Andoaingo elkarteen doinuak CD batean bilduko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 5a, 09:34

Andoaingo elkarte guztien doinuak biltzen dituen CDa grabatuko da laster, eta beraren aurkezpena egin zuten bultzatzaileek. Helburua Andoaingo 400.  urteurrenaren ospakizunei musikari lotutako ekarpena egitea da.  
Guztira, hamasei ereserkik osatuko dute CDa. Pasakalle moduan antolatu da doinu guztien grabaketa, eta Sorabilla auzoan kokatzen den Garate estudioetan egingo da.

Ereserkiak eta kronika:

Hamasei piezen konposatzailea den Joxe Mari Oiartzabal izango da zuzendari musikala, eta haren esanetara maila handiko musikariak jarriko dira. Gauzak horrela, makina bat instrumentuk edukiko dute tokia doinuetan: bi flauta, flautina bat, bost klarinete, bi saxo altu, bi tronpeta, bi tronpa, bonbardino bat, hiru tronboi, tuba bat eta hiru perkutsio. Musikariek gogo onez hartu dute egitasmoaren bultzatzaileek egin zieten gonbidapena, eta musutruk etorriko dira guztiak ere. Horrez gain, elkarteek ere protagonismo berezia hartuko dute grabaketan, bakoitzetik bi danbor eta kupel jotzailek ere parte hartuko baitute.
Azkenik, esan behar da Nerea Uraldek egingo duela CDaren diseinua. Grabaketa prozesua 2015eko otsailean asteburu bakar batean burutzea espero da. Bere aurkezpen ofiziala, berriz, apirilaren bigarren hamabostaldian egingo da, Santa Krutz jaien aurretik. Doinu guztiak interpretatzeko Gora Kaletxiki txarangaren eta elkarteetako danbor eta kupel jotzaileen laguntza izango dute.

Parte hartze zabala
Ekimenaren bultzatzaileak pozik agertu ziren asteartean egin zuten agerraldian. "Diskoan modu batera edo bestera parte hartuko duten guztiek (musikariek, elkarteek, diseinatzaileak....) erabateko prestutasuna agertu dute gonbidapena jaso ahala, eta benetan esker oneko sentitzen gara horiekin. Harro esan dezakegu herritarrek herritarrentzat egindako kultur ekoizpen polita izango dela eskainiko duguna".
Guztien jarrera abegikor horri esker diskoaren finantzaketa asko arinduko dela aurreratu zuten bultzatzaileek.
 
Grabaketa duin baten premia
Herriko hainbat kultur eragilek bultzatu dute egitasmoa. Beren esanetan, "Andoaingo herriak baditu momentu honetan hainbat abesti oso kuttunak direnak herritarrentzat. Eta horrexegatik, abesti horiek grabaketa duin baten beharra dute. 400. urteurrenaren ospakizunei ekarpen txikia bezain polita egingo diegula iruditzen zaigu. Etorkizunari begira ere, Andoaingo kultur ondarea aberastuko du, eta herritarrek nahi dutenean CDarekin goza dezaten balioko du".
Agerraldian adierazi zutenez, ideia izan bezain pronto, ekimena Andoaingo Udalari aurkeztu zioten: "Udal ordezkariei ekimena uztailaren 15ean aurkeztu genien. Ideia ona zela esan ziguten, baina bi edo hiru urte barru agian aurrera eramateko prest agertu ziren. Beraien asmoa disko formalago bat finantzatzea da musika eskolako bandaren, txistulari taldearen, elizako organoaren edota abesbatzen parte hartzearekin”.

ELKARTEAK

Hamairu elkarteei dagozkienak dira:
• Agustin Leitza.
• Hogar Extremeño.
• Karrika.
• Olagain.
• Ontza.
• Zumeatarra.
• Batzokia.
• Errekaburu.
• Irunberri.
• Ongi Etorri.
• Kotoi.
• Andoaindarra.
• Santa Krutz peña.

Hiru kantu gehigo:
• Andoaingo ereserkia.
• Gora Kaletxiki.
• Fernando Uribesalgo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!