Orain gutxi arte, Asteasuko Kale Nagusiko adinduentzako Lizardi etxean bizi ziren Lorenzo, Antonio eta Geronimo. Gastuak nahiz zerbitzua orekatze aldera, ordea, Asteasuko Udalak eta Gipuzkozko Foru Aldundiak elkarlanean, kale bereko Betani etxeko etxabea egokitu dute, egoiliarrei bizileku erosoagoa eskaintzeko. Azaroaren 23an inauguratu zuten etxe berritua eta geroztik bertan bizi dira hiru asteasuarrak. Menpekotasunik ez duten pertsonei zuzendutako zerbitzua da Asteasukoa eta une honetan hiru kide bizi badira ere, laurentzako lekua egokitu dute. Gainera, etorkizunean eskaera handiagoa sortuz gero, egoitzak zabaltzeko aukera du oraindik ere. Bertako bizilagunek logela bana dute Betani etxean eta hiruren artean elkarbanatzen duten egongela eta komun zabala. Bestalde, sukaldaria etortzen zaie egunero bazkari nahiz afaria prestatzera eta arropa nahiz etxe garbiketan laguntzera. Euren kabuz moldatzen dute gosaria.
Etxe bilduagoa, epelagoa
Lorenzo, Antonio eta Geronimok etxe berrira pixkanaka ohitzen ari direla azaldu dute, etxe bilduagoa eta, bereziki, epelagoa dela oraingoa. “Eguteran kokatuta dagoenez, eguzkiak ederki goxatzen du etxe barrua. Udan etxe beroa izango da, pertsianak jaitsi beharko ditugu orduan”, azaldu dute. Ia hamahiru urte egin ditu Antoniok Lizardi etxean, bederatzi Geronimok eta bi urte eta erdi Lorenzok. Orain arte ondo konpondu direla esatearekin batera, aurrera begira ere hala jarraituko dutela gehitu dute. Bete beharreko arauen artean, bakarra; otorduetako orduak errespetatzea. “Eguerdiko 13:00etan bazkaltzen dugu eta iluntzeko 20:00etan afaldu. Gainerakoan, etxetik kanpora kartaketan aritzera edo tertuli pixka bat egitera ateratzen bagara ere, ez dugu etxeratzeko ordurik. Bakean sartu eta kito”, argitu du Geronimok. Bazkalondoan bereziki, euren artean kartaketan aritzeko edota siesta egiteko tartea hartu ohi dute.
Eskola baino, dotrina
Baserri lanetan neke asko egindakoak dira hiru asteasuarrak. “Soroan, belazean, basoan, behiak jezten, haiek gobernatzen, segan, atxurrean, aizkoran… Denean”, azaldu dute. Geronimok eginiko “orain orduko sasoia bagenu…” aipamenari, “baina lan hark sasoia kentzen du”, erantzun dio Antoniok. Aurrez, udaletxe azpiko herriko eskolan ikasi zuten Antonio eta Geronimok. Lorenzo, berriz, Goi bailarako Olarrea Goikoa baserrira joan ohi zen auzoko haurrei eskola ematera bertara etortzen zen maestrarengana. “Herriraino etortzeko aparte bizi ginen gu eta hantxe goian auzo-auzokoak biltzen ginen”. Hala ere, garai haietan dotrinari eskolari baino askoz ere garrantzia gehiago ematen ziotela azaldu dute. “Bi komunio izaten ziren orduan eta inor kalabazero geratuz gero, –dotrina ikasi gabe–, lau oilo pare eman behar izaten zizkioten gurasoek erretoreari, baldin eta seme edo alaba aurrera pasako bazen”, gogoratu du Lorenzok.
Betani etxeko egoiliarrak
Une honetan hiru pertsona bizi dira bertan, eta bakoitzak ibilbide oso ezberdina izan du:
Geronimo Goenaga Tejeria
(Iturrietasarobe baserria, 1936)
Baserriko lanez gain, fabrikakoa ere ezagutu zuen Geronimok. Urtebetean Villabonako Subijana etxean aritu zen, “oihalak estanpatu, bandejak garbitu, labera ikatza bota…, lan ezberdinetan aritu nintzen. Ikaragarrizko oihal piloa egiten genuen Subijanan, Europa osora banatzen zen gero. Guk oihal horia jasotzen genuen eta hura zuritzeko produktu ezberdinak bota eta 80 gradutan sekatzen genuen. Kolore txuriaren gainean estanpatzen genuen oihala. Hiru errelebotan aritzen ginen. Fabrikan lanean ari nintzela baserrian bizi nintzen eta urtebete Subijanan aritu ondoren, baserriko lanetan jarraitu nuen berriz ere”, aipatu du. Gerra garaian jaiotzea egokitu zitzaion Geronimori, “gerran jaio ginen gu eta oraindik ere gerran bizi gara. Ni jaio nintzen garaian gerra hasi berria zen eta hiru hilabete pasa ondoren bataiatu ninduten, etxetik ateratzea arriskutsua zelako”.
Antonio Iturrioz Elola
(Andretzaga baserria, 1938)
Baserriko lanak alde batera utzi gabe, gazte zelarik Villabonako Sacem lantegian hasi zen aprendiz Antonio. “Umeari karamelua eman eta hura jartzen dena baino gusturago joaten nintzen ni lanera. Baserrian lanean aritutakoentzat aukera hura zorte handia zen, baina ez nuen aurrera jarraitzerik izan. Urtebetez aritu nintzen. Izan ere, Andazarratetik behera bizikletan nentorrela, zaldia atera zitzaidan errepidera; hura jo eta eri geratu nintzen. Ez nuen berriz ere lanera joaterik izan”, azaldu du penaz.
Lorenzo Txapartegi Vitoria
(Izurtzu baserria, 1944)
21 urtera arte Izurtzu baserrian bizitu ondoren, handik basora joan zen lanera Lorenzo, zuhaitzak bota eta haiek garraiatzera. Gipuzkoa osoan zehar aritu zen langintza horretan eta 40 urte zituela, Ameriketara artzain joatea erabaki zuen. Hogeita zazpi urtez aritu zen bertan, duela hiru urte itzuli zen arte. “Idaho, Kalifornia edota Nevadan ibili nintzen, besteak beste. Kalifornian gehien. Uda partean, lau hilabeteko bolada luzeak igarotzen nituen mendian, herririk eta ia pertsonarik ikusi gabe; ni bakarrik, bi txakur lagun nituela. Noizbehinka, koiote, azeri edo otso asko zenean, gobernuak haiek harrapatzeko bidaltzen zituen ehiztariekin egiten nuen topo”. Edota, tarteka, baita hartzekin ere: “Hartza gorria arriskutsua da, ume txikiak inguruan dituenean behintzat. Halakoetan, eskua altxa eta laster kenduko dizu bizia. Ni beti erriflearekin ibiltzen nintzen badaezpada, ez gerturatzen uzteko”, azaldu du. Jendartean bizitzera ohitutakoentzat, artzainarena lanbidea gogorra dela aitortu du, isiltasunean bizitzea ez dela batere erraza. Aluminiozko borda modukoetan bizitzen zen mendian eta mila buru paseko artaldea zaintzen zuen. Ez zuen ardirik jezten, “inguru haietan ez da ardi gaztarik egiten, ahuntz gazta baizik. Arkumeak, berriz, bost hilabete betetzean mataderora eramaten dira”.
Menditik jaitsitakoan, Basque hoteletan elkartzen ziren euskal artzainak, “orain 30 urte arte Basque hotel ugari zegoen Kalifornia eta inguruetan, azken urteetan bakantzen joan dira. Diru askorik gabe pasa zitekeen bertan eta giro ona sortzen zen”. Ameriketan igarotako denboraldian zehar, Lorenzok ez omen zuen ingeles-amerikanoa ondo ikasi, “lanerako moduan ulertzeko hitz batzuk besterik ez. Hizkuntza ikastea ez da erraza, estudiorik gabe eta gazte joan arren. Ezer ikasiko bada, jardun egin behar da”. Lorenzoren ustez, egun euskaldun gazteak Ameriketara artzain ez joateko arrazoia, han irabazten den soldata egungo bizimodurako oso eskasa izatea da. “Peru moduko lurraldeetatik gerturatzen dira gazteak, euren herrialdean bizimodua merkeagoa denez, irabaziarekin nahikoa baitute”.
1984 urtean Ameriketara joan zenetik, herrira itzuli gabe igaro ditu urteak Lorenzok eta itzuleran, desberdin nabaritu du Asteasuko herrigunea. “Eliza eta Iturri-Ondo, esaterako, lehengo leku berean daude, baina etxe berri asko egin dute eta asko handitu da herria”.