Wentxi komikigilearen itzulera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 4a, 08:45

Iñaki Gozalo ‘Wentxi’ Aiurriko komikilariak hamar urteko loaldiari amaiera eman dio; lehen komikia aurkezteko zer hobea egilea elkarrizketatzea baino.

Komikiak dioen bezala, 10 urteko loaldi luzearen ondoren, berriz hastera zoaz… Gogoz jaso al duzu gonbidapena?
Egia esan, sorpresa izan da niretzat. Azken boladan lana dezente jaitsi denez, marrazkia berreskuratu nahian hasi nintzen zertxobait. Ilustrazio lanen erakusketa bat egin nuen Nafarroan eta giro horretan nenbilela iritsi zitzaidan berriz ere Aiurrin komikia egiteko gonbidapena.
Argi neukan itzulerako lehen txanda honetan aurkezpen moduko batekin hasi behar nuela.

Itzuleran, zegoena baino okerrago aurkitu du mundua zure komikiko pertsonaiak!
Hamar urte hauetan gauza asko aldatu da: egoera soziala, ekonomikoa, kulturala nahiz politikoa…, moda, harremanak, internet… Bizimodua guztiz ezberdina da. Pertsonaia nahiko kexatsua denez, gaurko gizartearekin topo egitean erreakzio horixe izatea bururatu zitzaidan. Azken urteotan gertatutako aldaketei begira jarriz gero, ibilbide luzea izan dezake.
Pertsonaiarekin zalantza izan dut, berdina mantendu edo urte batzuk gehitu. Azkenean, lehengo bera berreskuratzea erabaki dut.

Zein pauso eman ohi duzu komiki tira osatu aurretik?
Normalean pentsamendu ezberdinen artean aukeraketa egin behar izaten da. Oso zaila da lehenengo ideiatik komikia osatzea, bestela artista nintzateke. Batzuetan ideia ona izan arren, ez da erraza irudikatzea edota ez du nahikoa indarrik izaten.
Oso indartsua iruditzen zait irudi bakarreko komikia, baina zaila da esan nahi den guztia irudi bakarrean biltzea. Ondorioz, diskurtso edo ibilbidea azalduz, hiruzpalau irudirekin osatzen dut gehienetan.

Gaien ikuspegi zorrotza lantzen duzu komikietan…
Bai, komikiko pertsonaia ironikoa baino kritikoa dela esango nuke. Hala ere, komikietan kritiko izatea bizitzan izatea baino errazagoa da. Oso erraz ikusten dira akatsak gizartean, baina bakoitzaren buruarengan neurria hartzea zailagoa da.
20 urte pasatxorekin hasi nintzen Aiurrirako komikia egiten, 40 urte paseak ditut orain eta asko aldatu da bizimodua. Egoera ezberdinen aurrean berkokatu egin beharko dut.

Nola zaletu zinen zu komikigintzan?
Ume guztiak bezala, betiko komikiekin zaletu nintzen: Mortadelo y Filemon edota Carpanta bezalako klasikoekin. Gogoan dut bidaietarako eta oporraldietarako gurasoek erosten zizkidatela. Marraztea ere txikitatik gustatu zait; guztia lotuta dago. Asko baloratzen dut komikia, baina eleberriak edo bestelako liburuak irakurtzen ditut gehiago. Egunkarietako komiki tirak jarraitzeko ohitura badut, oso bat-batekoak iruditzen zaizkidalako, baina komiki albumak ez ditut hain gogoko.


Esperimentatzea gustuko
Zirrimarra diseinu etxean (Andoain) egiten du lan Wentxik. Bere lanean, argitalpenak maketatzeak esparru zabala hartu duen arren, gehiago erakartzen du sortzailearen, irudigilearen lanak. “Ilustraziogintzatik abiatu nintzen, baina diseinugintza lantzen dut egun gehiago. Besteak beste, kartelak, inprimakiak, logotipoak nahiz argitalpen ezberdinak”. Diseinu grafikoko gradua egin zuenean teknika ezberdinak ikasi zituen arren, autodidaktatzat du bere burua. “Esperimentatzea gustatzen zait eta zer edo zer ezberdina egiten saiatzen naiz. Oro har, lan polita da diseinatzailearena, baina neketsua ere bai; buruari bueltaka aritu behar baitugu beti”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!