Nola aldatu da merkatarien egoera azken urteetan Urnietan?
Iñigo Martinez. Gaur egun, badakigu egoera nolakoa den. Denda batzuk ireki dira, baina oraindik ezer gutxi. Urnieta Buruntzaldean merkatalgune gutxien duen herria da eta dentsitate komertzialari dagokionez, batez bestekoaren azpitik dago. Enpresa berriak sortzea nahi dugu; hori dela eta, On Biziko elkarteak eragile izan nahi du Urnieta osoan.
Abenduaren 15etik 20erako “Bezeroaren Astea” antolatu duzue. Zer egingo duzue?
I.M. Helburu bikoitza du; batetik, On Bizi ezagutzera ematea. Izan ere, Urnietako komertzioa sustatzen saiatzen den elkartea da eta hori ezagutu egin behar dute herritarrek. Bestetik, berezoa fidelizatzea lortu nahi da. Horretarako, On Bizi elkartearen baitan dauden komertzioek sariak banatuko dizkiete erosleei, “Rasca y gana” antzeko txarteltxoen bidez. Opari dezente egongo da eta egutegi pertsonalizatu bat ere emango zaie. Gertutasuna eskaini nahi dugu; hor gaudela erakutsi, dendariak eta merkatariak existitzen direla jakinarazi, tratu berezia eman bezeroari…
Zergatik da horren garrantzitsua bezeroa fidelizatzea?
I.M. Erosketa esperientzia bat da: bezeroak tratu ona bilatu nahi du, aholkuak jaso nahi ditu..., eta guk hori eskaini behar diegu. Bezeroa fidelizatzea ezinbestekoa da erosketa errepikatzea nahi bada. Bezeroak tratu ona jaso badu eta kalitatezko produktuak eman badizkiogu, berriro itzuliko da erostera. Bezeroari sentsazio ona transmititu behar diogu eta ezin dugu bezerorik galdu; orain ditugunak zaintzeaz gain, gehiago lortu behar ditugu.
On Biziko kide ez direnei kosta egiten zaie elkartera hurbiltzea, behar-beharrezkoa denean merkatarien indar metaketarako.
I.M. Bai, gainera, datorren urtera begira zerbait egin nahi dugu. Bazkideak ez direnekin egon behar dugu On Biziren nondik norakoak azaltzeko: nondik gatozen, zer ari garen egiten, zein abantaila dituen… Komertzio horiei erakutsi behar diegu gero eta jende gehiago, orduan eta laguntza gehiago jasoko ditugula eta ekintza bateratuak ere egin ditzakegula Urnietako dendak eta merkatalguneak dinamizatzeko.
Merkatarien artean interes ezberdinak egongo dira: tabernarienak, dendarienak… Zein dira dituzten interes berberak?
I.M. Guztiak, modu batera edo bestera, saldu egin nahi dute. Komertzioak dira, baina finean, enpresa txikiak dira eta ondorioz, prezio baten truke egiten dute lan. Garrantzitsua da guztientzat Urnietako merkataritzak etorkizun bat izatea.
Muazpi harategiko Pello Urretabizkaiak dio herria hazten ari den heinean, merkataritza sektorea handitu beharra dagoela. Zuk igarriko al zenuke zein negozio behar diren Urnietan?
I.M. Bai, arropa dendak falta dira. Sektore hori oso kritikoa da, konpetentzia handikoa. Izan ere, merkatalguneetan enpresa handiak eta frankiziak daude eta horien aurka lehiatzea oso zaila da. Bestalde, elektrotresnekin ere konpetentzia handia dago eta horrelako dendak oso urriak dira herrian.
Era berean, badaude indartsu dauden sektore batzuk: frutadendak, harategiak, janari-dendak… Eguneroko kontsumokoak dira eta horiek tokia badute Urnietako merkatuan.