Sentsibilizazio astea eta auzokonpostaren emaitzak aurkeztu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 21a, 15:42

Hondakinen inguruko sentsibilizazio astea aurkeztu dute gaur Villabonako udaletxean Galder Azkue alkateak, Nagore Etxeberria zinegotziak eta Alaitz Bilbao ingurumen teknikariak. Azaroan Europatik urtero iristen den ekimena bere egiten du urtero Villabonako Udalak. “Udal Gobernu honek Zero Zabor herria du amets eta bide horretan ari da pausoak ematen. Dakigun moduan, Zero Zabor mugimenduak hiru pauso markatzen ditu: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea”, gogoratu dute:

Azaldu dutenez, sentsibilizazio aste honen helburua hondakinak murriztea da, hori baita gutxitzeko lehen pausoa eta arlo horretan Udaletik hainbat ekimen abian jarri dela jakinarazi dute: tupper-en kanpaina (janaria erostean sortzen den papera eta plastikoa saihesteko), poltsa berrerabilgarrien banaketa (plastikozko hondakinak saihesteko)... “Baina ez dugu horretan geratu nahi izan eta berrerabilpena indartzen jarraitu dugu: mugikortasun asteko bigarren eskuko azoka,  orain egingo den jostailuen bigarren eskuko azoka, baso berrerabilgarriak erostea ekintzetarako..., eta zeresanik ez birziklapen tasak irauli izana”, adierazi du Nagorek. Herritarrei eskerrak mateko ere baliatu dute aurkezpena, “eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, Udalak bultzatako ekimenak eurek egiten dituztelako emaitza euren eguneroko ahaleginean. Birziklapenaren alorrean, aipamen berezia merezi du auzokonpostaren eta autokonpostaren gaiak. Legealdia hasi zenean jarri zen abian auzokonposta, eta lehen emaitzak orain iritsi zaizkigu”.

Auzokonpostako lehen sorta

2013ko udaberrian hasi ziren hainbat bizilagun Etxeondo eta Txermingo guneetan auzokonposta egiten. Txermingo gunean 15 famili dira eta Etxeondokoan beste 15. Guztira, beraz, 95 bat pertsona ari dira. Alaitz Bilbaok azaldu duenez, 700Lko konpostadora bakoitza lau bat hilabetean betetzen da. “Ondoren, beste lau bat hilabete eduki dugu bertan ‘heltze’ prozesuan. Eta azkenik, konpostadoratik atera, txikitu eta 2. ‘heltze’ fase batera pasatu da, lurrean pilatuta”. Prozesuari bukaera emateko, beharrezko analisi fisiko kimikoak eta bakteriologikoak egin dira, erantzun onak lortuz. “Denera, lortutako lehen sorta honetan,  parte hartzaileek lortu dute Udalak 3,9 tona hondakin organiko bildu behar ez izatea, bertan tratatua izan delako. Eta horretaz gainera, 700 bat kg konpost sortu dituzte”. Auzokonposta programan parte hartzen duten herritarrak zoriondu ez ezik. Eskerrak eman dizkie herriko lorezainei guneen jarraipen egokia egiteagatik.

Era berean, datorren asteartean azokan konposta banaketa egiteko asmoa bazuten ere, asmoa bertan behera geratu dela aipatu du Alaitzek, konposta hori herriko lorategi bat ongarritzeko erabili baitute. Bigarren konposta sortaldira arte itxarongo dute banaketa hori egiteko.

Sentsibilizazio asteko ekintzak

-Azaroak 27, osteguna: ‘Nola egin mesede bat zure poltsikoari, ingurumena zainduz?’ tailerrak 18:00etan, Udaleko balio anitzeko gelan. Aranzadi taldeko kideen eskutik.

-Azaroak 29, larunbata: Bigarren eskuko jostailuen azoka Berdura plazan. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, ingurumen sailean eta mahai bat gordeko zaie. Horrela, eurak izango dira euren jostailuak saltzeko arduradun. Izena emateko azken eguna: Azaroak 27, osteguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!