“Guatemalak kateatu egin nau, eta urtero joaten naiz”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 08:52

Nerea Asurmendi zizurkildarrak Guatemalan pasatzen ditu hiru aste udazkenero.
Erizaina da lanbidez, eta bere laguntza eskaintzera joaten da hara.

Gobernuz kanpoko erakunde batekin joaten da Nerea Asurmendi Guatemalara. “Lagun baten bidez jaso nuen erakunde horren berri. Berak urte asko darama haiekin lanean eta askotan proposatzen zidan Guatemalara joatea. Garai hartan, artean ez nintzen erizaina. Albaitaritza ikasketak eginak nituen eta ez nuen batere garbi ikusten Guatemalan eskain nezakeen laguntza”.
Erizaintza ikasketei egin zien Nereak duela zortzi urte, eta hirugarren ikasturtea egiten ari zela, laguntza eskaintzeko moduan ikusi zuen bere burua. “Guatemalak kateatu, harrapatu egin ninduen eta geroztik, urtero itzultzen naiz. Urria inguruan joan eta hiru aste pasatzen ditugu bertan, ahal dugun neurrian laguntzen”, azaldu du Nereak.

Gobernuz kanpoko erakundea
Osasun zerbitzuak oso garestiak dira Guatemalan eta biztanleen gehiengo zabal batek ezin ditu ordaindu. Egoera hori pixka bat arintzeko helburuz  sortu zen ADOC gobernuz kanpoko erakundea. Bertako kideetako bat da Nerea Asurmendi: “Guatemalan badago izen bereko erakunde bat; emakume talde batek sortu zuen elkarte hura Nueva Santa Rosa izeneko herrian. Kontsultorio bat irekitzea lortu zuten elizak utzitako gela batzuetan eta astean hirutan zabaltzen dute. Euren zerbitzua ez da erabat doakoa, baina bai ohikoa baino merkeagoa. Zerbitzu horrek emandako irabazi txikiei esker, zaharrentzako egoitza irekitzea ere lortu zuten. Egoitza horretan egiten dugu gure egonaldia Guatemalara joaten garen bakoitzean”.

Nueva Santa Rosa
Eskualde zabal bateko buru egiten du Nueva Santa Rosa herriak. Hiru astetako egonaldietan, inguruko herrixketako jendea ere artatzen dute. “Goizeko 07:00etan hasten gara kontsultak pasatzen, eta zain daudenen ilara amaitu arte aritzen gara. Arratsaldeko 17:00ak aldera iluntzen du han eta 14:00ak alderako lanak amaitzen saiatzen gara, ilundu aurretik etxera itzultzeko aukera izan dezaten. Herrixka ezberdinetako jendea etortzen zaigu egunero, txandaka. Herrixka bakoitzeko nagusiak erabakitzen du nor etorriko den kontsultara”.

Jarraipena
Urtero egiten dute hiru asteko egonaldia Guatemalan, baina urte osoan zehar hara begira egoten dira ADOC erakundeko kideak. “Guatemalara joan eta gaixo kopuru zehatza artatu ondoren pozik itzultzen ginen etxera, baina ez zitzaigun nahikoa iruditzen. Horregatik, urte osoko jarraipena duten ekimen ezberdinak jarri genituen martxan. Esaterako, desnutrizioa duten haurrei zuzendutako programa lantzen dugu. Bost urtetik beherako haurrek hartzen dute parte ekimen horretan, horixe delako haurrei laguntzeko adinik egokiena. Elikagaiak ematen zaizkie haur horiei, euren hazkuntzan laguntzeko. Gurasoek, trukean, kontsultoriora eraman behar izaten dituzte haurrak hilean behin, pisua eta luzera kontrolatzera”.
Hemen oinarri-oinarrizkoak diruditen gomendioek, ez dute balio Guatemalan. Jendearekin hitz egiten konturatu zen horretaz Nerea: “Ura edan aurretik irakiteko esaten nien emakumeei, baina ez nintzen konturatzen horretarako egurra erosi, etxeraino eraman, ura ontzietan bildu eta sutan jarri behar zutela. Garesti eta lanpetsuegia da ura irakitea. Guretzat oinarrizkoak diren gauzak, han ez dira batere errazak eta hori denborarekin ikasten da”.  
Diabetea eta hipertentsioa duten helduei ere urte osoko jarraipena egiten diete. Hiru hilabeterako tratamendua ematen diete ekimenean parte hartzeko prestutasuna agertzen dutenei: “Bigarren hiruhilabeteko sendagaiak eurek ordaindu behar izaten dituzte, eta denek ezin diote aurre egin gastu horri. Izan ere, medikazioa erosteko erabiliko duten dirua beste nonbaitetik kendu behar baitute. Urtero, hara joaten garenean, jarraipena egiten diegu”.

Emakumeak
Azken urteotan, ginekologia arloan ere aritu dira ADOC elkarteko kideak. Trebiñuko sendagile batek egindako proposamenari jarraituz erabaki zuten zerbitzu hori eskaintzen hastea, “eta arrakasta handia izan du. Kontsultara etortzen diren emakumeei euren sexu-ohituren inguruko galdetegia egiten zaie; antisorgailuak erabiltzen dituzten edo ez, zenbat ume dituzten, nolako erditzeak izaten dituzten, infekziorik baduten edo ez, etab. Urtetik urtera nabaritu dugu antisorgailuen inguruko informazio gehiago nahi dutela emakumeek. Horrez gain, zitologiak ere egiten ditugu. Minbizi kasuren bat aurkitzen dugunean, hango osasun zerbitzuetara bideratzen dugu”.

Paisaia eta jendea
Guatemalako paisaiekin harrituta dago Nerea Asurmendi. Bertan egiten dituzten egonaldietan, hiru egun izaten dituzte libre eta txoko ezberdinak ezagutzeko aprobetxatzen dute: “Izugarri polita da, baina, aldi berean, etxolaz betetako gune kaotikoak ditu. Trafikoari dagokionez ere, kaosa nagusitzen da eta ohikoa da, esaterako, motor baten gainean familia osoa joatea. Segurtasun falta ere nabarmena da. Horregatik, jendeak egunerokotasuna bizi du, etorkizunean pentsatu gabe. Bestalde, emakumearen egoera penagarria ere berehala antzematen da han, tratu txarrak jasaten dituzte maiz, eta beldur handia izaten dute”, argitu du.
Guatemalan jasotzen duten eskertza barru-barruan darama Nereak. “Osasun zerbitzua doakoa da guretzat, eta ez diogu baliorik ematen. Han, berriz, kontrakoa gertatzen da eta izugarri eskertzen dute gure laguntza. Jasotzen dugun eskertza oso sakona da eta sentipen bereziak sortzen ditu gugan”.

Bidaia prestatuz
Lehenik eta behin, beharrak aztertu eta horiek nola ase ditzaketen pentsatuz, urte osoko lana izaten da Nerearentzat Guatemalako bidaia prestatzea. “Sendagaiak eta finantziazioa ere bilatu behar izaten dugu. Zumarragako ospitalak eta Farmamundik ematen digu medikazioaren zati bat, eta erakunde ezberdinei luzatzen diegu dirulaguntza eskaera. Bidaia gure poltsikotik ordaintzen dugu, baina gaixoak artatzeak zenbait gastu dakartza; elkartea egiten da gastu horien erantzule”.

“Kasu gogorrak ikusi izan ditugu”
Guatemalatik itzultzean, Nereari kosta egiten zaio eguneroko bizitzari berrekitea, “kasu gogorrak ikusi izan ditugu han; premia larrian dagoen jendearekin aritzen gara, gaixo dauden haurrak ezagutzen ditugu, baita oinarrizko arreta garaiz ez jaso izanagatik hilzorian zegoen txikitxoren bat ere. Hori guztia kudeatzea ez da erraza. Han zaudenean, eta baita itzulitakoan ere, gogoan izan behar duzu ezin duzula guztia konpondu”.
Guatemalako apaiz batek esandako hitz batzuk gogoan ditu: “Laguntza eskatzen ez duten horiek dira benetan txiroak. Guk pertsona asko artatzen dugu urtero, baina beste asko eta asko geratzen da inolako osasun zerbitzurik jaso gabe”. Aipamen horrek zer pentsatua eman zion Nereari. 


ADOC elkarteari laguntza
Gobernuz kanpoko erakundeari laguntza ekonomikoa eskaini ahal izateko, kontu-korronte zenbakia ireki dute:
Laboral Kutxa
3035 0006 83 0060018298



ADOC erakundearen inguruko informazio gehiago:
trabajandojuntos-nsr.blogspot.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!