatza egin duzue 2015erako. Zer falta da oposizioko alderdiren batek oniritzia eman eta aurrekontuak onartzeko?
Maribel Vaquero. Abenduaren bian amaitu zen proposamenak aurkezteko epea. Bilduk dagoeneko adierazi digu eurentzat lehentasunezkoa zer izan behar duen. Haien ideia nagusiak jaso ditugu.
Alderdi sozialistak oraindik ez dizkigu proposamenak helarazi. Bilera bat egitekoa dugu, hainbat galdera egin nahi dituztelako. Beharbada galdera horiek erantzun ondoren proposamenak egingo dituzte, edo ez. Nabarmendu nahiko nukeena da prozesua makal doala.
Denak ere, egia esatera, aurrekontuak dituen mugaz jakitun dira.
2015eko Udal aurrekontuetan onarpenik ez izatea ezustekoa izango zen, orduan?
M.V. Gaur gaurkoz ez dut aurrekontuaren luzapenik aurreikusten. Horretarako lan egiten ari gara, aurrekontu berria aurkezteko.
Nik beti defendatu dut agintaldi berrirako aurrekontua onartuta uztea onuragarria dela.
Epe erdira Urnietan egitekoak diren inbertsio handiak aipagai dira. Horiek zehazki noiz ikusiko ditu herritarrak bere begiekin?
M.V. Kiroldegiaren edota igogailuaren kasuan, aurreproiektuak landuta daude. Baina egitasmo horiek proiektu bilakatu behar dira. Igogailuaren inbertsioa milioi bat eurokoa da. 2015ean proiektua onartuko balitz, beharbada 2016an lana amaituta egongo litzateke. Kiroldegiaren lanak beharbada atalka egin daitezke. Beharbada egitasmo hori garatzea zailagoa izango da, erabiltzaileen iritzia garrantzia handikoa izango baita. Horretarako osatzen ari da kirol mahaia.
802.000 euro bideratuko dira Gizarte Zerbitzuetara. Maroto Gasteizko alkateak auzitan jarri ditu RGIa bezalako laguntzak. Zer esango zenioke iritzi berekoa den herritarrari?
M.V. Lehenengo eta behin informazio zehatza erabiltzea eskatuko nioke. Esames asko zabaltzen dira horrelakoetan eta kasu askotan gezurretan dabiltza. Ez zait politikoki zuzena iruditzen boto batzuk eskuratzeko gai horiek erabiltzea. Seriotasun gehiagorekin hitz egin beharko genuke gai hauetaz, eta bereziki ez dezagun gai hori atzerriko komunitate zehatzen aurka erabili.
Urnietak badu gauza on bat, Udal kontuak ondo kudeatu direla.
M.V. Azken agintaldietan eta alkate ezberdinen aldetik joera hori nabarmendu da. Zuhur jokatu da, beharbada zuhurregi. Udala ez da bere ahalbideen gainetik ibili. Bere aukeren arabera ibili da beti, eta hori oso garrantzitsua izan da. Joera hori berdina izan da alkate ezberdinekin, gainera. Jokabide hori eskertzekoa izaten ari da ekonomia hain estu dabilen garai hauetan.