Asteburua iritsi zain egoten dira Ibon eta Luis basurdetara joateko. Aiako ehiza koadrilako kide dira biak. Ibon Aburuzak hogei urte darama koadrila horretako partaide gisa: “Basurde-zakurrak ditut eta Aiako koadrilarekin ibiltzen naiz basurdetan. Duela zenbait urte oilagorretara ere joaten nintzen, baina uztea erabaki nuen. Uso-pasa handia dagoenean, ezin etsi, eta postura joaten naiz, baina gehienbat, basurdetan aritzen naiz orain”.
Luis Zabala ere Aiako koadrilarekin ibiltzen da basurdetan. Luisek, ordea, oilagorretan ere egiten du: “Ahal dudan guztietan, txakurrak hartu eta mendira buelta egitea gustatzen zait. Izugarri gozatzen dut txakurren lan ona ikusten. Hemen inguruan aritzen naiz, urrutira joan gabe. Oilagor txakurrak baditut eta lana ematen badute ere, gustura egiten dut”. Usotan ere aritzen da Luis: “Aurten pase handia izan da, baina oso gutxi bota dugu inguru honetan. Kanaletik sartzen ziren usoak eta ez ziren mendi aldera hurbiltzen; ez dugu aukera handirik izan”.
Asteburuan, basurdetara
Asteburuetan, basurdetan aritzen dira bi adunarrak. “Koadrila bakoitzak bere zonaldea du eta asteburuero joaten gara. Aduna, Zizurkil, Asteasu, Aia, Zarautz, Orio..., zonalde hori harrapatzen du gure koadrilak. Urtetik urtera basurde kopurua igotzen ari dela nabaritu dugu. Duela hogei urte, lorpen handia zen denboraldi osoan 15-20 basurde botatzea, orain berriz, 50etik gora ibiltzen gara. Nahiko janari dute basurdeek eta, sailak zikintzen ari direnez, ezkutaleku ugari topatzen dute. Neguak ere ez dira duela zenbait urte bezain gogorrak eta asko ugaritzen ari dira”, azaldu du Ibonek.
Goizean goiz, eguna argitzearekin batera, arrasto bila ateratzen dira basurdezaleak, txakurren laguntzarekin. Ibon Aburuzak lan horietan parte hartu ohi du: “Puntu ezberdinetan zabalduta aritzen gara. Basurdeen arrastoa bilatzen duenak, koadrilari abisua ematen dio. Ehiza non egingo dugun erabakitakoan, basozainari deitu, eta gure asmoa jakinarazten diogu. Legez egiten dugu dena, arazorik izan ez dadin. Ehiza hasten denean, txakur-zaleen lana izaten da basurdeak postuetarantz mugiaraztea. Beste bi lagunek izaten dute postuak toki egokienetan jartzeko ardura. Sailaren arabera aldakorra izaten da hori eta esperientzia duen jendeak erabakitzen du postuak non eta nola jarri; bai ahalik eta ehiza gehien egiteko, baita arriskuak saihesteko ere”.
Ehizakinak banatu
Ehiza amaitutakoan, botatako basurdeak menditik atera behar izaten dituzte. “Batzuetan ez da lan erraza izaten, baina orain arte, ez zaigu ehizakinik mendian geratu izan. Ondoren, barrunbeak atera eta Aiara eramaten ditugu. Hurrengo egunean larrutu, dagozkien analitikak egin, eta nahi duen koadrilako kideak hartzeko aukera izaten du. Ehiza egin dugun sailaren inguruko baserritarrei ere eskaintzen diegu. Apote handiak direnean, berriz, txorixoa egin eta koadrilan banatzen dugu”, zehaztu du Luisek.
Bereziki zaintzen dute ehizatzen dutena. “Basurdekumeekin dabilen zerramarik ez dugu botatzen, esaterako. Otsailetik aurrera, apoteak bakarrik botatzen saiatzen gara, emeak umetuta egoten direlako. Ehiztariak ez gara mendia garbitzera joaten, horrek ez du zentzurik”, azaldu du Luisek.
Sagardogile
Sagardogileak dira Luis Zabala eta Ibon Aburuza. Irailean hasi ziren sagardoa egiten: “Sagar ona izan dugu eta sagardoa ere ona izango delakoan gaude. Lehendabiziko egunetan beroa egin zuen eta horrek azkartu egin zuen sagardoaren prozesua. Orain, berriz, eguraldi freskoak lasaitu egin du prozesu hori”.
Sagardoa egiten ari diren garaian, zailagoa egiten zaie ehizera joateko tartea bilatzea. Txotx garaian, berriz, bateragarriagoak dira zaletasuna eta lanbidea.
Oraindik ez dute amaitutzat eman sagardoa egiteko lana: “Frantzian sagar urte kaskarra izan da, eta ez dugu gure ohiko ekoizpena bete. Nolanahi ere, ez gara kexatzeko moduan; kupelen %85a betea daukagu”, azaldu dute biek.