Oihan Irastorza irabazle “Andoaindarrak izar” lehiaketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 17:50

Oihan Irastorza gazteak lehen saria jaso zuen joan den ostiralean ospatu zen "Andoaindarrak izar" lehiaketan. 15 urte ditu eta La Salle-Berrozpe ikastetxeko ikaslea da DBH4 mailan. Autodidakta da erabat dantza munduan, eta  gehienetan jendaurrean Uxue arrebarekin dantzatu ohi du. Arrebak lehiatu ezin zuenez, bakarka egitea erabaki zuen.

Elkarrizketa:

Zorionak, lehenengo eta behin!
Oihan Irastorza. Eskerrik asko!

Egunotan protagonismoa hartu duzu herrian...
O.I. Egia esan, Basteron bertan hasi zitzaidan jende piloa zoriontzen. Hurrengo egunetan kalean eta ikastetxean zoriondu ninduten. Lagunek whatsappa sutan jarri dute.
Pozik, beraz...
O.I. Noski! Baina ez eazu pentsa gehiegi emozionatu naizenik. Ez nuke nahi sariak burua nahasterik.

Nola deskribatuko zenuke egin zenuen dantza?
O.I. Batzuek funky dantza zela uste dute, baina benetan ezezagunagoak diren beste bi dantzen nahasketa egin nuen. Lehenbiziko partean, luzeena, popping-a egin nuen, eta azkenealdera, shffle-a.

Non ikasi duzu dantza mota hori?
O.I. Autodidakta naiz erabat. Interneten begira ikasten dut guztia. Lehiaketako dantzaren koreografia, berriz, egun bakar batean osatu nuen. Hemendik eta handik atera nituen pausoak, dena osatu arte azkenean.   
Etxeko sukaldean, mahaia bazterreratu eta bertan aritzen naiz entseatzen.

Jendaurrean maiz dantzatu al duzu?
O.I. Lauzpabost alditan besterik ez, ikastetxeak antolatu ohi dituen ikastaturteko festetan, Basteron. Normalean, Uxue nire arrebarekin aritzen naiz. Berak 19 urte ditu, eta ezin izan zuen lehiaketan parte hartu; horrexegatik aurkeztu nintzen bakarrik.
Etxean aritzen naiz, bakarka, niretzat. Aspertzen naizenean, interneten dantza estiloak begiratzen hasten naiz, eta horrela, nire kasara koreografiak osatzen ditut. Inspirazioa datorkidan egunetan, batik bat.

Oholtza gainean arin-arin jarduten duzu. Berezkoa al duzu ala kirolaria zara?
O.I.: Futbolean jokatu izan dut orain gutxi arte eta etorkizunean gimnasia egitea pentsatuta daukat, baina bestela, inoiz ez dut ezer berezirik egin behar izan arin mantentzeko. Berezkoa dela esango nuke. Aitak, txikitan, "saltibanki" bat nintzela esaten zidan!

Lotsa gutxirekin jardun ere, 500 pertsonen aurrean...
O.I.: Koreografiak ondo entseatzen ditut beti, eta horrek gauzak ondo aterako diren segurtasuna ematen du oholtza zapaltzera zoazenean. Gainera, ez naiz oso lotsatia.

Etorkizunean dantza mota horrekin sakontzen segi nahiko duzu, noski...
O.I. Beti dabilkit buruan estilo horretako dantzaria izateko ametsa, baina ez daukat txoririk buruan eta gozatzen segitu nahi nuke besterik gabe.  

Saioaren bideoa: Aiurri.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!