Ikasteko modu berria Zizurkilgo San Millan eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 20a, 15:49

Egitasmo berri bati ekin diote ikasturte honetan San Millan eskolako kideek. Bi eta hamabi urte arteko haurrak talde berean batu, eta tailerrak jarri dituzte ohiko ikasgelen tokian

Mailua eta zerra eskuetan, kolore eta material ezberdinekin lanean, esperimentuak eginez edota gorputza astinduz ekin diote ikasturteari San Millan eskolako kideek. Lan ezberdinak eginez lantzen dituzte haurren gaitasunak: matematikak, irakurketa-idazketa edota ingurunea, esaterako. Zizurkil eta Abaltzisketako eskola txikietan ekin diote ekimen berriari, Hezkuntza Sailaren babesarekin. 

Lehen pausoak
Joan zen ikasturtean jarri zuten ekimenari ekiteko lehen harria. Eskola txikietako irakasleen formakuntzan aritu da Elena Laiz azken ikasturteetan eta urte asko darama Francesco Tonucciren ibilbidea jarraitzen. Ikasturte honetan, proiektuko koordinaketa lanak egingo ditu Elenak Abaltzisketan eta Zizurkilen: “2014ko urtarrilean, formakutza saioa eskaini zigun Tonuccik eskola txikietako irakasleoi. Bi hitzaldi eskaini zizkigun eta zenbait eskola txiki bisitatu zuen. Adin aniztasuna aipatzen genion etengabe bisitaldi haietan, baina sorpresa hartu zuen ez zuelako erabateko aniztasunik ikusten. Bi edo hiru urteko aldea zuten haurrak genituen ikasgela bakoitzean, baina ez denak batera. Erronka bikoitza bota zigun; erabateko adin aniztasuna lantzea, eta ohiko arloen ordez tailerrak jartzea. Erronkari eustea erabaki genuen”.

Gurasoen babesa
Hezkuntza Sailaren babesa du San Millan eskolako ekimenak, eta baita ikasleen gurasoena ere. Alaitz Zengotitabengoa irakaslea da ekimenaren arduraduna San Millan eskolan: “Aurreko ikasturte amaieran bilera egin genuen gurasoei gure asmoen berri emateko. Tonucciren filosofia azaldu genien eta denbora tartetxo bat eman genien proiektuaren inguruan hausnarketa egin ahal izateko. Ekimen honetan aurrera egiteak ez zuen zentzurik gurasoen babesik gabe. Zalantza eta kezka batzuk sortu baziren ere, gurasoen %100ak baiezkoa eman zigun, eta aurrera egin genuen”.

Ekimenaren diseinua
Eskola txikietako koordinatzailea den Mikel Goñik eta Elena Laizek berak diseinatu zuten eskolaren egitura berria: “Tonucciren filosofia jarraituz egin genuen diseinu hori, Abaltzisketa eta Zizurkilgo eskolei egokituta. Kurrikulumak zer esaten duen kontuan hartuta garatu genuen diseinu hori. Kurrikulum horrek jasotzen duenez, DBH amaitzean, haur guztiek gaitasun konkretu batzuk garatu behar dituzte eta hori kontuan hartuta aritu ginen lanean. Diseinu nagusi hori moldatu eta egokitzen ari gara orain”.

Adin aniztasuna
Erabateko adin aniztasunean ari dira orain San Millan eskolako ikasleak. “Tonuccik, eta baita guk ere, adin aniztasunean sinesten dugu eta filosofia horri jarraituz antolatu genituen ikasle-taldeak. Ikasketa prozesua aberastu egiten da adin ezberdinetako umeak elkartuta daudenean. Txikienek zaharragoengandik ikasten dute eta zaharrenek dakiten hori sendotu egiten dute txikienei azalpenak emanez. Ardura gehiago hartzen dute, eta hori aberasgarria da guztientzat”. Bi eta hamabi urte arteko hogeita hamabi ikasle dabiltza San Millan eskolan, eta bi taldetan banatuta aritzen dira.

Tailerrak
Ohiko ikasgelak alde batera utzi, eta tailerrak sortu dituzte San Millanen. “Bost tailer sortu ditugu; liburutegia, artea, mugimendua, zientzia eta aroztegi-mekanika tailerra. Tailer horietan lantzen ditugu kurrikulumean biltzen diren gaitasunak. Aroztegian, esaterako, matematika lantzen dugu, lanak hala eskatzen duelako. Arte tailerrean ere sortzen da geometrikoa eta abar lantzeko tartea. Zientzia tailerrean ingurunea ezagutzeko aukera izaten dugu, mugimendu tailerrean gorputz adierazpena eta musika lantzen dituzte. Liburutegian, irakurketan eta idazketan trebatzen dira umeak. Hiru hizkuntza jorratzen ditugu tailerretan; euskara, gaztelania eta ingelesa; hizkuntzen arloa ere oso garrantzitsua baita. Finean, umearen gaitasun guztiak garatzen joaten gara, beste modu batera”, azaldu du Alaitz Zengotitabengoa irakasleak.

Proiektu pilotua

Urtebeterako proiektu pilotua da San Millan eskolakoa. Emaitza onak jasoz gero, jarraipena emango diote eta beste zenbait eskolara zabaltzeko aukera ere zabalik dago. “Momentuz, gure lanean ari gara buru-belarri, gauzak ahalik eta ondoen egiten”, gaineratu du Elena Laizek.
Bide aberasgarria izaten ari da San Millanen egiten ari direna; egunero topatzen dute erronka berriren bat: “Irakasleok ez dugu erosotasunerako edo lasaitasunerako tarterik. Haurrek naturaltasun osoz hartu dute bi eta hamabi urte artekoak elkarrekin egotea; irakasleontzat, aldiz, erronka handia suposatzen du horrek, oso premia eta behar ezberdinak dituztelako batzuk eta besteek. Zailtasun horiei aurre egiteko modu egokienak bilatzen eta lantzen ari gara egunero, etengabe. Bilera asko egiten dugu; proiektuko koordinatzailearekin, Abaltzisketako tailerretako arduradunekin, etab.”, azaldu du Alaitzek.

Egunaren antolaketa
Asanblada edo bilera orokorra egiten hasten dute eguna San Millan eskolan., ikasle eta irakasle guztiak elkartzen dira. Erabakiak hartu, sor daitezkeen arazoen inguruan hitz egin eta sortzen diren gai ezberdinen inguruan eztabaidatzen dute bilera horietan. Ikasleek bilera horiek inguruko akta idatziz jasotzen dute egunero, txandaka. Bilera amaituta, egokitzen zaion tailerrera bideratzen da talde bakoitza. Arratsaldeko saioari hasiera emateko, berriz, irakurketa eta idazketa lantzen dute egunero orduerdiz eta ondoren, tailerretan aritzen dira berriz.

Irakasleak, eredu
Bost tailerretako bakoitzak irakasle arduradun bat du. Irakasle arduradun horrekin batera, beste irakasle bat ere egoten da ikasgelan. Beraz, uneoro bi irakasle aritzen da talde bakoitzarekin. “Irakasleok haurren eredu izan behar dugu, eta horretan saiatzen gara. Guk ez dakigu dena, baina badakigu behar dugun informazioa non bilatu. Haurrek hori lor dezaten nahi dugu; zailtasunak dituztenean irtenbideak bilatzeko gaitasuna izan dezatela, saia daitezela gauzak ahalik eta ondoen egiten”.
Lanerako gogoz hasi zuten ikasleek ikasturtea. “Lehen asteetan tailerren egokitzapen eta antolaketa lanetan aritu ginen, elkarrekin. Apalategiak tokiz mugitu, eskolako liburuak antolatu, etab. Gauza guzti horiek elkarrekin egin ditugu”, azaldu du eskolako zuzendaria den Patxi Puertak.

Ebaluaketa
Ikasle bakoitzak bere tutorea daukan arren, tailerretako irakasle guztiek parte hartzen dute ebaluaketan. “Ikasle bakoitzak bere karpeta dauka ordenagailuan. Irakasle guztiok sartzen gara karpeta horietara, haur bakoitzaren inguruko xehetasunak biltzeko. Oso ebaluaketa aberatsa egiteko aukera ematen digu horrek; haurraren gustu eta interesak, erreakzioak, lanerako moduak, besteekiko jarrera..., irakasle guztiek ikusitakoak biltzen baititugu karpeta horietan”.


datuak

San millan eskola
1912ko irailean zabaldu zuten San Millan eskolaren egungo eraikina.
  • Ikasle kopurua: 32
  • Irakasle kopurua: 5
  • Tailerrak: Zientzia, artea, aroztegia eta mekanika, liburutegia eta mugimendua.

Francesco Tonucci
Psikopedagogo eta marrazkilari italiarra da Francesco Tonucci. Haurrek duten berezko ikasteko moduaren inguruko azterketa sakonak egin ditu, baita hezkuntza metodologi ezberdinen ingurukoak ere.
Haurrei egokitutako hiri eta herrien diseinuan ere aritu da Tonucci. 1991n, bere jaioterrirako landu zuen txikiei egokitutako diseinua eta nazioartera zabaldu da ekimen hori.
Marrazkilari gisa, hainbat liburu argitaratu du Frato sinadurapean. Hezkuntza metodologien inguruko kezkak biltzen ditu bere marrazki eta komikietan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!