Maider Lainez PSE-EEko alkategaia izango da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 27a, 19:28

Datorren urteko udaberrian Udal hauteskundeak deituko dituzte eta Andoaingo PSE-EEk aukeratu du bere idazkari orokorra alkatetzarako. Lau urte egin ditu zinegotzi lanetan Maider Lainez Lazkozek, eta orain alkatetza du helburu:

“38 urteko ama, ingeniaria. Nire ibilbide profesional osoa enpresa pribatuan egin dut. Azken lau urteetan, nire lana eta zinegotzi lana aldi berean egin ditut. Eta gaur, zuen aurrean, 2015eko Udal hauteskundeetarako Andoaingo alderdi sozialistaren hautagai bezala aurkezten naiz”. Hitz horiekin eman zion hasiera bere hautagaitzaren aurkezpenari. Parean zituen kazetariak eta baita hainbat alderdikide ere, tartean, gaur egun zinegotzi lanetan ari diren Toñy Landa, Petri Romero edota Jose Luis Vela.
Aurkezpen ekitaldian alboan izan zuen Denis Itxaso Gipuzkoako Foru hauteskundeetarako hautagaia. Hitz ederrak eskaini zizkion Lainezi, eta harengan konfiantza osoa zuela gaineratu ere: “Andoain herriari gerta dakiokeen gauzarik onena Maider alkate izatea da”.

Hautagaien aukeraketa
Andoaingo Udal hauteskundeetarako hautagaia aukeratzeko prozesua irekia izan da. Afiliatu guztiei aurkezteko aukera eman zieten, abalak aurkezteko beharrik izan gabe. Lainezek agerraldian adierazi zuenez, bi hautagai aurkeztu ziren eta afiliatuek bozketa bidez Lainez bera aukeratu zuten. Pozik eta ilusioz beterik nabari zen asteazken eguerdian egin zuen agerraldian. Egun alkatetzan dagoen EH Bilduri aurre egiteko alternatiba erreal bakarra dela dio, “pertsona interesatzen zait eta uste dut ideiak, gogoa, ilusioa, kemena, lana eta beste ikuspegi bat eskain ditzakedala. Udala barrutik ezagutu eta gero, jakin badakit gauzak beste era batean egin daitezkeela”. Gobernuan izan direnean nolakoak diren erakutsi dutela adierazi zuen. Eta jarraian gogoan izan zituen Josean Perez Gabarain eta Estanis Amutxastegiren agintaldiak eta “haien inplikazioa Andoain herria garatzeko eta aurrera egiteko”.
Alkatetzarako hautagai nagusien artean baztertu egin zuen EAJ-PNV alderdia, egungo egoeraren erantzule seinalatuz: “Ez dadila inor ausartu Bilduren alternatiba EAJ-PNV alderdia dela esatera. Ez dezala inork ahaztu, Andoain herriak pairatzen duen paralisi egoera horren erantzulerik baldin badago hori EAJ-PNV dela, ezagutzen dugun ezgobernu  hau baimendu duelako”.

“EDO PSE-EE, EDO BILDU”
Andoaindarrak bi aukeratara mugatu nahi ditu sozialisten hautagai berriak, “ozen eta argi diot, Andoaingo etorkizunak bi aukera ditu: Alkatea sozialista edo Bildukoa izango da. Eta ondotxo dakigu denok Bilduren kudeaketak nora garamatzan”.
Herriko kaleen garbiketa, argiteria, aparkalekuak..., hainbat gabezia zerrendatu zituen. Zabor bilketari dagokionez, bosgarren edukiontziaren aldeko defentsa sutsua egin zuen.
Azken hitzekin bertaratu zirenen txaloak jaso zituen: “Zuzentzen dudan alderdia eraberrituta dago, bizirik dago eta alternatiba erreala da. Nire kideekin batera Udal hauteskundeak irabaziko ditugu. Beraz, aurrera!”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!