“Dudarik gabe, lan mundua da unibertsitaterik onena”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 08:53

Mondragon unibertsitatean Ikus-entzunezko komunikazio ikasketak amaitu orduko, ETB1eko ‘Euskal Herria zuzenean’ saioan lanean ari da Odei Esnaola amasarra.

Zergatik aukeratu zenuen Ikus-entzunezko komunikazioa?

Oso argi neukan ikasketa horiek egin nahi nituela, baina behin ikasten hasitakoan, zaila egin zitzaidan nire burua nonbait kokatzea. Egia esan, mikrofonoarekin betidanik feeling-a izanagatik, ez nuen beste aterik itxi nahi. Karreran aurrera joan ahala, proiektu txikiak egiten hasi ginen eta niretzat oso motibagarria zen gauza berriak ikasi eta benetan gustuko nituen gaietan autodidakta izatea.

Probatutako alor guztien artean, asko erakartzen nau kamerak; ondo moldatu izan naiz beti harekin, bai eskuetan edukitzeko edo baita aurrean jartzeko ere. Ez diot inoiz kamerari fobiarik izan eta haren aurrean naturaltasunez jokatzen saiatu naiz, ikusleari transmititu ahal izateko.

 

Ikasketak amaitu berritan ETB1eko ‘Euskal Herria zuzenean’ saioan aurkezle lanetan hasi zara. Nola bizitu duzu halako pausoa hain gazterik?

Duela hiru hilabete aurkeztu nuen gradu amaierako proiektua eta irailaz geroztik ETB1en lanean ari naiz. Hasiera batean ikasten jarraitzeko asmoa nuen; komunikazioa eta enpresa alorra, esaterako, baina EITBn 22 urterekin kazetari bezala aritzeko gonbidapenari ezin nion ezezkorik eman.

2013ko azaroan komunikatzaileen kasting deialdia egin zuen EITBk eta hiru probak gaindituta, ‘Euskal Herrian zuzenean’ saiotik deitu ninduten. Beste pare bat probaren ostean, ondo egokitzen nintzela ikusi eta haiekin lanean hasteko proposamena egin zidaten. Ikasketak bukatu eta hain azkar lanean hastea oso aukera ona izan da eta harro sentitzekoa, gainera. Batzuek ‘a ze zortea, a ze zortea’ esaten didate eta zortea bada, karrera amaitu eta komunikatzaile orokorreko kasting-a ateratzea, -oso tarteka izaten baitira-, baina argi dago lehenik eta behin norberak borrokatu behar duela. Norbere buruarekin zorrotza izan behar da eta autodidakta, gustuko arlo hori hobetzeko edota eskatzen dizueten horretara egokitzeko gai izateko.

 

Batean eta bestean berriak jasotzen aritzen zara geroztik. Nola antolatzen duzu lan eguna?

‘Euskal Herrian zuzenean’ aktualitateko gaiak jorratzen dituen saioa da eta aktualitate horren barruan, erreportaje atenporalak eta tenporalagoak lantzen ditugu. Planteamendu orokorrean, Euskal Herriko aukera kultural, sozial edota elkarretaratze ezberdinak ditugu edota baita aurreikusten ez diren gaiak ere: grebak, suteak… Aktualitate horrek asko baldintzatzen du gure eguneroko lana. Normalean gai sozialen bat landu behar badugu, etxera joan aurretik hurrengo eguneko gaia jakiten dugu, beste askotan ez: lanera iritsi eta gertatu denaren arabera, erredaktore eta gidoilariarekin elkartu eta elkarrizketatuen bila hasi ohi gara agendari tiraka. Gure lan ordutegia 11:00tatik 20:00etara bitartekoa da, baina, esan bezala, asko baldintzatzen du aktualitateak, haren menpe egoten baikara saioko zuzendari eta koordintzaile taldeez gain, baita kazetariok ere. Horixe da gure lanaren alde ona eta txarra, beti adi egon beharra, twitterra eskuetan.

Zure saltsan zabiltza kameren aurrean...

Bai, oso gustura. Gure laneko alderdirik zailena elkarrizketatuarekin feeling-a lortzea da. Egokitzen den gaiari zukua ateratzen saiatu behar dugu kazetariok eta gaia gogorra denean bereziki, ez da beti erraza izaten. Beste askotan elkarrizketa luzeak izaten dira eta ondo laburtzen asmatu behar dugu, ikusleei mezuak ondo iristarazteko. Ikuspegia kanpora eraman eta ikusleentzat interesgarria izan daitekeena borobiltzen saiatzen gara bideoetan, gure helburu nagusia jendearengana gerturatzea baita. Informatiboetan ez bezala, gure saioan kazetaria beti dago kameraren aurrean. Kazetariaren jarrera oinarrizko  pieza da.

Bestalde, oso giro ona dugu lantaldean. Asko harritu nau halako saio baten atzean zer nolako taldea biltzen den ikusteak. ‘Euskal Herria zuzenean’ saiorako, Iparraldean hiru kazetari, Iruñean bat, Donostian bost eta Bilbon lau aritzen gara. Horrez gain, Xabier Euskitze aurkezlea, zuzendaritza departamendua, koordinatzaileak, gidoilariak, produkzioa, errealizazioa, kamerak…

Bilboko korrespontsalian egiten dut lan nik. Bertan Bizkaia eta Arabaz arduratzen gara, baita Arrasate inguruaz ere. Horrekin lotuta, oso egoera linguistiko ezberdina aurkitu dut. Aiztondo bailaran euskara entzutea erraza da, baina Bilbon, pertsona helduen artean batez ere, euskaldun zaharrak aurkitzea oso zaila da. Gazteen artean, berriz, aldaketa handia sumatzen da eta asko pozten nau horrek.

Gaztetasunak eraginik izan al du zure lanean?

Ni hain gaztea izanik, oso harrera ona egin didate, haien esperientziatik lagunduz. Agustin Ezenarro saioko zuzendaria da eta hainbeste urtean kalean kazetari aritu denez, oso gomendio onak ematen dizkigu, asko erakutsiz. Baita Xabier Euskitzek berak edota Oihane Malkorra tolosarrak ere. Dudarik gabe, lan mundua da unibertsitaterik onena.

Errespontsabilitate honetan lehen aldiz ez dit perezarik ematen iratzargailua jotzeak, emozioz beteta joaten naiz lanera zein gai egokituko zaidan pentsatuz eta emaitza irudikatzeak ematen duen tentsio puntuarekin.

22 urterekin errespontsabilitate handia da astelehenetik ostiralera egunero kameraren aurrean egotea, baina lan honetan ere gazte izatea ez da kontrara erabili behar. Batzuek buruarintzat har zaitzakete hainbat gai lantzen ikusita. Oso eraso erraza izan daiteke hori, baina elkarrizketatuarekin horrek ez eragitea ere lortu behar duzu. Ni ez nau eragin eta 22 urteak eman dizkidan abantailak laguntza handiak jasotzea izan da. Ilusioz beteta ari naiz lanean eta aukera hau tope ikasteko aprobetxatu nahi dut, etorkizuneko beste lanen bati begira indarrak hartzeko.

Erreportaje bitxirik egitea egokitu al zaizu orain artean?

Gasteizen curling-eko ikastaroak egiten zituztela esan zidaten behin eta kirol bitxia izateaz gain, euskararekin lotzen zituztela. Gasteiz eta euskara ez nituen hain lotuta ikusten eta egia aitortu behar badut, zer aurkituko ote nuen duda-mudan joan nintzen. Hogei pertsonako euskaldun talde jator-jatorrarekin egin nuen topo, laguntzeko prest, kameraren aurrean batere beldurrik gabe. Grabaketa pott eginda amaitu arren, oso gustura geratu nintzen eta halako gai gehiago aurkitu behar genuela pentsatu nuen.

Beste batzuetan albistearen bila kalera atera eta ez ikustea gertatzen zaigu. Lekukotasun hori gu gauden tokian ez egotea. Gure lanaren alderdi frustrantea da, baina asko ikasten dena. Halakoetan irtenbideak bilatu behar izaten dira, ez da sekula etsi behar eta ez dagoenetik ere tira egin behar izaten da askotan.

 

Bilbo handian bizi zara orain. Zer moduz egokitu da amasarra hiri handira?

Oso ondo. Nire Amasa ez dut ezerengatik saltzen baina, Bilbok hiriko sentsazioa eman dit. Eskaintza kulturala, kalean edozein egunetan dagoen bizia, lanetik atera eta zer edo zer hartzeko lasaitasuna… Hala ere, egia da Bilboko bizia asteburuetan ezagutu dudala, astelehenetik ostiralera lanaz gain, kirol pixka bat egiteko denbora besterik ez baitut izaten. Lanean hasi aurretik Aste Nagusian bakarrik egona nintzen Bilbon eta ez nuen hiri bezala ezagutzen. Oraindik, lekuren batera grabatzera joan behar dudanean metroko geralekuen bidez gidatzen naute. Baina ari naiz pixkanaka kokatzen. Oso hiri aktiboa, tamaina politekoa eta akzesiblea iruditzen zait. Aldaketa guztiz positiboa izan da niretzat. Egia da oso gustura itzultzen naizela Amasara familia nahiz lagunengana, baina ikasle pisuak Arrasaten asteburuetan geratzeko gogoa ematen ez zidan bezala, Bilbok leku berriak deskubritzeko gogoa pizten dit.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Gaur egungo kazetarien profila mendiko kotxe baten parekoa da, edozein terrenotara egokitzeko modukoa izan behar du: soinu, mikrofono nahiz kamera…, guztiari erantzuteko konpetentzia eduki behar da. Ez dut sentitzen nire lanean alor batean lerrokatzen ari naizenik eta ez nuke halakorik nahi. Ateak irekita eduki nahi ditut. Etorkizun batean, esaterako, editore bezala ikus dezaket nire burua.

Asko gustatzen zait telebista eta oraintxe ikaragarri ari zait erakusten. Irratiarekin ere harreman berezia eduki dut betidanik. Aurpegia ez ematearen morboa gustatzen zait, baina telebistan aurpegia emateak jokoa gehitzen duela iruditzen zait. Ahotsa eta irudiak joko berezia du. Etorkizunean nire burua telebistan ikustea gustatuko litzaidakeen arren, ez dut inondik ere beste aterik itxi nahi.

Eta idatzizko komunikabideak?

Idatziari betidanik fobia pixka bat izan diot. Ez naiz guztiz identifikatua sentitzen; agian, mugituagoa naizelako. Ez dut nire burua eseri eta idazten ikusten. Betidanik gustatu zait egunkaria irakurri, iritzi artikuluetan barneratu eta artikulu ezberdinak desglosatzen asmatzea, kazetaritzaren munduan sartuz. Hala ere, nire burua ez dut idatzizko komunikabide batean ikusten. Tarteka, Aiurriko iritzi zutabea idazten dut eta orain artean landutako artikuluetan nire ukitu pertsonala ematen saiatu naiz, gertukotasuna erakusten eta lagunartekoa izaten. Aiurrik egunkariek baino hobeto betetzen du gertuko aldizkariaren profila eta hain gertukoa denez, identitate gaztea erakutsiz eta irakurle gazteengana gerturatuz gustura hartzen dut parte.

+Musika zainetan

Zortzi urterekin hasi zen Odei perkusioa jotzen ikasten; Amasa-Villabonako Solano musika eskolan lehenengo, Loatzon gero. Kantuki erromeria taldean nahiz Oinkari dantza taldean perkusio-jotzaile gisa aritutakoa da. Egun ez du nahi bezainbeste denborarik perkusioari eskaintzeko, baina oso gogoko du oraindik ere, “betidanik izan dut musikarekin lotura eta ahal dudanean, beti eskainiko diot tartea. Bateria Bilbora eraman ezin dudanez, urrundu egin gara azken hilabeteotan baina berriz ere elkartuko gara aurrerago”, azaldu du.

+Laburmetraia egile

Alor ezberdinen artean, laburmetraien baitan ere murgildu zen Odei eta oso esperientzia on bezala gogoratzen du eginiko lana. “Unibertsitateko lanak aitzakia hartuta, Gabonetako oporrak aprobetxatu genituen teknika ezberdinak perfekzionatzeko. Koadrilako lagunak esku-eskura izan nituen eta batetik bestera ibili ginen. Gustura aritzeaz gain, oso harrera ona izan zuen laburmetraiak. Halako lan bat egindakoan, jendearen erantzuna jakitea gustatzen da gehien, ikasten jarraitzeko. Betidanik gustatu zait kamera hartu eta naturguneetan nahiz hirieran planoak grabatzea eta orain denbora gutxi badut ere gogoko zaletasuna dut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!