Esti Mujikak ordezkatuko du Aitziber Ugartemendia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 17:53

Aitziber Ugartemendiak zinegotzi karguari uko egin zion azaroko Udal batzarraldian, laster ama izango delako. Agintaldia amaitzeko hilabete gutxi geratzen da eta EH Bilduk Ugartemendiaren postua betetzeko Esti Mujika proposatu du. Dagoeneko Madrilgo hauteskunde batzordeari proposamena luzatu dio, eta haien oniritziaren zain daude.

Esti Mujika Tolaretxipi, soslaia:

Esti Mujika Tolaretxipi Andoainen jaio zen 1979. urtean eta euskalgintzari eta kulturgintzari loturiko famili ezaguneko kide da. Udal gobernu taldeak gogora ekarri duenez, Mujikak “eskarmentu handia du kultur alorrean; Lehen Hezkuntzan diplomatua izateaz gain, piano irakasle titulua du eta gaur egun musikoterapiako graduondokoa egiten ari da”. Gizarte mailan, “Axeri dantza taldeko kide da eta euskalgintzan euskararen sustapen lanetan aritutakoa da”.

Ugartemendiaren agurra
Aurreko osteguneko Udal batzarraldian oposizioko alderdi guztietako kideek agur beroa eskaini zioten Aitziber Ugartemendiari.

Azaroko Udal batzarraldiaren kronika
Azaroaren 25eko Udal batzarraldian Joakin Larreta etorbideko maldak, Eskola kalean eta Txistoki bidegurutzean kokaturiko edukiontziak eta suzirien erabilerak eragin dezakeen arriskua eztabaidagai izan ziren. Aitziber Ugartemendiak uko egin zion zinegotzi karguari; Esti Mujikak hartuko du bere ardura. 
Euskararen egunerako alderdi guztiek adierazpena onartu zuten, aho batez. PPko zinegotzi Guerrak adierazpenean agertzen ziren bizpahiru esaldirekin ez zela ados aitortu zuen, baina aldi berean gai honetan batasuna agertzea lehenetsi zuen: "ez da egokia euskararen kontura alderdien arteko borroka nagusitzea, eta beraz, alde bozkatuko dut". Aldi berean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluari herri intereseko izendapena ematea aho batez onartu zen.
Etxebizitzen etxabe edo beheko lokalen erabilera arautzeko ordenantzak ere alderdi guztiak batu zituen.
Udal batzarraldiko eztabaida saioa EAJk eta PSE-EEk proposatutako hiru mozioek eragin zuten.

EAJ-PNVko Udal taldeak bi mozio aurkeztu zituen hirigintzarekin lotutakoak. Joakin Larreta kaleko malda eta euste-hormak daukan ezegonkortasun eta deformazioa konpontzeko diru partida jartzea eskatzen zuen lehenak. Eskaerak PSE-EE eta PPren babesa jaso zuen. Alderdien arteko lehenbiziko ika-mika eragin zuen mozioak: gestio txarra egitea leporatu zioten oposizioko alderdiek Udal gobernuari. Gobernuak oposizioari demagogiaz eta oportunismoz jokatzea leporatu zien.

EAJren bigarrengo mozioak, Bastero eta Eskola kale inguruan jarri diren edukiontzien kokapenarekin zuen zerikusia. Handik kendu eta leku aproposago batera eramatea eskatzen zuen, bizilagunen kexak eta segurtasun neurriak direla medio. Oposizioko beste bi alderdien babesa jaso zuen mozioak, berriz ere. Edukiontziak lekuz aldatzea inguruko teknikarien oniritziarekin erabaki zela eta Udalean apenas jaso dela kexarik ziurtatu zuen Ana Carrere alkateak.

Trintxerpen iazko Eguberrietan eraikin oso bat eraitsi zuten etxafuego bat teilatura jaurti eta gero. PSE-EEk aurkeztu zuen mozioan Udal gobernuari suzirien erabilera arautzeko neurriak hartzea eskatzen zen, iaz Kale Nagusiko zenbait bizilagunek agertu zuten kezka hizpide hartuta. Gogoratu behar da bizilagun horiek iazko Gabonen ostean idatzi batean suzirien erabilera pertsonentzat eta etxebizitzentzat arriskutsua izan zitekeela adierazi zutela. Mozioak bere baitan eskaera bikoitza jasotzen zuen: arautegia egitea eta herritarrei begirako sentsibiliazio kanpaina bultzatzea. Bilduko Udal-taldeak ezezkoa eman zion aurreneko eskaerari, araua egin ahal izatea Udalaz gaindiko erakundeen eskumenekoa dela argudiatuta. Baiezkoa eman zioten, ordea, bigarrenari; alderdi guztiak ados jarri ziren puntu horretan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!