Eskualde osoan barrena antolatu zituzten musikarien eguna ospatzeko ekitaldiak. Ostiralean bertan, azaroak 21, musika tresnak hartu eta kalera irten ziren musikariak. Doinuz bete ziren eskualdeko bazter eta txoko asko. Amasa-Villabonan esaterako, ehunka haur eta gaztetxo atera zen kalera ostiral arratsaldean; kalejira eginez ekin zioten ospakizunari eta ondoren, hainbat emanaldi eskaini zuten Berdura plazan. Asteasun, igande eguerdian ospatu zuten musikarien eguna. Adin guztietako asteasuarrak igo ziren eszenatokiaren gainera, ikuskizun polita eskainiz.