Katamalo musika taldearen CDa, Plateruena Kafe antzokiaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 27a, 19:26

Datozen egunotan Katamaloren CDa Andoainen Aiurrin eta Urratsen salgai dago 8 euroko prezioan. Ateratzen den diru guztia Palteruenara bideratuko da.

Durangoko Azokaren edizio berria laster iritsiko da, eta dagoeneko bisitarientzat banaezinak dira Landako gunea eta Plateruena Kafe Antzokia. Ez dira gauza bera, ez, baina bat eta beste egun horietan euskal kulturgintzara erabat lotuta daude. Durangoko kafe antzokiak, ordea, arazo ekonomiko handia du sortu zeneko 250.000 euroko zorrari aurre egiteko zailtasunak dituelako.

Ikasturte hasieran, diru ekarpen eta borondatezko lan kanpaina abiatu zutenean, azaldu zuten bezala, duela hamar urte eraikina berritzeko eskaturiko kredituaren 250.000 euroko zorrari aurre egin behar dio Plateruenak datozen bost urteetan. Bazkide berrien sostenguarekin, datozen bost urteetan urtero 50.000 euro eskuratzea da helburua. Plateruena zabaltzeko bere sasoian egindako inbertsioa da zor horren jatorria: "Hori kenduz gero, Platerueneko kulturgintza eta ostalaritza proiektua ekonomikoki bideragarria da", azpimarratu zuten Jone Miren Goenaga Platerueneko lehendakariak eta Nerea Iriarte zuzendaritza batzordeko kideak. Azpimarratu dutenez, bost urtean Plateruena diruz laguntzeko konpromisoa berrehun lagunek hartu dute, dagoeneko. Bazkide berri horiei eskerrak eman dizkiete gaurko agerraldian, lehendabizi, eta oraindik konpromisoa hartu ez dutenei luzatu diete gonbita: "Orain da ekarpena egiteko garaia", adierazi du Goenagak. Abenduaren 31ra arte dago ekarpen kanpainan parte hartzeko aukera.

Abenduaren 6an jai berezia
Egun horretan Durangoko Azokara joateko asmoa duenak, kafe antzokian bertan Plateruenaren aldeko jaia ikusteko aukera izango du. Oraindik egitarau zehatza aurreratzerik ez duten arren, Igor Elortza bertsolaria edota Peru Madalena idazlea Euskal Herriko kulturgintzako hainbat lagunek parte hartuko duten ekitaldia prestatzen ari dira.  Musikari, idazle, bertsolari, eta dantzariek, besteak beste, bat egingo dute ikuskizun horretan. Aurreratu dutenez, jarduera askotako ikuskizuna izango da, "euskal kulturgintzaren bizimin eta bizipozei buruzkoa".

KATAMALOREN CD-A
PLATERUENAREN ALDE
Katamalo musika taldeak arrasto luzea utzi zuen euskal musikazaleen artean. Gorka Urbizu musikariak eta Gotzon Barandiaran idazleak bideratuta, zaletu askoren ikusmina piztu zuten euren ibilbide osoan. Literatura eta musika arteko uztarketa ederra izan zen. 2011. urtean Katamalo taldeak Plateruenean eskaini zuen orain arteko azken kontzertua. Gotzon Barandiaran taldekideak azaldu duenez, "Plateruenak diru ekarpen kanpaina abian jarri duela jakin genuenean erabaki genuen gure ekarpen xumea izan zitekeela kontzertu hartako grabazioaren eskubideak eurei eskaintzea, eta horren salmentatik ateratako dirua Plateruenera bideratzea, bidelagun izan ditugunei laguntzeko”. Barandiaranek azpimarratu du, duela hamar urte sortu zenetik, Durangoko kafe antzokia beti egon dela Katamalo eta antzeko proiektuekin inplikatuta: "Bertan beharrean dabilen jendearen lagun ere bagara".
Argitaratu berri duten diskoan, aurreko diskoetan jaso bako Katamaloren hainbat kantu daude: “Sonoritate berezia dute disko honetako hemezortzi kantek, eta beste dimentsio bat hartu zuten kontzertu hartan”, azaldu du Gotzon Barandiaranek. Mila lagunetik gora elkartu ziren 2011ko azaroko kontzertuan, eta, idazlearen berbetan, "itzela izan zen entzuleengandik jaso genuen berotasuna, eta han bizi izan genuena ez daukagu ahazteko; hasieratik gugaz kantatu zuen jendeak, eta hartu-emana itzela izan zen. Oso hunkituta egon ginen emanaldian”. Berotasun hori nabari da diskoan ere.
Zortzi euroan eskuratu daiteke Katamaloren zuzeneko diskoa, Plateruenean, Aiurrik Andoainen duen bulegoan eta Urrats inprimategian. Euskarazko hainbat tokiko hedabideek kanpainarekin bat egin dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!