PSE-EE: “Atez atekoaren presioa itogarria da Zizurkilen”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 20a, 13:33

PSE-EEko Gipuzkoako ingurumen idazkari Lore Suarez zabor bilketa boluntario, eroso, merke, eskuragarri eta sistema garbiaren alde agertu da. Ondorioz, edukiontzien eta bereziki bosgarren edukiontzien alde egin dutela jakinarazi dute sozialistek. Segidan Gipuzkoako PSE-EEko prentsa arduradunak Lore Suarezen hitzekin igorritako idatzia:

“Bilduk Zizurkilen abian duen ‘politika okerra’ kritikatu du, inposaketa kudeaketaren ardatz hartuta eta Zizurkilgo bizilagunentzat zaborren bilketa kalbario bihurtu dela esanez. Atez ateko sistema ezartzeak erantzun indartsua sortu zuen, bizilagunen gehiengoak edukiontziak mantendu eta marroi koloreko bosgarrena gehitu nahi baitzuten, materia organikoarentzat, birziklatzea bultzatuz.

Baina Bilduk bere asmoekin jarraitu zuen eta bizilagunen iritziak alde batera utziz, atez atekoa ezarri zuen. Orain, gainera, zaborren tasak %30 garestituko dituztela jakinarazi dute, atez ateko sistema erabiltzen ez dutenentzat. Suarezek koalizio abertzaleak Zizurkilen inposaketa erabiltzen duen bitartean, Eibarko gobernu sozialistak bosgarren edukiontzi boluntarioa jarri duela esan du, hobari fiskalak gehituta eta herritarren %90ak bat egin duela sistema horrekin. Bere ustez borondatezko edukiontzien sistemak behartutakoak baino emaitza hobeak ematen ditu.

Ingurunea errespetatzearekin batera herritarrak ere errespetatu egin behar direla azaldu du eta zalantzan jarri du atez atekoarekin gehiago eta hobeto birziklatzen ote den: ‘Atez atekoari ez esateak ez du birziklatzearen aurka gaudenik esan nahi. Bosgarren edukiontziarekin ere bereiz daiteke materia organikoa. Errazagoa eta eraginkorragoa da’.

Suarezek Zizurkilen Bilduk herritarrei politika inposatzen dien bitartean, zaborrak lurperatzeko Garitanoren Foru Aldundiak duen borondatearen aurrean hitzik esaten ez duela salatu du. Izan ere, gaika bereizita izanagatik, Europan dagoeneko itxi dituzten zabortegi sistema zahar eta kutsakorreko zabortegia eraiki nahi baitute Zestoan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!