Adunako Santa Krutz ermitaz hitz egiten hasita, oso antzinakoa dela jakinarazi du Mari Karmenek, “gure gurasoen garaia baino aurreragokoa” gogoratu du, baina datekin hutsik ez egiteko, 1989 urtean Jesus Amundarainek idatzitako ‘Aduna’ liburua hartu du egongelako apalategitik. “Hemen esaten duenez, 1662 urtearen aurrekoak dira ermitaren lehen aipamenak. 1668. urtean, berriz, Adunako Udala eta herritarrek ermita berritu zuten elkarlanean eta 1694 urtean gotzaiaren mezua iritsi zen ermita zabaldu eta bedeinka zezaten”.
Santa Krutz ermitaren inguruko ospakizunen artean Mari Karmenek gogoan dituen oroitzapenak hiru egunekin lotzen dira: “Lazaro egunean prozesioa egiten zen goiko elizatik behera Amabirjina Doloreetakoarekin. Ermitan hainbat errezo egin ondoren, berriz ere eliza nagusira abiatzen ziren prozesioko kideak. Egun handia zen Lazaro eguna iraganean eta inguruko herrietako jende asko etortzen omen zen aspaldian. 1950 urte inguruan, ordea, jendea pixkanaka gutxitzen hasi eta 1985 urtean galdu egin zen prozesioa egiteko ohitura. Lazaro egunaz gain, Santa Krutz edo San Isidro egunetan ere ospakizunak izaten ziren ermitan. Mezaz gain, San Isidro egunean ermitaren atarian bazkaria eta festa izaten zela entzun izan nion amari”.
Ezkontza, bertatik bertara
Lazaro eguneko ohitura galduta, Santa Krutz nahiz San Isidro egunetako mezari eutsi egin zioten urtetan, baina jendea gutxitu bezala, bertan behera geratu ziren haiek ere, “ermitan ospakizunik egiten ez dela urtebete pasatxo bada dagoeneko”, adierazi du. Mari Karmen eta haren familiak etxean gordetzen dituzte ermitako giltzak eta eurak dira garbitasunaz arduratzen direnak, beste hainbat eliztarren laguntzarekin. Parez pare bizitzen ohituta, etxearen bigarren zatia da Mari Karmenentzat ermita. Ermitaren berrikuntza lanak ere ezagutu zituen 80ko hamarkadan, “ermitaren sarrerako egurrezko egitura erori egin zen eta ermita goitik behera berritzeko aprobetxatu zen gertaera hura, teilatua ere berrituz. Langileak lan haietan ari zirela, egun aldabearen bi aldeetan ageri diren moduan, garai batean ermitak beste bi ate zituela konturatu ginen. Aldaketarik egin gabe, berdin-berdin mantentzea erabaki genuen”. Azaldu duenez, jende askoren arreta piztu izan du eraikinak, “jende asko gerturatu izan da ermitaren historiaz galdezka, liburu ezberdinetan bere aipamena egin ahal izateko. Baita, besterik gabe, ermita ezagutzera ere. Halakoetan guri giltza eskatu eta barrura lagundu izan ditugu”, zehaztu du. Bestelako gertaeren artean, ezkontza bat ezagutu eta bizitu du bertan, “izan ere, orain sei urte pasatxo semea ezkondu baitzen ermitan. Etxetik urrutira joan gabe, bertatik bertara”, azaldu du irribarretsu. Adunara igotzeko bideetako bat ermitari itsatsita dagoenez, alde ederra sumatu du adunarrak errepidea berritu eta zabaldu dutenean, “asko irabazi du”, Mari Karmenen ustez.
Haur eta gazte garaiei begira
Adunako udaletxe zaharraren azpiko eskolan ikasi zuen 11 urte bete arte, gero Villabonako mojen eskolan egin zituen beste hiru urte. Eskola garaiko oroitzapen onak gordetzen ditu, “neska eta mutil denak batera aritzen ginen gu Adunan, aparte sekula ez. Garai hartan, noski, erdaraz ematen zizkiguten eskolak eta hantxe ikasi genuen erdaraz hitz egiten. Gustura joaten nintzen eskolara, eskulanak egitea gustatzen zitzaidan gehien. Gogorragoa zen Villabonako mojetako giroa, lan gehiago egin behar izaten genuen han”, azaldu du. Gaztetxotan Villabonako eskolan hasiagatik, Adunako lagunak mantendu zituen Mari Karmenek beti, herrikoak. “Umetan Adunako plazan ibiltzen ginen jolasean: bote-boteka, gordeketan, soka-saltoan, tabatan, txingoan… Orain galduta daude joko horiek guztiak, baina adin ezberdinetako gaztetxoak bildu eta ederki pasatzen genuen”. Kale etxean jaio zen Mari Karmen, baina izeba-osaba nahiz lehengusuen baserrira laguntzera joan ohi zen sarritan, belarretara, baratzera baino gehiago.
Etenik gabe dantzan
Edozeinek bezala, gustura hartzen zituen udako festak Mari Karmenek ere. Adunako festen hitzordu nagusi gisa, oilasko jokoa ekarri du gogora ohitura zaharren artean, “oilasko jokoak urte luzetan iraun zuen, baina nire garaian mutilek hutsik hartzen zuten parte, neskek sekula ez. Eguerdiko Soka-dantzan, oilaskoak ematen zituzten baserrietako neskak ateratzen zituzten dantzara eta arratsaldeko saioan, berriz, mutilak nahi zuena”. Axeri-dantzak ere itzal luzea izan du Adunako Andramari jaietan, “gazte garaian ez nuen Axeri-dantzarik ezagutu, geldiunea izan baitzen. Baina gure amaren garaian dagoeneko bide luzea egina zuen. Adunako herritarrek erakutsi zieten Andoaingoei dantza hori eta Adunan galdu zen garaian, andoaindarrek lagundu zieten berreskuratzen”. Gainerakoan, erromerien zain-zain egoten ziren garaiko gaztetxoak: “dantzan hasi eta musika ixildu arte ez ginen geratu ere egiten. Soinua bukatutakoan, txistulariak hasten ziren segida-segidan. Egunean bi dantzaldi izaten ziren: eguerdian eta arratsaldean”.
Etxekoandrea, lanbidez
Lanbidez etxekoandrea izan da betidanik, seme-alabak haztearekin batera, etxeko martxaz arduratu da. Euren etxetik kanpo beste etxe batzuetan ere aritu izan da etxeko-lanak egiten. Familia hazi eta gero josten ibilitakoa ere bada, “Tolosako akademia batera joan nintzen urtetan eta neronek egiten nituen neronentzako arropak”, zehaztu du. Zaletasunen artean, loreak zaintzea gustatzen zaio eta baita gaztetxo garaitan ikasitako laboreak egitea ere; gurutze-puntua, besteak beste. Sukaldean aritzea ere gogoko du. “Lehengo sukaldea lantzen dut, amari eta etxekoei ikasitakoa”. Udazken-negu partean, etxeko eta eltzeko jaki goxoak.
Adunar peto-petoa
Adunar peto-petoa da Mari Karmen, halaxe sentitzen da bera eta herria asko handitu nahiz aldatu den arren, gustura ageri da herritarren artean elkarlanerako eta ekintzak antolatzeko gogoa sumatzen duelako. “Igaro berria da Adunako Kultur Astea eta astean zehar herrian askorik agertu ez banintzen ere, asteburuko barrikotean, esaterako, oso giro polita sortu zen. Lehen baserriz baserriko lana besterik ez zegoen Adunan eta oso pozgarria da gaur egungo herri giroa ikustea”.
Iraganeko kontuak
Hara hemen Jesus Amundarainek bere ‘Aduna’ liburuan ermitaren inguruan egiten duen aipamena:
“1600 ingurun zuan kanpaitxoa urtu, eta gaur daukana ta torretxoa, 1709’n jarriak dira. XIX’garren eunkada arte, Ermitak ongi begiratuak izan ziran. Baiña etorri zan Ermita geienetan zabarkeri pixkat, gureak ere izan zuen alako zerbait, ez ordea beste askok ainbat, Jaunari esker.
Azkeneko zuritze ta berriztek, barru ta kanpo, 1977, Mayatzean: 52.700 pezeta”.
Jesus Amundarain, ‘Aduna’ 1989