Andoaingo gazteen parte hartze prozesua partaideen ahotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 08:59

Andoaingo Udalak 16 eta 29 urte bitarteko herritarren artean parte hartze prozesua abiarazi zuen urrian, herriko gazteen beharrak ezagutu eta proposamenak jasotzeko.

Andoaingo Udalak gazteen ahotik jaso nahi izan ditu gazteriak dituen beharrak eta proposamenak. Horregatik, parte hartze prozesua martxan jarri eta hainbat bilera egin dira, gazteriaren egoeraren diagnosia egin, herriko beharrak identifikatu eta proposamenak emateko helburuarekin. Urrian hasi ziren biltzen, eta Udalak azken bilera azaroaren 19an jarri bazuen ere, prozesuak aurrera darrai. Hurrengo bilera eguna jarri dute jada: abenduaren 5ean Basteron elkartuko dira, 19:00etan.
Andoaindarrek hamaika behar dituzte; aisialdirako eskaintza, lana, etxebizitza..., baina guztien artean, argi azaldu dute arazo nagusiena gazteriaren sakabanaketa eta belaunaldien arteko harreman falta direla. Adinka oso sailkatuta daudela azaldu dute, eta adin ezberdinetako gazteak ez direla elkarrekin harremanetan jartzen. Horregatik, arazo horri buelta eman eta gazteak elkartuko dituen egun bat antolatu nahi dute.
Gazteak festaren inguruan mugitzen direnez, herriko gazteak piztu, elkartu eta aktibatuko dituen jai egun bat nahi dute. Festa eta gazteak izango dira protagonista, eta koadrila, kirola, musika, paellada eta antzeko elementuen nahasketarekin osatuko dute eguna. Ekintza horiek gazteak elkartu eta mugitzeko izango dira, profil ezberdinetako gazteak elkarlanean jarriko dituena eta, posible balitz, behin baina gehiagotan egingo dena.
Gainera, antolatzaileek gazteria guztiaren lagin txiki bat izatea nahiko lukete, adin eta inguru ezberdinetako gazteak elkartutako taldea izatea, alegia. Talde hori bileretan sortu da, baina taldea are irekiagoa eta zabalagoa izatea gustatuko litzaieke. Beraz, prozesu parte hartzaile honen bidez talde motore bat sortu da, aurrerantzean lanean jarraituko duena eta, ahal den neurrian, gazteen beharrak asetuko dituena; baina aurpegi ezezagun gehiago elkartzea eta ezagutzea amesten dute. Horregatik, abenduko bilerarako gazte gehiago gerturatzeko deia zabaldu dute. Denen artean egitaraua osatu eta egun hori antolatzea da xedea. Lehenik eta behin, ingurukoen iritzia kontuan hartuta ideia guztiz finkatuko dute, egitaraua osatu eta gauzak lotu ahala, egunean parte hartzeko deia zabalduko dute.

Maddi Etxeberria
“Guk proiektuan sinesten dugu”

Zer iruditu zaizu Udalak abian jarritako parte hartze prozesua?
Hasieran, prozesu honetan jende gehiago egotea espero nuen; izan ere, gazteen ahotik etengabe entzuten da Andoainen ez dagoela ezer egiteko, gazteria hilda dagoela, ez dagoela bizirik kalean… Baina honek erakutsi du, kexatu arren, ez zaiela axola eta ez daudela prest horri buelta emateko. Dena den, prozesua aurrera joan ahala, gure helburua irudikatzen joan gara eta forma eman diogu. Beraz, positiboki baloratzen dut hau guztia.

Aurrera begira, zerbait aterako dela uste al duzu?
Bai, noski. Jarrera positiboa eduki behar dugu, eta guk proiektuan sinesten dugunez, aurrera aterako da. Inguruko jendea da animatu behar duguna.


Koldo Leunda
“Gazteriari bultzada eman nahi diogu”

Zer iruditu zaizu Udalak abian jarritako  parte hartze prozesua?
Positiboa da zerbait berria sortu nahi izatea. Gazte mugimenduari bultzada eman nahi diogu, guk ere herriari zerbait aporta diezaiokegula pentsatu eta orain dagoenari zerbait gehiago erantsi. Talde ireki bat sortzea ondo dago, inguru ezberdinetako jendez osatua; baina, batez ere, belaunaldi berrien ilusioak eta gogoak du garrantzia. Esperientzia berriak izan nahi dituzten horiei protagonismoa eman behar zaie.

Aurrera begira, zerbait aterako dela uste al duzu?
Apalak izan behar dugu eta ezin dugu hasi zerbait handia egingo dugula pentsatuz. Momentu bakoitzean, daukaguna baloratu behar dugu. Adin eta profil ezberdinetako jendea biltzeko asmoa badago, eta horrela, harremanak naturalki sortuko dira. Garrantzisua da nire alboan dagoena ezagutzea, nire ondokoak dituen kezka eta arazoak ezagutzea, lagunak izatea..., eta bide batez, elkarrekin zerbait sortzea.


Unai Barrutia
“Pozik nago prozesuak eman duenarekin”

Zer iruditu zaizu Udalak abian jarritako  parte hartze prozesua?
Ni gustura nago prozesuak eman duenarekin. Ondo iruditzen zait Udalak gazteek zer behar duten jakin nahi izatea. Pentsatzen dut jakingo zutela Andoaingo gazteriaren egoera zein den, baina, behintzat, gure ahotik entzun dute eta gure asmoak entzun dituzte. Hasiera batetik honaino helburuak eta ideiak aldatzen joan dira, baina funtzionatuko duelakoan nago.

Aurrera begira, zerbait aterako dela uste al duzu?
Jendea festaren inguruan mugitzen da eta horrelako egun bat antolatuko dugu. Dena den, jendea festara hurbiltzea baino harago iritsi behar dugu, hau da, jendea antolatzera, parte hartzera eta hurrengo festa egun batean pentsatzera iritsi behar dugu. Ea jendea animatzen den eta gazteriak bizitasuna hartzea lortzen dugun.



Garazi Jauregi
“Txikitik hasi eta zerbait antolatuko dugu”

Zer iruditu zaizu Udalak abian jarritako  parte hartze prozesua?
Oso positiboa da Udala gazteengana gerturatu eta, gutxienez, zer behar duten entzutea. Hala ere, pena ematen dit bileran gaudenon aurpegi guztiak ezagunak izatea. Polita litzateke jende berria animatzea eta elkartzea. Ez dakit zenbateraino den hori utopia, baina gustatuko litzaidake Andoaingo jende ezberdina elkartzeko gai izatea. Dena den, handitik ez gara hasiko; txikitik pixkanaka hasi eta zerbait antolatuko dugu.

Aurrera begira, zerbait aterako dela uste al duzu?
Nik koadrila egunaren antzeko beste bat irudikatzen dut, Zumean, Goikoplazan edo edonon. Baina guztiok elkartuko garen beste festa egun bat, jai giroa eta koadrilen arteko truke hori gertatuko dena. Asko gustatzen zaizkit horrelako egunak. Askotan ez dugu ekintzetan parte hartzen ez dugulako gure sentitzen. Beste batzuk egin dutela ikusten dugunez, ateak irekita edukita ere, ez dugu parte hartzeko pausorik ematen. Hori apurtzeko unea da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!