Afrikar dantza ikastaro arrakastatsua Saroben

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 20a, 19:30

Buruntzantzan Urnietako batukada taldeak antolatuta, joan zen larunbatean egin zuten Saroben afrikar dantzen egun osoko ikastaro trinkoa.
Adin ezberdinetako 40 pertsonak parte hartu zuen bertan, 30 emakume eta 10 gizon. Goizeko hamarretan eman zitzaion ikastaroari hasiera, Amalur de los Santos irakaslearen gidaritzapean.

Lehenengo saio honetan, arnasketa, presentzia eszenikoa eta hainbat mugimendu landu zituzten bertaratutako ikasleek. Bazkalosteko saioan, zuzeneko perkusioa izan zuten, eta ikasi ahala, mugimendu eta erritmo biziak praktikan jartzeko aukera izan zuten.
Buruntzantzan taldeko kideak gustura agertu ziren ikastaroak izandako arrakastarekin. "Abuztuan Atarrabian izan ginenean izan genuen Amalur eta perkusiojoleekin lehenengo kontaktua eta ikastaro hau antolatzea aukera polita iruditzen zitzaigun herritarrei beste kultura bat ezagutarazteko. Berehala jarri ginen martxan, eta egia esan, espero baino jende gehiago etorri zaigu. Jendeak pozik eta errepikatzeko gogoz amaitu du gaurko esperientzia. Udaberrian beste ikastaro bat antolatzen saiatuko gara, ondoren, ikasitakoa, kalean, edo Saroben bertan, herritarrekin elkarbanatzeko."

Olatz Amalur de los Santos (La Habana, 1985)
Olatz izan zen larunbateko afrikar dantzen ikastaroko zuzendaria. Ikastaroa amaitutakoan berarekin hitz egiteko aukera izan zuen Aiurrik.

Zein da zure jatorria?
A.S. Ni Kuban sortu nintzen. Aita bertakoa zen, eta ama berriz, Errenteriakoa. Eta hiru urte nintuelarik etorri nintzen amarekin bere jaioterrira, geroztik Errenterian bizitu naiz.

Nondik datorkizu afrikar dantzenganako zaletasuna?
A.S. Dantza egitea odolean daramadan zerbait dela esango nuke. Balleta egin nuen umetan, jazz modernoa ere bai ondorenean, beti ere, igeriketak uzten zidan denbora librean, igerilaria bainintzen. Baina, nire buruan hor neukan beti halako erakarpen moduko bat Afrikako dantzekiko. Hemen oso zaila zen, eta da, dantza hauek topatzea, baina behin, Zestoako talde batek, dantza afrikarrak txalapartaren musikarekin nahastuaz eskaini zuen ikuskizuna ikusi nuen eta zerbait berezia sentitu nuen han. ‘Hau da nik nahi dudana’, pentsatu nuen.

Eta hemen ikasteko aukerarik izan al zenuen?
A.S. Ez hemen ez zegoen aukerarik eta hainbat ikastaro egitera kanpora joan nintzen.  Iruñan edo Frantzian aritu nintzen ikastaro trinkoak egiten, eta horrela joan nintzen pixkana mundu honetan sartzen.

Orain ba al dago hemen dantza afrikarrak ikasteko aukerarik?
A.S. Bai, badago hemen inguruko hainbat herritan urte osoko ikastaroak eskaintzen dituen Guineako emakume bat. Nik ere iazko ikasturtean eskaini nituen urte osoko ikastaroak, Donostian eta Oiartzunen, baina aurten ezinezkoa egiten zait, Emagintza ikasketak egiten ari bainaiz eta ez daukat denborarik klase finkoak eskaintzeko.Horregatik egun edo asteburuetako ikastaro trinkoak eskaintzen ditut.

Gaur bezalako ikastaro batean zer da ikasleek lortzen dutena?
A.S. Dantza berezi hauekin lehen kontaktua izaten da gehinentzat eta gutxieneko ezagutza  nahiz sortzen dituen emozioak esperimentatzea lortzen dute. Zuzeneko perkusioarekin oso giro berezia sortzen da, eta ikasleak gorputz eta arima sartzen dira giroan.

Ikastaroak errepikatzen diren lekuetan, ikasleek ere errepikatzen al dute?
A.S. Esango nuke baietz. Lehen kontaktu horrek interesa pizten die, eta gehiagoren gosez geratzen dira. Klaseetan sortzen den familia giroak ere asko laguntzen du jendea berriro bueltatzen.

Edozein adinentzat egokiak al dira dantza hauek?
A.S. Adin guztietako jendea agertzen da. Gaur ere, hemen izan ditugu 22 urtetik hasi eta 56rainoko ikasleak. Fisikoki nahiko exijenteak direla esango nuke, baina, era berean, edonork egiteko modukoak.

Nolakoak iruditu zaizkizu Urnietan izan dituzun ikasleak?
A.S. Talde handia izan da, baina jende alaia bildu da eta elkartasun giro polita sortu dagoizean goizetik. Horrek asko lagundu dit klasearen erritmoari eusten. Beste hainbat dantza praktikatzen duten pertsonak bazeuden tartean, eta noski, horiei errazago egin zaie ikastaroa; besteek, bihar agujetak izango dituzte. Adinak ere badu zeresanik, eta 40 urtetik gorako asko zeuden eta azken orduan nekea nabarmena izan da.

Beraz, nota ona jartzen diezu urnietarrei?
A.S. Bai horixe! Agian, erritmo azkarregian joan naiz eta egun bakarrerako gauza gehiegi landu dugu. Euskaldunak gara eta beste batzuei baino gehiago kostatzen zaigu dantzatzea. Duela gutxi, Toledon eman nuen ikastaro berdina, antzeko pertsona kopuruarekin, eta "beste erritmo bat" zeukaten.

Jarraituko al duzu ikastaro trinkoak eskaintzen deitzen dizuten tokietan?
A.S. Bai horrela da. Nonbaiten dantza afrikarren bidez hainbat emozio esperimentatu nahi badituzte niri deitzea besterik ez dute.

Amalur de los Santos, 616 05 87 91.

 

INKESTA

1. Uxue Tolosa
"Nik beste mota bateko dantzak egiten ditut, baina, erakargarria egiten zitzaidan ikastaro honetan parte hartzea, eta ez naiz damutzen. Partehartzaileen arteko famili giro hori asko gustatu zait".

2. Joxean Beldarrain
"Oso dantzazalea naiz, eta Buruntzatzaneko kidea. Beraz, ez nuen inongo zalantzarik izan etortzeko orduan. Oso aberasgarria iruditu zait, nahiz eta azkenerako neke fisikoa ere agertu den".

3. Thierno Ibrahima
"Oso interesgarria dela deritzot horrelako ikastaroak antolatzea, beste kultura baten ateak irekitzen dituelako. Egun ederra pasa dugu, eta ikasi ere ikasi dugu, bakoitzak geure mailan”.

4. Maider Oiartzabal
“Zoragarria izan da. Asko disfrutatu dut egun osoan. Goizean goizetik sortu da denon arteko talde giro atsegina, eta horrek lagundu digu lotsak baztertu eta buru-belarri bizi eta gozatzera”.

5. Iwona Kopernicka
"Niri dantzatzea erruz gustatzen zait eta oso gustura aritu naiz. Hala ere, egun bakarrerako ikasgai gehiegi izan direla iruditu zait. Beste ikastaroren bat egiten bada, gustura etorriko naiz".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!