Fraisoroko sehaska-etxeaz Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 08:48

Ama ezkongabe eta haien haurrentzat sortu zuten Fraisoroko sehaska-etxea 1903an. Kultur Astearen barnean, hitzaldia eskaini zuen Eva Garciak.

2008an ekin zion Eva Garciak Fraisoroko sehaska-etxearen inguruko ikerketa lanari. Haur espositoen espedienteak aztertzen ekin zion lan horri eta, ikerketa aurrera, sehaska-etxea ezagutu zutenen testigantzak ere jaso zituen. Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren beka eskuratu zuen Evak ikerlana egin ahal izateko, eta lan horren fruitua, liburu batean argitaratu zuen Bazkunak 2011n.
Fraisoro sehaska-etxearen inguruko azalpenak eman zituen Eva Garciak Larraulen, Kultur Astearen baitan antolatutako hitzaldian. “Gipuzkoako Aldundiak sortu zuen Fraisoroko etxea, ama ezkongabeentzat eta haien haurrentzat. Haurdunaldiko azken hilabeteak ezkutuan pasatzeko aukera zuten bertan emakumeek, eta erditu ondoren, haurra bertan utz zezaketen Aldundiaren zaintzapean. Haurrarekin etxeratzeko aukera ere bazuten hala nahi zuten amek”.

Hilgarritasuna
XVIII. mendean, utzitako haurren kopurua hazi egin zen eta horrek, egoera penagarriak sorrarazi zituen. “Garai hartan, Gipuzkoan ez zegoen ume horien zaintzarako azpiegitura egokirik. Zaragozara eramaten zituzten haur horiek. Bidaian ez zien inork bularrik ematen, eta gehienak bidean hiltzen ziren”, azaldu zuen Evak.
1804ean jarri zituzten lehen tornuak Gipuzkoan. Anonimotasunean umeak uzteko aukera ematen zuten tornu horiek. “Modu seguruan uzten zituzten, baina, oraindik ere, arazo handi bat zegoen; zaila zen ume horiek elikatzeko esnea lortzea eta hilgarritasun tasa oso handia zen”. Egoera horri buelta emateko asmoz sortu zuen Aldundiak Fraisoroko etxea. Aurrezki Kutxa probintziala sortu zen garai horretan, eta aurrezki horien zati bat, gizarte laguntza gisa itzultzen zieten gipuzkoarrei. “Fraisoroko etxearen finantziazioa bere gain hartu zuen Kutxak. Ordurako, sortua zen Nekazaritza eskola, eta egokia iruditu zitzaien inguru berdinean eraikitzea; toki osasuntsua eta nahiko gordea zen, eta horrez gain, nekazal eskolako behien esnea ere eskura zuten”.

Bazterketa
Karitateko Amek kudeatzen zuten sehaska-etxea, baina Aldundiarena zen bertako amen eta haurren ardura osoa. “Ikerlanari ekin nionean, jabetu nintzen espositoen fenomenoak Gipuzkoan izan zuen eraginaz; probintzian 12.000tik gora ume barreiatuta egoteak familia asko ukitzen du. Lanean hasi aurretik, jende askoren antzera, nire aurreiritziak nituen. Laster paperetan ikusitakoak jabearazi ninduen haur esposito nahiz ama ezkongabeek jasan zuten bazterkeria, kasu askotan, beren familia eta inguruan sortzen zela, eta ez babesa eman zien erakundean. Liburuan testigantza ematen duten emakumeek hala diote gainera.”, adierazi zuen Evak.

Haur lapurtuak
2011n, liburua argitaratzear zela, haur lapurtuen gaiak eztanda egin zuen Gipuzkoan. Jarraipen berezia egin dio Evak gai horri: “Fraisoro publikoki susmopean jarri zutenean, kezka sortu zitzaidan. Aztertutako dokumentazioan nik ez nuen horrelako ezer sumatu eta urteetan bertako ikuskatzailea izandakoa, Andres Izaskun, gizon arduratsu eta gaiarekiko sentibera zen oso, harritzeraino. Jaioberritan Fraisoron utzitako haurra zen bera, eta gaiak barrua ukitzen zion. Aldundiak Aranzadi Zientzia Elkarteari egin zion urte haietako adopzioak ikertzeko enkargua. Laura Pego abokatuak eta biok egin genuen lan hori 2013an, eta legezko adopzio prozesuak izan zirela ondorioztatu genuen. Horrek ez du esan nahi Fraisoroko kudeaketari buruz etor daitezkeen zalantza/salaketak  ikertu behar ez direnik. Kasu denek merezi dute arreta eta erantzun zuzena. Hala adierazi genion erakundeari lana aurkeztu genionean”.

2006ko lege aldaketa
Aldundiaren bidez adoptatuak izan ziren pertsonek euren jatorri biologikoa ezagutzeko eskubide eta aukera dute 2006 urtetik aurrera. Aurrez, jakiteko eskubide hori ukatu egin zitzaien beren eskubideak talka egiten zuelako bere garaian ama biologikoei agindu zitzaien anonimotasun eskubidearekin. Momentu honetan, hala nahi dutenek aukera dute euren espedientea ikusi eta nahi izanez gero, ama biologikoarekin harremanetan jartzeko. Horretarako, bitartekaritza prozesua abiarazi dezake Aldundiaren Adopzio Sailak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!