Haur, gazte eta helduen soinetan ibili ziren Andoaingo merkatarien arropak. Era guztietakoak jantzi zituzten: pijamak, kirol arropak, haur, gazte eta helduentzako kalerako arropak… Baita 2015era begirakoak ere; batetik, Korrika 19koak eta bestetik, Andoaindarrak 400 ekimenekoak. Musikak lagunduta, eskailerak eta oholtza pasarela bihurtu, eta bertaratu zirenen txaloez lagunduta erakutsi zuten soinean zutena.
Parte hartze handia izan zen, bai ikusle aldetik bai eta modelo aldetik ere. Izan ere, ekitaldia baino lehen ilara luzea zegoen Basterora sartu zain, eta eserlekuak betetzeaz gain, oholtza ere bete zuten modeloek, guztira 40 lagun inguru aritu baitziren. Horiez gain, Katramila antzerki taldeak ere parte hartu zuen, eta andoaindarrek Euskara ahoan eta herrian erositako arropak soinean ibili beharko lituzketela adierazi zuten beraien antzezpenen bidez.
Ekitaldia guztiz borobiltzeko, “Andoaindarrak Izar” talentu lehiaketan lehenengo eta bigarren postuan sailkatu zirenek ostiraleko finaleko ikuskizuna errepikatu zuten. Hala, Oihan Irastorzak hip-hop estiloan dantzatu zuen. Bakartxo Arabolazaren funky ikasleak ere dantzan aritu ziren.