Andoaingo udalerriko lau eremu megalitikoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 20a, 15:52

Usabelartzako megalitoa zuzen jarri dute berriki. Andoaingo Udaleko baso langileek jardun dute lanean, Luis del Barrio arkeologoaren zuzendaritzapean.

Usabelartzako zelaietan ganadu mordoa ibili ohi da eta ohitura du bertako monolitoa hazka egiteko erabiltzea. Bada, denboraren poderioz, 45 gradutan makurtzeraino eramana zeukaten antzinako harri hori. Bere hasiera-hasierako posturan jartzea izan da Andoaingo Udaleko baso langileen zeregina, Lurrailan enpresako Luis del Barrio eta Xabier Alberdi arkeologoen agindutara.
Del Barriok bigarren arrazoia aipatu du, historian barrena harria zerk okertu duen ulertzeko: “indusketa lana egin dugu harriaren inguruan, eta ohartu gara harlauza baten gainean zegoela, eta kaltzatzeko asmoz harriz inguratuta zegoela bere hiru aldetan. Hortaz, ez zegoen lurrean tinkatuta, eta horrek ez zion segurtasun handirik ematen egia esanda”.
Andoaingo Udal langileen eta bi arkeologoen artean harria mugitu ahal izan zuten, enborrekin osatutako sistema mekanikoa erabiliz. Indusketa lanak egiteko aukera eduki zuten, baina ez zuten material arkeologiko azpimarragarririk topatu. Azkenik, lehengo leku berberean, hormigoizko oinarria jarri eta bertan zutitu zuten harria. Orain, harri-blokearen metro eta 45 zm. bistan geratzen da; beste 40 zm. berriz, lur azpian. Bere horretan, zutik luzaroan mantentzea espero du del Barriok.
Megalitoa 1982an aurkitu zuten eta berehala katalogatu zuten. Burdin arokoa da, orain hiru edo lau mila urtekoa (k.a.). Ez dago garbi zein izan litekeen bere esanahia, del Barrioren ustetan: “Soilik zenbait interpretazio egin ditzakegu. Hilobi-monumentua ez dela, hori badakigu. Jarri zutenen helburua lurraldea markatzea izan zitekeen, edo eta komunikazio-bidea seinalatzea. Baliteke, bertan, heriotzarekin zerikusia zuen gertakizun garrantzitsuren bat gertatu zela adierazi nahi izatea... Esaterako, giza heriotza eragin duen auto istripu baten ondorioz errepidean jarri ohi diren plaken antzera...”.
Interpretazioak interpretazio, detaile bitxi batek gutako edonoren irudimena kitzikatzea eragiten duela aitortu du del Barriok: “Usabelartzako zelaia nahiko zabala den arren, larretan dabilen ganaduak (betizuak, ardiak...) ur putzua (zohikaztegia) zeharkatu behar duenean harriaren ingurutik pasatzeko usadioa izan ohi du. Beraz, badauka, bai, misterioz jantzitako erakargarritasunik harriak”.

Munttoko zista
Gure mendi parejeetan ageri diren mota eta garai ezberdinetako megalitoak zaintzeaz gain, horiek kontenplatu eta baloratzeko gonbidapena egin du Luis del Barriok, gure arbasoen mentalitatea, pentsamendura, mundu ikuskerara, sinbologiara..., hurbiltzen laguntzen digutelako. “Mendi txangoak eginez, paraje naturalekin gozatzeaz gain tartetxoa hartu beharko genuke megalito horiei begira jartzeko. Ez hori bakarrik: bidean goazela, edo eta ez ohiko bide batean barrena sartuz gero, gerta daiteke katalogatua ez dagoen elementu megalitikoren bat topatzea. Usabelartza eta Adarrako paraje horietan, pinuen artean edo larreetan, seguru eduki egongo dela megalitoren bat deskubritu gabe!”.
2002an Gipuzkoako megalitoen katalogoa osatu zenetik, 2013 urtera arte 38 monumentu megalitiko berri identifikatu direla zehaztu du del Barriok. 2014 urtean, berriz, markak hausten ari dira, oraingoz 24 topatu eta katalogatu baitira.
Munttoko zista da azken urteetan –2010ean hain zuzen– topatu denetako bat. Kontrarregistro baserriarenak eta Andoaingo Udalarenak diren lursailetan kokatzen da, eta Kobre aroaren eta Burdin aroaren artean eraiki zen (k.a.ko 5.000 eta 3.000 urteetan).
Hilobi mota bat da zista, hildakoen gorpuak edo horien errautsak biltzen dituen megalitoa. Trikuharria baino txikiagoa izan ohi da, pertsona bat edo bi lurperatzeko adinakoa. Normalki, harlauzek osatzen dute ehortz-lekua, eta harri txikiek inguratzen dute; harlauzek, harriek eta horiek estaltzen dituen lurrak tumuloa osatzen dute; halaxekoa da Munttokoaren kasua.
Egoera txarrean topatu zen zista hori. Baina guregana iritsi diren arrastoetatik atera daitekeen ondorioa da tumuloak zortzi metroko diametroa daukala, eta 0,15 metroko altuera. Zistaren kamara tumuloaren erdian kokatzen da, eta bi harlauza kontserbatzen dira. Tumuloan dagoen harrietako batek lursailaren bi jabeen arteko mugarria markatzen du.
Iñigo Txintxurreta Donostiako Ilharriak elkarteko kideari zor zaio aurkikuntza. Munttoko mendi muinaren ondoan dago (gailurretik 135 metrora, iparralderuntz), Aizkorriko mendiaren hegalean; Idoiagatik (Iyuya) ateratzen den bidezidorrean gora abiatuta topa daiteke, goiko partean dagoen atakaren parean ezker aldean; bestelakoan, Otietatik ateratzen den Lapurtxuloko baso pistan gora abiatuz gero, Munttoko bizkarreraino iritsi eta handik 200 metrora dago. 2012ko urtarrilean 26an Andoaingo Udalak Udal ondaretzat jo zuen eta Jaurlaritzari katalogo ofizialean sartzeko eskatu zion. Geroztik inguru guztia garbitu eta hesitu egin da, bisitetarako egokituz. Zistaren ondo-ondoan dagoen harkaitza aparteko begiratokia da; bertan ikusmiran jartzen denari, Andoaingo herria eta bere inguru eta mendiak (Buruntza, Belkoain, Ernio...) bistaratzen zaizkio.

Lau kokaleku, bi ibilbide gozagarri
Katalogatuta dauden lau megalito kokatzen dira Andoaingo lursailetan, egun: Belkoaingo trikuharria, Munttoko zista, Usabelartzako harria eta Eteneteko lau mairubaratzak. Urtean zehar, bi saio burutzen dira horiek txukun mantentzeko, Luis del Barrioren ardurapean; martxoan eta azaroan, hain zuzen.
Udazkenean naturak erakusten dituen kolore anitz eta zoragarriak probestuz, garai ederra izan liteke lau megalito horiek bisitatzeko, mendi txangoa eginez.
Belkoaingo trikuharriarako ibilbidean zehar, ez oso aspaldiko arbasoen lan tradizionalen berri ematen diguten lau karobiak ere (Bordatxuri, Erramueta, Erdoizta eta Bazkardo Txiki) ikus litezke goiz batean. Sorabillako erretoretxea har daiteke abiapuntutzat, bertan dagoen informazio panela ikusi eta gero. Beste hiru monolitoak, berriz, PR-GI 162 ibilbide motza jarraituz bisita litezke. 11,5 km ditu ibilbideak eta markatua dago (marra zuri-horiz); oinez lau-bost bat ordutan egiteko modukoa da. Otieta abiapuntu hartuta, Idoiaga, Muntto eta Lapurtxuloko bordan barrena, Usabelartzara eta bertan kokatzen den zohikaztegira (naturak sortua den altxorrara) iristen da. Handik aurrera, Adarra mendirako pistan barrena, Etenetako larrearekin egingo dugu topo.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!