Villabonako Udalak euskara plana jarri du abian Euskararen Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abe. 3a, 10:59

Villabonako Udalak euskara plana osatu du datozen urteetarako. Planaren helburu nagusi eta bakarra euskararen erabilera indartu eta areagotzea da, baita udaletxe barruan ere.

Euskararen Egunean, euskara plana iragarriz bat egin dute Villabonako Udal ordezkari eta langileek:

"1991ko azaroaren 7an onartu zuen lehen aldiz Villabonako Udalak euskararen aldeko neurriak Euskararen Udal Ordenantza batean biltzea. Garai hartatik hona urrats handiak eman baditu ere bide horretan, oraindik badago zer hobetzerik. Zentzu horretan, gaur egun duten egoera hobetze aldera, eta Ordenantza hartan oinarriturik, datozen urteetako euskara plana egina du Udalak. Plan hori joan den urteko abenduaren 11n onartu zuen udalak, eta datozen lau urteetako plana izango da.

Planaren helburu orokorra Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da, zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza-eskubideei erantzun ahal izateko.

Plan honen bidez lortu nahi dituen helburu nagusiak honakoak dira:

-Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu-hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere, herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuz.

-Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.

-Euskara udal barneko lan-hizkuntza izan dadin bermatzea.

Helburu horiek lortzeko, euskara zeharlerrotasunez landuko da Udalean. Horrek esan nahi du, plan honek Udal osoari eragingo diola, alkate, zinegotzi zein langileei, eta sail bakoitzak, bere egin beharko dituela planteatutako hizkuntza helburuak, horiek betetzeko erantzukizuna denona izanik.

Orain ordea, planak sail bakoitzari nola eragingo dion jakiteko, zer eduki beharko dituen kontuan arlo bakoitzeko zinegotzi arduradunak eta langile bakoitzak euskararen erabilera bermatzeko, etab., zehazteko, Udalak eskuliburu bat argitaratu du langile eta zinegotzien artean banatzeko, normalizazioaren bidean prestatu duen plangintzaren laburpena jasoz.

Eskuliburu horrek honako lema izango du: Herriarentzat lan, Herritarrekin euskaraz.

Gida edo eskuliburu hori eguneroko lan tresna bilakatu nahi du Udalak. Bertan, hizkuntzei dagokienez, arlo bakoitzean nola jokatu behar den zehaztu du Udalak, eta sailez sail bilerak egingo ditu honen berri emateko, eta sail bakoitzean egunerokotasunean erabiltzen diren inprimaki, esku orri eta agiriak aztertu eta moldaketak proposatzeko.

Modu honetan, Villabonako Udalak eredu bilakatu nahi du Amasa-Villabonan euskararen erabilerari dagokionez, eta bide batez, gure hizkuntzarekiko konpromisoa adierazi, kalitatezko zerbitzu bat eskainiz herritarrei.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!