Argentinako kereila hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 10a, 18:23

Frankismoaren krimenen aurka Argentinan ireki den kereila izan zuten hizpide joan zen asteartean Basteron. Andoaingo frankistak eragindako biktimen alde diharduen “Oroituz, Andoainen” elkarteak antolatu zuen ekitaldia, giza eskubideen nazioarteko egunaren bezperan. Felipe Izagirre, Josu Ibargutxi, Agustin Plaza eta Jose Luis Martinez Ocio izan ziren parte hartzaileak:

Felipe Izagirrek eta Josu Ibargutxik Franco bizi zela atxiloketa, torturak eta kartzelan urtetako egonaldia ezagutu zuten. Beste biak zaurituak izan ziren 1976ko martxoaren 3an Gasteizko gertakizunetan; gainera, Martinez Ocioren kasuan, anaia bat hil egin zuen poliziak.
Argentinan Maria Servini epailearen aurrean deklararatu duten Estatu espainiarreko biktimen artean daude laurak ere. Gogoan izan, oraingoz, Argentinako epaitegietatik Muñecas eta Pacheco poliziak eta hemeretzi buruzagi frankista (Martin Villa tartean) inputatu dituztela; Argentinako epaileek Espainiako epaitegiei eskaera luzatu diete inputatu horiei deklarazioa har deiezaioten.
Josu Ibargutxik adierazi zuen Argentinako epaitegietara jotzea beste erremediorik ez zaiela geratu frankismoaren biktimei, egia eta justizia eskatzeko. Gehitu zuenez, "Espainian Franco hil ostean frankismoaren estatu aparatuek erabateko inpunitatea lortu zuten Trantsizioa deitu zitzaion prozesu politikoari eta 1977ko amnistiaren legeari esker". Milaka militante erail eta desagertuak zituzten ezkerreko bi alderdien (PSOE eta PCE) eta nazionalismo euskaldun eta katalanen elite politikoak joko horretan sartu ziren, Ibargutxiren ustetan. Bere esanetan, munduan diktadura sufritu duten herrialdeetatik, soilik bi kasu ezagutzen dira egia eta justiziari uko egin diotenak: Kanbodia eta Estatu espainiarra. Hain zuzen, herrialde horiek dauzkate, egun, desagertu kopururik handienak.

Gasteizko sarraskiaren lekuko
Agustin Plazak Gasteizko gertakizunen inguruko kontakizuna egin zuen. Langileen lan baldintzak hobetzeko, asteetan Gasteizko langileak mobilizatu egin ziren 1976ko martxoan. Gasteiz ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen Estatu espainiarrean, erregimenarekin amaitzeko borrokan. Hori garbi ikusi zuen gobernu frankistak; "ez zuen adibidea estatu osora zabaltzerik nahi, eta horrexegatik oso gogor kolpatu zuen. Poliziek langileei nahita utzi zieten asanblada egin zezaten elizan. Beren helburua, handik denak indarrez aterarazi, eta mina eta eskarmentua eragitea izan zen".  
Fraga eta Martin Villa orduko hilketen erantzule politiko gisa jo zituen. Aldi berean, bi salaketa zehatz egin zituen; bata, Fragari Madrilgo kongresuak eskaini zion agur beroa; eta bestea, orain gutxi Iñaki Oiartzabal PPko buruzagiak egin dituen adierazpenak, 1976an poliziek biolentoak setiatu egin zituztela eta beste erremediorik ez zutela eduki adieraziz. Sutsu eta baikor agertu zen: "Nahikoa da inpunitatearekin! Frankistek denek epaitegietan amaitu behar dute, eta horretarako kereilarekin jarraitu behar dugu! Borroka hau irabazi egingo dugu!".

Elizgizon baten testigantza
Felipe Izagirre urnietarra frailea izan zen frankismoan, eta 1964an Arantzazutik irten ondorengo bizipen pertsonalak kontatu zituen, Zamorako apaiz-kartzela liburuan jasota daudenak. "Elizgizon askok herriak jasaten zuen errepresioa ikusten genuen, eta kristau bezala borroka bidea hartu genuen; eliza barruan; herriarekin konprometituta jardun behar genuela argi geneukan". Eibarko goardia zibilen kuartelean zein Donostian jasan zituen tortura gogorrak deskribatu zituen, eta atxiloketaren ondoren Zamorako kartzelan beste hainbat euskal apaizekin batera egindako egonaldia ere azaldu zuen. Hala garai hartan nola egun Argentinako kereilan parte hartuz, antzeko eginkizuna bete nahi duela aitortu zuen: "Elizaren erakundeak frankismoarekin erakutsi zuen konplizitatea salatzea".

Kereilara batzeko deia
Mahai-ingurua osatu zutenek Andoaingo herritarrei deialdi berezia luzatu zieten: "Frankismoan, 1936tik aurrera giza eskubideen aurkako urraketaren bat jasan baduzue, edo eta senideren bat baduzue, sar zaitezte kereilan. Eman ezazue urraketa horiei buruzko testigantza; horretarako, nahikoa duzue herrietan jarduten duten elkarte memorialistei laguntza eskatzea".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!