Haurrentzako IV. Gabon parkea, herrigintza eredu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 13:36

Atzo eguerdian, Haurrentzako IV. Gabon parkea aurkeztu zuten Villabonako udaletxean. Aurkezpenean, Galder Azkue alkateak, Aitziber Cenzano Oria merkatal elkarteko ordezkariak, Aiora Etxeberria Katea Gaztelekuko hezitzaileak eta Ana Rojas nahiz Elsa Cortes Gabon parkeko koordinatzaileek hartu zuten hitza. Aurkezpenean izan ziren Zubimusu ikastolako ikasleak ere. Guztiak bat etorri ziren Gabon parkea parke bat baino gehaigo dela esaten.

Bideoa

Gabon parkea billabonatarrek herrian kontsumitu eta merkataritza sustatzeko ekimen bezala sortu bazen ere, herrigintza eredu bilakatu dela nabarmendu zuen Galder Azkue alkateak atzokoan. Aitziber Cenzanok, berriz, Oria merkatal elkarteak Gabonetarako prestatu dituen ekintzen inguruan hartu zuen hitza eta, Behar Zana elkartearen errifekin, abenduaren 15, 16 eta 17an Oria merkatal elkarteko dendetan erosketak egiteko 200 euroko erosketa txartelak eta abenduaren 18an 500 eurokoa zozketatuko dituztela jakinarazi zuen. Horrez gain, urtarrilaren 8an 300 euroko lau erosketa txartel zozketatuko dituzte euren dendetan erosketa egiten duten bezeroen artean, guztira 1200 euroko saria. Haur parkea aukera paregabea dela ere azaldu zuen, “aurreko urteetan ikusi denez, ederki pasatzen dute haurrek. Helburua, gurasoek Gabonetako erosketa eta opariak herrian bertan egiten dituzten bitartean, haurrak gustura egotea da”. Herriko hainbat saltoki abenduaren 20 eta 21ean nahiz urtarrilaren 3 eta 4an opariak erosteko zabalik egongo direla ere argitu zuen.

Aiora Etxeberriak proiektu honen baitan Gaztelekuak izan duen papera azaldu zuen, “Katea etxea Gazelekua Villabonan nerabeentzat martxan dagoen zerbitzu hezitzailea da eta gure helburua nerabeak heztea denez, Gabon parkeko proiektuan parte hartzea garrantzitsua da ikuspegi hezitzaile horretatik. Parkean Erniobea ikastetxeko 4. DBHko ikasleak eta Zubimusu ikastolako 3. DBHkoak izango dira begirale eta gure lana bete behar duten begirale rol hori barneratzen laguntzea izan da eta hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoa izan da ikastetxeen papera, Gabon parkeko koordinatzaileen lana eta nola ez, begirale izango diren nerabeek proiektu honekiko erakutsi duten motibazio maila altua”. Gabon parkea prozesu baten ondorio da Aiorarentzat eta bertan parte hartuko duten nerabeek baliagarri izango zaizkien gaitasunak barneratzea izango da prozesuaren helburu nagusia. “Parke bat baino gehigo da guretzta Gabon parkea eta horren bidez esperientzia aberasgarriak jasoko ditugu bai antolatzaileok eta bertara gerturatuko diren familiek”.

Jarraian, Ana eta Elsa parkeko koordinatzaileek Bearzana pilotalekuan kokatuko den Gabon parkearen funtzionamenduaz azaldu zuten. 2-9 urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua izango da eta bi txokotan banatuko da: 2-3 eta 4-9 urteko haurrentzat.

Egunak

-Goizez: Abenduak 20 eta urtarrilak 5. Bi txanda: 11:00-12:30 eta 12:30-14:00.

-Arratsaldez: Abenduak 23 eta 26. Urtarrilak 2. Bi txanda: 16:30-18:00 eta 18:00-19:30.

Izen-ematea

Abenduaren 17 eta 18an (08:30-09:30) eta abenduaren 19an (15:00-16:30), Katea Gaztelekuan. Prezioa: 2 euro, txanda bakoitzeko (1.40 euro, familia ugariaren txartelarekin).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!