“Normaltasunez hartu dute lehendakaria emakumea izatea”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 10a, 10:44

Gurutze Santu elkarteko lehen emakume bazkidea izan zen Garbiñe Agirre.
Zuzendaritza batzorde berria sortu zenean, berak hartu zuen elkarteko lehendakari postua.

Gurutze Santu elkarteko lehen emakumezko lehendakaria zara. Nola sortu zitzaizun aukera hori?
Bi urtez behin egiten dugu batzorde aldaketa. Garai batean borondatezkoa zen zuzendaritza batzordean parte hartzea baina egun, elkarteko estatutuek jasotzen dutenez, bazkide guztiok pasa behar dugu batzorde horretatik. Talde ezberdinak osatu genituen eta talde guztiek izango dute, noizbait, zuzendaritzaren ardura. Gure taldeko kideok otsailean hartu genuen elkarteko zuzendaritza. Taldekideek proposatu zidaten lehendakari postua hartzea eta ez nuen zalantza gehiegirik izan. Emakumearen bisibilitatea arlo guztietara zabaltzen joatea beharrezkoa dela iruditzen zait eta aurrera egin nuen. Emakume bat elkarteko lehendakari izatea pauso txikia da, baina hau ere eman beharrekoa zen. Taldekideek ere barneratuta dute emakumeen bisibilizazioaren beharra, eta iruditzen zait horregatik egin zidatela proposamena.

Otsailean egingo duzu urtebete lehendakari postuan. Tarte horren zein irakurketa egiten duzu?
Oso eroso sentitu naiz. Zuzendaritza taldean oso giro ona dugu eta horrek asko errazten du dena; normaltasun osoz aritzen naiz. Hala ere, mundu berria da niretzat. Kultur elkarteen barne-funtzionamendua ondo ezagutzen dut, baina elkarte gastronomikoetako eguneroko martxa oso ezberdina da; garbitasuna zaintzea, edariak eta bestelakoak ekartzeaz gogoratzea, jendeak faltarik ez egitea... Mundu berria da niretzat eta pixkanaka ari naiz ikasten. Gure elkartean, bi urterako hartzen dugu zuzendaritzaren ardura. Luze dirudi, baina beharrezkoa da bi urtetako tarte hori edukitzea lanari jarraipena eman ahal izateko. Nolanahi ere, lotura handia da astero-astero bilera egin beharra. Horregatik, oso garrantzitsua da giro onean aritzea.

Gurutze Santu elkarteko lehen emakumezko bazkide izan zinen. Nolakoa izan zen 2007an emandako pauso hori?

Gure elkarteko bazkide guztiak gizonezkoak izan dira beti, 1956an sortu zenetik. 2006an, urteurreneko ospakizunak antolatu zituzten eta horrez gain, elkartea berritzeko lanak ere egin zituzten. Estatutuak ere berritu behar zituztenez, bazkide izateko eskaera egiteko aukera ona zela iruditu zitzaidan. Garai hartako zuzendaritza taldearekin hitz egin nuen eskaera egiteko. Badakit zalantza batzuk izan zituztela, gaia bazkideei aurkezteko garaian, ez zekitelako zenbait bazkidek nola hartuko zuen proposamen hura. Baina uste baino naturaltasun handiagoz hartu zuten. Batzar berezia egin zuten eta baiezkoa eman zidaten, gehiengo nagusiz. 2007an egin nintzen elkarteko bazkide. Bi edo hiru urtez emakumezko bakarra izan nintzen eta gaur egun, lau gara. Oraindik ere, gizonezkoak dira erabiltzaile gehienak eta hori nabaritu egiten da. Pixkanaka, ordea, geroz eta gehiago izango garela uste dut. Lehenengo pauso hura emanda, emakume batek lehendakari kargua hartzea normaltasunaren barnean sar daiteke eta bazkideek ere horrela hartu dutela iruditzen zait.
2007an oraindik ere emakumeak bazkide gisa onartu edo ez eztabaidan sartuta ibiltzea harrigarria gerta daiteke zenbaitentzat. Elkarte berriagoetan, sorreratik beretik onartu zituzten emakumeak bazkide gisa, baino tradizio handiagokoetan, oraindik ere eman beharreko pausoa zen. Andoaingo elkarteren batean oraintxe ari dira gai honen inguruko eztabaidan.

Nola hartu zintuzten gainerako bazkideek?
Orokorrean, oso ondo. Badakit bajaren bat edo beste izan zela aldaketa hura zela eta, baina ez zen oso esanguratsua izan. Egunerokoan ez dut nirekiko jarrera desegokirik inoiz nabaritu izan. Adintsuenek ni bereziki zaintzeko joera izan dute, oso jarrera onarekin. Gauzak non dauden azaldu, elkartearen funtzionamendua erakutsi... Orain, lehendakari kargua hartzeak txantxaren bat edo beste ekarri du, baina minik egiteko inongo asmorik gabe eta umore onez.

Lotura handia duzu Gurutze Santu elkartearekin...
Bai. Nire aita zena elkartearen sortzaileetakoa izan zen. Garbi nuen noizbait elkarteren bateko bazkide izatekotan, Gurutze Santukoan izango zela. Elkartea sortu zenean, ez zitzaien burutik pasa ere egin emakume bat elkarteko kide izan zitekeenik. Izan ere, emakumeak ez ziren elkartean sartzen, Santakrutz jaietan izan ezik. Pixkanaka, emakumearen presentzia geroz eta handiago izaten hasi zen, baina bazkide izan gabe; 2007ko aldaketa hura iritsi zen arte. Elkartea sortu zuen talde hura ezagututa, ziur nago gaur egun ez luketela arazorik jarriko hori horrela izan zedin. Are gehiago, 1964an emakumeen lehendabiziko danborrada sortu zuten elkarteko kideek; jarrera irekia izan zuten.

Zein asmo nagusi du elkarteko zuzendaritza taldeak?
Oso talde jatorra dugu eta giro onean ari gara lanean. Asteazkenero biltzen gara eta eguneroko lanetan murgilduta gabiltza. Aurrekoek egindako lanarekin jarraitzea da gure asmoa, elkartea egokitzen eta txukuntzen, erabiltzaileentzat erosoa izan dadin eta baita bazkide berrientzat erakargarria ere. Eguneroko lan horien artean daude, besteak beste, hondakinen birziklatzea, sukaldeko zoruaren irristagarritasuna konpontzea eta insonorizazioaren ondorioz barruan sortzen den zarata konpontzea.
Lehenengo bi arazoak konpondu ditugu dagoeneko: geroz eta hondakin gehiago birziklatzea lortzen ari gara eta sukaldeko arazoa ere konpondu da, zoruan emandako produktu bati esker. Zarataren kontuari ere aurre egin nahi diogu, baina momentuz, egunerokotasunean sortu diren arazo txikiei konponbidea ematen aritu gara.

Nola ikusten duzu elkartearen etorkizuna?
Elkartea indartsu dago, belaunaldi batek hurrengoari lekukoa ematen dio. Gurasoak jubilatu ondoren, seme-alabak sartzeko aukera ematen delako. Hala ere, oraindik ere badugu lekua jende berria sartu ahal izateko. Asteazkenero, arratsaldeko 19:30etan biltzen gara zuzendaritza elkarteko kideak eta norbaitek elkartea ezagutu nahiko balu, bertara gerturatu besterik ez luke egin behar. Bazkide berrien sarrera errazteko, gainera, baldintza ekonomikoak aldatu egin genituen duela bi urte.

Herriari begira, zein ekitaldi antolatzen du Gurutze Santu elkarteak urtean zehar?
Gure elkartea beti egon izan da Santakrutz jaiei oso loturik. Garai batean, elkartearen ardurapean zegoen jai horien antolaketa osoa. Aurrerago, jai batzordea zabaldu egin zen. Elkartearen presentzia garrantzitsua da oraindik ere jaietan, baina beste modu batera. Larunbateko danborrada, esaterako, jaietako erreferentzia da eta elkartea jaiguneraren erdian kokatua dagoenez, ateak irekita egoten dira jaietako larunbatean, baita bazkide ez direnentzat ere.
Nolanahi ere, gure artean badabil hausnarketa hori ere. Elkarteak herrian duen presentzia nola areagotu aztertzen ari gara eta ideiaren bat edo beste mahai gainean jarri dugu. Ea orain horiek bideratzen ditugun.


  • 1956
    sorrera
    Azaroaren 1ean sortu zen, Santa Krutz jaiak antolatzeko.
  • 1971
    egoitza
    1971ean ireki zutenelkartea Kale Nagusian. 2006an berritu zuten.
  • 100
    bazkide
    Gaur egun ehun dira.Bazkide izateko aukerazabalik dago.
  • 4
    emakume
    Bazkide guztien artean lau emakumezkoakdira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!