Karobiak pizten aritu ziren Koldo Jauregiren aurrekoak eta hark, aitari jaso zizkion karobien inguruko nondik norakoak: “Oso gaztetan hasi nintzen datu horiek biltzen eta aita zenarekin hizketaldi luzeak egiten nituen. Hark azaldu zidan karobiak nola egiten zituzten. Kultur Astean, karobiekin lotutako harri mota baten inguruan arituko gara eta hura ateratzeko, harrobian egiten zituzten lanak erakutsiko ditugu”.
Arbela eta karea nahasian dituen harri mota erakutsiko du Koldok azaroaren 29an, goizez: “Kare-haitza eta arbela nahasian dituen harri mota hori erabiltzen zuten karobiaren barnean arkuteri modukoa osatzeko. Arku horien azpian pizten zuten sua, eta gainean pilatzen zuten kare-haitza. Berotasunari ondo eusten dion harri mota da. 1000 gradu inguruko tenperatura hartzen du karobiak eta garrantzitsua da berotasun horri eutsiko dion harri mota jartzea bestela, harriak lehertu eta karobi osoa goitik behera etorriko litzateke. Garai batean, lan horietan oso adituak izanagatik ere, tarteka karobiren bat edo beste erortzen omen zitzaien, eta izugarrizko lantegia izan behar zuen horrenbesteko harri tona pila eskuz ateratzea”.
Menditik, karobira
Larraulgo sailetan bada harri mota berezi hori. “Hemengo harrobietatik ateratzen zuten eta horixe erakutsi nahi dut Kultur Astean”. Harlauza moduan ateratzen den harria da. Lehendabizi harria libratu eta palankarekin indarra eginez lortzen zuten menditik ateratzea. Ondoren, abereen edo idien indarra erabiliz garraiatzen zuten harria karobiraino.
Karobiko arkua osatzeko harria, neurrira egokitu behar izaten zuten, noski: “Horretarako, mailu handia edo borrarekin aritzen ziren lan horietan. Larraulgo mendietan, toki batean baino gehiagotan dago harri mota hori eta garbi ikusten dira egindako lanen arrastoak”.
Bideoz jaso
Prozesu hori erakutsiko dute azaroaren 29an. “Mendira joan eta harria nolakoa den eta zertarako erabiltzen zuten azalduko diet. Ondoren, gure arbasoek lana nola egiten zuten erakutsi eta bideoz grabatuko dugu, jasota gera dadin”. Hamaiketakoa eginez borobilduko dugu larunbat goizeko festa.
Egitaraua
- 24, astelehena: 18:00 Larraulgo argazki diaporama.
- 25, asteartea: 19:30 ‘Tortura, diktaduratik gaur egunera’ hitzaldia, Pako Etxeberria.
- 26, asteazkena: 18:00 Bertsol Haritza ipuina, Ibai Esoain. 19:30 ‘Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak’ hitzaldia, Eva García.
- 27, osteguna: 19:00 ‘Bularreko minbizia’ hitzaldia, Aran Román.
- 28, ostirala: 17:00 Umeentzako merienda eta eskulanak Katillu-Txulon. 19:00 Karlos Irazuren eskultura sortaren inaugurazioa. 19:30 Fernando Amezketarraren bertsoak emanaldia. Eñaut Agirre, Aitor Atxega eta Imanol Kamio, San Esteban elizan. 21:30 Afaria. Ondoren Alekos bakarrizketa Katillu-Txulon.
- 29, larunbata: 10:00 Harrobira eta karobira bisita. 12:30 Eskuzko Pasakaren erakusketa frontoian. 16:00 Mus txapelketa Katillu-Txulon. 16:30-18:00 Egur erremintak erakusketa museoan / Larraulgo egutegiko argazkien aukeraketa udaletxeko sarreran.
- 30, igandea: 10:00 Mendi irteera herria ezagutuz. 16:30-18:00 Egur erremintak erakusketa museoan / Larraulgo egutegiko argazkien aukeraketa udaletxeko sarreran. 18:00 Talo eta gaztaina jatea Katillu-Txulon.