Larunbatean hasiko da III. Antton Pebet memoriala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 5a, 11:15

Larunbatean goizeko 11:00tan hasiko da aurtengo III. Antton Pebet Memorialeko lehen jaialdia. Final zortzirenetako bi partida jokatuko dira lehenik Lizaso-Erreka & Etxebarria-Santxez. Ondoren Ojuel-Martinez & Urretabizkaia-Imaz. Behar Zana pilota elkarteko kideek eman dute jokatuko diren lehen partiden berri:

Lehen partidan Behar Zanako bikote den Lizaso herritarrak eta Erreka ustariztarrak Etxeberria Gernikarraren eta Santxez astigarragarraren aurka jokatuko dute. Bigarrenek, Villabonako Santio jaietako txapelketa irabazi zutenez, aurtengo memorialerako zuzeneko txartela irabazi zuten.

Hasiera batetan faboritoak ere beraiek diren arren, partida irekia ikusten da izan ere, Errekak dominatzen badu, Lizasok ere bere aukera izan baititzazke. Bestalde, Santxez pilotari jotzaileak pilota gutxi galtzen badu Etxebarriak aukera asko izango du eta partidako gakoa hor egon daiteke. 

Bigarren partidan zeresan handia eman dezaketen bi bikote ditugu. Batetik, Ojuel hernaniarrak Martinez beratarra izango du bizkarzain eta bestetik Urretabizkaia ikaztegietarra eta Imaz oiartzuarrak jokatuko dute.

Ojuel, aurrelari biziak esperientzia handia du partida hauek jokatzen eta bere atzelaria nahiz eta oraindik jubenil mailakoa izan, maila izugarria erakusten ari da. Bikote esplosiboa osatzen dute eta espektakulua egongo dela ziurtzat jotzen da.

Beraien aurkariak ere ez dira makalak. Imaz atzelariak golpe bizia du eta urtetik urtera maila hobea hartzen ari da. Bere aurrelari Urretabizkaiak errematean asmatzen badu partida bere aldera erakar dezake. Partida irekia ikusten da nahiz eta lehenak agian faboritoagoak diren.

Partida hauetako irabazleak final laurdenetarako kanporaketarako sailkatuko dira.

Pilota jaialdi guztietan sarrera doakoa izango da eta honetan ere saski eder baten zozketa egingo da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!