Musikari estuki lotutako Andoaingo familia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 21a, 10:09

Arreta deitzen duen horietakoa da Ucin familia, aita eta seme-alabak maiz ikus baitaitezke Gora Kaletxiki txarangarekin Andoaingo kaleetan zehar, nork bere instrumentua eskuetan duela.

Musika kalean. Azaroak 22, larunbata
12:00 Gora Kaletxiki txaranga.
18.00 Zumea plazatik abiatuta: Olagain txistulari taldea, Ikastolako ikasle ohien txistulari taldea, Alberto Agirre abesbatza, Musika Eskolako abesbatza eta Kantu Kale Jira.

Erreportajea:

Klarinetea jotzen dute Elias Ucin aitak eta honen seme den Xabierrek; Mirari alabak, berriz, saxofoia. Larunbatean ere kalera ateratzekoak dira txarangarekin, Santa Zezilia musikarien eguna ospatzera.

Azkoitiarra da Elias, eta oso gaztetan egin zen musikari hantxe. “Abesbatzan kantatzen nuen 10 urterekin, hango fraideekin. Zuzendariak behin tentatu egin gintuen bertako gazteak. Niri, zuzen-zuzenean, zera esan zidan: “zuk behatz luzeak dituzu eta hartu klarinetea; egingo dizut proba, udal musika bandan sartzeko”.
Horrela bideratzen ziren umeak iraganean, herriko bandak zeuzkan premien arabera. “16 urte egin nituen Azkoitiako bandan, soldata eta guzti. Kontzertuak, pasakalleak... Instituzio bat izan da betidanik banda Azkoitian".
1999an, Karmen Irasuegi andoaindarra ezagutu zuen Eliasek. "Azkoitia utzi nuen, Andoaingo Zinko Borda baserrira ezkondu bainintzen. Harrezkero, urte batzuetan bazterrean eduki nuen klarinetea, familiako bizimoduak behartuta”.
Horretan, Mirari, alaba, Andoaingo musika eskolan hasi zen, sei urte bete zituenean. Gurasoek animatu zuten, Eliasek bereziki. “Umetako oso oroitzapen gozoak ekarri nituen Azkoititik, bandari lotutakoak: entseguak, entsegu osteko berriketak, kontzertuak... Bizipen horiek guztiak nire alabak ere proba zitzan nahi nuen”.
Musika doinuz etxeko bazterrak betetzen hasi ziren Mirarirekin, eta halako batean, Mari Karmenek senarrari klarinete bat oparitu zion, bere urtebetetze egunean. “Ekin berriro klarineteari, eta laster, Andoaingo bandan jotzen ikusi nahi zaitut”. Aginduak ezustean harrapatu zuen Elias, baina ez zuen aitzakia askorik behar izan, barruan zeraman harra askatzeko.
Denbora berean Xabier, etxeko txikienak ere hautua egin zuen: “gogoko nuen etxean bizitzen zen musika giroa, eta musika eskolan hasi aurretik, jada etxean sartu zen klarinete berria jotzen hasi nintzen pixka bat”. Mari Karmenek aitortzen duenez, Xabier goizean goiz esnatzera ohitu zen bolada batean, edozein jostailu baino estimatuagoa zeukan klarinetea eskuetan hartzeko irrikitan.

Txarangako kide, hirurak
Elias, Andoaingo musika bandak 100. urteurrena ospatu zuenean hasi zen bertan. Handik gutxira, Gora Kaletxiki txarangako ateak ireki zitzaizkion, Joxe Ramon Berrondo eta Jexus Ibañezek tentatuta. Aita eta alaba hasi ziren batera, orain pare bat urte. Bandako zuzendari den Fernando Uribesalgo, lehenengo egunetik geratu zen harrituta, Mirarik saxofoiaren erakusten zuen abilitatea zela medio. “Harribitxi bat daukagu txarangan, neska honekin” errepikatu ohi du galdetzen zaion bakoitzean.
Xabier, bere aldetik, iaz bihurtu zen txarangako kide; Los Rubi taldeari Santa Krutz jaien bezperan Basteron eskaini zitzaion omenaldian egin zuen estreinua. 500 pertsonen aurrean jo beharrak, ez zuen kikildu mutila: “ez nintzen urduri jarri! Gainerako musikarien atzetik igo nintzen oholtzara, entzuleei batere begiratu gabe. Ez naiz gogoratzen, ordea, notak ondo jo ote nituen”.   
Eliasek ez du gaizki ikusten horren gazte diren seme-alabak kalera irtetea, txaranga batekin. “Musika eskola baten dinamika akademiko eta serioa, eta, txaranga baten informaltasuna eta kalea zapaltzeko joera osagarriak izan daitezkeela iruditzen zait”.   

Txaranga atipikoa
Txarangarekin esker oneko sentitzen da Elias, “egundoko aukera eman digu Gora Kaletxiki taldeak. Ez baita batere normala txaranga batek 10-13 urteko gaztetxoei tokia egitea. Batetik, txaranga batek "egurra" edo “zarata” behar baitu, eta hori metalekin lortzen da, ez klarineteekin. Bestetik, txaranga baten formatoa ahalik eta musikari gutxienekin osatu nahi izaten delako; zenbat eta gutxiago, ahalik eta emanaldi eta sos gehiago”.
Gora Kaletxikik hasieratik ezarri dituen helburuak goraipatu nahi izan ditu Eliasek. “Filosofia herrikoia dauka txarangak; musikari gazteak hartzen ditu, eta aldi berean, bere ekarpentxoa egiten dio herri giroari. Andoaingo makina bat ekitalditan hartzen du parte (auzoetako jaietan, jai berezietan, danborradetan, Errepublika egunean...). Luxu bat da Andoainentzat halako kale alaigarria edukitzea herrian bertan, herritarrek osatutakoa”.

Ezinbesteko laguntzailea
Karmen, familiako hiru musikarien itzalean geratzen den etxekoandrea dela dirudi, baina gogo onez hartzen du laguntzaile eta animatzailearen papera. “Nik ez nuen aukerarik eduki musikan trebatzeko txikitan; pena horixe daukat, eta behinik behin, gustura geratzen naiz bi seme-alabek hortik jo dutela ikusita. Ahal dudan zeregin guztietan laguntzen diet; ez dezaten etsia hartu batez ere, ulertzen baitut ez dela batere erraza musika munduan aurrera egin nahi duenaren bizimodua. Motibatuta dabiltza bi seme-alabak, eta ez daukat zertan atzetik ibili beharrik errieta egiten, instrumentua har dezaten entseatzeko. Etxean, entsegu partikularretan hasten direnean ez dut irratirik behar,  musika bazter guztietan baitabil airean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!