Andoainen “Euskararen astea” ekitaldiz beteta dator

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 26a, 18:02

Andoaindarrak Izar lehiaketaren irabazleak ostiral honetan erabakiko dira Basteron.

Kronika eta egitaraua:

 Euskararen egunaren harira antolatutako talentu lehiaketa da. Azaroaren 21ean finalaurrekoa egin zuten eta aurkeztutako 15 taldetatik, 10 sailkatu ziren egun handirako. Talentu ugari erakutsi zituzten eta denetariko parte hartzaileak aurkeztu  ziren: funky dantzariak, piano, saxofoi edota klarinerejoleak, bertsolariak… Bakarka ere aritu ziren. Esate baterako, abeslari bat eta break dance estiloko dantzari bat aritu ziren jendaurrean.
Ostiral honetan duten onena emango dute Basteroko taula gainean, arratsaldeko 17:00etan hasita.  Jon Beloki bertsolari eta kantariak gidatuko du saioa eta hiru lagunez osatutako epaimahaia egongo da: Lorratzak taldeko Maddi bibolinjolea, Amaia Alkorta dantzari ohia eta Alaiki musika taldeko Asier. Horiez gain, arratsaldea are gehiago alaitzeko, bakarrizketak eskainiko ditu Unai Ormaetxeak.
Lehiaketaren irabazleak Andoaingo dendetan kontsumitzeko erosketa txartela jasoko du. Gazte Lokalekoak oso pozik daude finalaurrekoak izan zuen arrakastarekin, eta oraingoan ere guztia ondo joatea espero dute. Basterora gerturatu nahi duenak gonbidapena beharko du; izan ere, tokia mugatua denez, parte hartzaile bakoitzari hiruna gonbidapen emango dizkiote. Horiez gain, gutxi batzuk sobera geratuko dira eta horiek egunean bertan Bastero atarian banatuko dituzte.
Lehiaketaz gain, gaurtik aurrera euskararen egunari lotutako ekintza gehiago egongo dira abenduaren 4a arte.

 

ELKARRIZKETA
Euskara kalera ateratzeko asmoz, euskararen eguna ospatuko da Andoainen azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitarte. Hizkuntzarekin lotutako hamaika hitzordu izango dira aste osoan zehar.
Aiurri astekaria Udaleko Euskara Zerbitzuko Arantza Aguado euskara teknikariarekin bildu da, astearen inguruko xehetasun gehiago jakin asmoz.

Euskara ardatz duen kultur aste modukoa izango al da datozen egunetarako prestatu duzuena?
Arantza Aguado. Bai, denetariko eta adin guztiei begirako ekintzak antolatzen saiatu gara. Ekainean deialdi orokor bat egin genuen herri mailan eta eremu ezberdinetako jendea batu ginen antolaketarako; ikastetxeetatik, gazte lokaletik, kirol eremutik, herritarrak… Horiekin euskarararen egunerako programatxo bat antolatzen hasi ginen. Programazioa zabaltzen joan da eta, azkenean, aste osoan zehar egingo dira ekintzak.

Lehen aldia da horrelako zerbait antolatzen duzuela. Zer moduz joan da antolaketa?
A.A. Azkenengo urteetan ez da ezer egin euskararen eguna ospatzeko. Nahiko ekitaldi instituzionala egiten zen, alkatearen adierazpena irakurriz, soilik. Ez zen ezer berezirik egiten; horregatik, aurtengo gure asmoa herritarren eskutik abiatuta programaketa txukun bat egitea izan da. Oso pozik gaude; jendeak borondate handia izan du, asko konprometitu da eta laguntzeko prest agertu da. Guretzat sorpresa izan da, lehenengo urtea izanda, horrenbesteko parte hartzea izatea. Beraz, pozik eta eskerrak eman beharrean gaude.

Egitarau potoloa atera duzue.
A.A. Ostiralean hasiko gara Andoaindarrak Izar lehiaketarekin. Honekin 12-18 urte bitarteko gazteak elkartu nahi ditugu, eta egia esan, oraingoz izugarrizko arrakasta izan du. Modelo desfilea ere arrakastatsua izango dela ikusi dugu, kalean bolo-bolo dabilen gaia delako. Bestalde, euskararen egunean bertan egingo den laburmetrai emanaldia oso interesgarria izango da. Koldo Almandoz eta Asier Altuna bertan izango dira eta laburmetraiak ikusteaz gain, euskararen egoera zineman zein den hausnartzea da helburua. Azkenik, kantu afari internazionala azpimarratuko nuke. Banaiz Bagarak Kotoi elkartearekin batera antolatu du eta bertan plater ezberdinak dastatzeko aukera egongo da.

Ekintzarik berritzailenetakoa desfilearena da. Nolatan sortu da ideia hori?
A.A. 90eko hamarkadan bizpahiru moda desfile egin ziren Andoainen, ikastolak eta merkatarien elkarteak antolatuta. Urte batzuetan zehar jarraian egin bazen ere, gerora ez zen gehiago egin. Lan taldean ohitura hori berreskuratzeko ideia sortu zen, gazteak erakartzeko aproposa zela pentsatuta. Merkatariekin ere zerbait egiteko aukera ematen digu, eta horrela, merkatariak eta modeloak jarriko ditugu elkarlanean. Gainera, modari beste ikuspegi bat eman nahi diogu. Izan ere, moda erdal munduarekin lotzen da sarritan; baina guk euskara eramango dugu desfilera.

Zein izango dira modelo lanetan arituko direnak?
A.A. La Salle-Berrozpe, Ondarreta eta Ikastolako ikasleak izango dira modeloak; batxilergoko ikasleak, gehienak. Horiez gain, 90eko hamarkadan batxilergoko ikasleak zirenak ere aterako dira taula gainera. Garai batean izandako ohitura berreskuratuko dugunez, orduan parte hartutako batzuk ateratzea ideia polita iruditu zitzaigun. Izugarrizko ilusioarekin daude, gainera. Guztira, 40 lagun inguruk hartuko dute parte.

Andoaingo kaleetan gaztelania entzuten da. Zure ustez, horrelako aste bat beharrezkoa al da euskarari bultzada emateko?
A.A. Galdera horixe bera egin genion geure buruari antolatzen hasi ginenean: merezi du euskararen eguna antolatzea? Agian, hobea litzateke urtean zehar ekintzak egitea, guztiak abendu hasieran egin ordez. Lantaldean baloratu genuen eta gure ustez, euskarak protagonismo egun bat behar du. Horrek ez du esan nahi, noski, urtean zehar ekintza gehiago egin behar ez denik.

Beti esaten da euskarak 365 egun izan behar dituela.
A.A. Bai, baina lantaldean oso garbi ikusi genuen euskararen eguna ospatu behar zela eta euskara eszenatoki gainera eraman behar zela. Andoainen kale erabilera jaitsi egin da azkenengo urteetan, eta beharrezkoa da horrelako zerbait bultzada emateko. Beti egongo da zalantza zenbaterainoko eragina izango duen euskararen erabileran, baina euskarari su artifizial moduko bat eman nahi diogu, nahiz eta ez ikusi argi zenbateraino eragin dezakeen.

Zein mezu helarazi nahiko zenieke Aiurriko irakurleei?
A.A. Anima daitezela eta parte har dezatela. Jendearengan kontzientzia sortu nahi dugu, euskara albait gehien erabil dezaten. Gainera, erdaldunak ere erakarri nahiko genituzke ekintza hauetara. Nahiz eta euskara ez jakin, askok badute ulertzeko gaitasuna eta horiek ere gerturatzea gustatuko litzaiguke. Bide horiek erraztu nahi dizkiegu. Ea lortzen dugun.

EGITARAUA
Azaroak 28, ostirala
17:00 “Andoaindarrak IZAR” finala Basteron.

Azaroak 29, larunbata
12:00 Ikastolak antolatutako kalejira Juanita Alkain plazatik Zumeara.
17:00 “Hurrak eta lapurrak” filma Basteron.
18:30 Kantu-kalejira Goikoplazatik Kotoi elkartera.
21:00 Kantu-afari internazionala Kotoi elkartean.

Azaroak 30, igandea
12:00    Euskara Pasarelan, Basteron.
17:00    “Hurrak eta lapurrak” filma Basteron.

Abenduak 3, asteazkena
Goizean zehar Andoaingo ikastetxeetan hainbat jarduera burutuko dituzte.
11:30    Adierazpen instituzionala eta Udaleko langileek osatutako mosaikoa udaletxe aurrean.
19:30    Film laburrak euskaraz, Basteron. Koldo Almandoz eta Asier Altunarekin solasaldia.

Abenduak 4, osteguna
Iluntzean euskararen Pintxo-poteoa herriguneko hainbat tabernen laguntzarekin.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!