Ekitaldiari hasiera emateko, Ikerne Badiolak hartu du hitza: “Pello Mari Otaño bere gararaiko bertsolari aurreratua izan zen, jantzia. Goi mailako literatura erdietsi zuen bere bertso sorten bitartez, garaiko bertsolariaren estereotipoa erabat hautsiz. Euskal literaturan ere bere lekua du Otañok eta guretzat benetan pozgarria da gaur sinatutako hitzarmen honekin dohaintza garrantzitsu hau jasotzea”.
“Koldo Mitxelena Kulturgunean euskal letra eta ahotsaren bilgune eta erreferentzia izan nahi du eta Pello Mari Otañoren lanak, noski, bere lekua behar du hemen. Gisa honetako dohaintzekin euskal literaturaren ondarea geroz eta handiagoa da eta Foru Aldundiak bide honetatik jarraitu nahi du. Gaurko hitzarmen honekin Antonio Zabalak egindako lana borobilduko da”, azaldu du.
Teodoro Hernandorena taldeko kide den Joxin Azkuek ere hartu du hitza, eskuizkribu horien jatorria azaltzeko: “Gaur ziklo bat ixten da Otañoren inguruan. Zabalak Otañoren inguruko lan mardula egin zuen eta berak zioenez, Argentinako urteen inguruko atal osoa falta zitzaion. Ezin izan zuen nahi bezalako ikerketa egin, eta etsita, Argentinakoei uzten zien ikerketa lan hori egiteko ardura. 2010ean, Otañoren mendeurrena ospatu genuen Zizurkilen, eta Argentinara joateko aukera izan genuen. Ustekabean, Otañoren biloba ezagutu genuen; Susana Ardanaz Otaño, ‘Txuri’. Berak heldu zion Zabalaren erronka horri eta lan handia egin zuen. Poliki-poliki, hango Otañoren bizimodua nolakoa zen argitu zuen. “El libro atado” zelakoa azaldu zen lehendabizi. Bertan, idazten zituen Otañok bere bertso kuttun guztiak, eta horregatik heldu zaizkigu gaur egun arte. Bertsolaria izateaz gain, ordea, Amerikako lehen euskara irakaslea ere izan zen Pello Mari. Horretarako, gramatika libururen bat erabiliko zuela pentsatzen genuen, baina ez zen inondik ere azaltzen eta galdutzat eman genuen. Susana Ardanazek, ordea, aurkitu egin zuen. Susana hil zenean, bere azken nahia izan zen altxor hori guztia Hernandorena taldearen eskuetan uztea. Berehala Frantsis Lopezekin harremanetan jarri ginen, garbi genuelako Koldo Mitxelenan, Donostian, behar zutela egon eskuizkribu horiek. Eskerrak eman nahi dizkiogu Otañoren familiari, Zizurkilgo udalaari eta zizurkildarrei eta baita nola ez, etxe honetako Frantsis Lopezi. Orain, materiale hori guztia, ikertzaileen esku geratzen da”.