Joxe Mari Olarra: “Utz ditzagun alderdikeriak alde batera eta egin dezagun herria”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 20a, 12:34

18/98 auziaren baitan zazpi urte espetxean igaro eta gero, azaroaren 6an aske geratu zen Joxe Mari Olarra Agiriano billabonatarra. Espetxeko egonaldiaz ez ezik, Euskal Herriaren etorkizunaz hitz egin du Aiurrirekin:

 

Zer moduz aurkitzen zara espetxetik atera berritan?

Ondo eta pozik aurkitzen naiz. Espetxean egon naizen bosgarren aldia denez, niretzat ez da ezer berria. Zoriontsu edo triste senti gaitezke bizitzan zehar, baina, hala ere, preso egon arte askatasuna zer den ez dakigula ondorioztatu dut espetxean. Zazpi urte hauen ondoren, kalean askoz ere giro lasaiagoa sumatu dut, irribarre gehiago ikusten dut jendearen artean, elkarbizitza giro berreskuratua antzeman dut. Pentsaera ezberdinetako jendea gerturatu zait zorionak eta ongi-etorria ematera, hori ez zen duela zortzi urte gertatzen. Beste tentsio bat zegoen orduan eta oso aldaketa nabarmena izan da niretzat.

18/98 auziaren baitan atxilotu zintuzten eta zigorra osorik beteta atera zara kalera. Hein  handi batean espero gabekoa izan da zure kaleratzea…

Zortzi urte eta erdiko zigorra jarri zidaten. Txanda honetan zazpi urte bete ditut espetxean eta lehendik bi prebentibo eginak neuzkanez, bederatzi urte egin ditut guztira, urte erdi gehiago. Neurri batean ustekabean jaso nuen berria, duela lau urte ere aske uzteko eskaera bera egin eta ukatu egin baitzidaten. Azken hilabete honetan ia seguru nengoen kalera aterako nintzela, baina isil-isilik. Hain isilik, nire kartzelako kideek ere ez baitzekiten ezer. Moduluan lau lagun ginen eta haiek agurtzeko ziega irekitzeko eskatu nuenean jakin zuten. Aske geratzen zarenean izugarrizko poza hartzearekin batera, kontraesana ere sortzen da: hainbeste urtean ziega elkarbanatutako kideak barruan uzteak kontzientzia karga eragiten baitu. Buruan espetxeko kideak kalera ateratzeko helburuarekin atera ohi gara, halako leku itxietan kidetasuna eta laguntasuna nabarmen uztartzen baitira eta kanpora ateratzean denoi sortzen zaigu halako hutsunea. Ni egon naizen moduluan arabiar eta beltz asko zegoen eta asko ikasi dut haiekin tratuan. Hori bai da unibertsitatea, pertsonaren unibertsitatea. Kalean itxi egiten gara maiz, baina espetxean ez dago ixterik, goizean goizetik guztia elkarbanatzen baita espetxeko kideekin. Mundua aldatzen da.

Euskal Herriaren independentzia lortu arte lanean jarraituko duzula iragarri zenuen azaroaren 7ko Villabonako harrera ekitaldian, berriz espetxeratu behar bazaituzte ere…

Oso garbi daukat hori, ez baitut gezurrik onartzen. Mundu honetako minbizia da gezurra. Borrokarako prest nago. Ia 35 urtez aritu naiz ezker abertzaleko zuzendaritzan. Une honetan ardura hori ez badut ere, egon behar dudan lekuan egongo naiz eta lanean jarraituko dut Euskal Herriaren independentzia lortu arte. Ondorio txarrak etortzen badira ere lanean jarraituko dut. Inork ez dezala pentsa kartzelatik atera naizelako erretiratzera noanik. Alderantziz, tinko sartu banintzen, tinkoago atera naiz –harrokeriarik gabe diot-.

44 urte daramat militantzian eta ia 35 zuzendaritza politikoan. Niretzat ohorea da zuzendaritzan bozkatuta egon naizela esatea eta ez inposatuta. Bestalde, hemen politikaria izatea politikaz bizitzea da kasu askotan. Baina nik politikatik kanpo, zortzi orduko lanaldia izan dut beti. 32 urte dauzkat lantokian kotizatuta. Ez dut inoiz pezetarik kobratu ez parlamentutik, ez udaletxetik… Ni langilea naiz, langile militantea, ez politikaria eta hori ez dute kartzelan ulertzen. Espainian zortzi orduz bere lana egin eta politikatik kobratzen ez duena tontotzat hartzen dute. Oro har, eskema bat du jendeak: politikaria=lapurreta=korrupzioa. Hala ez izateak legitimitatea ematen du eta garbi izate horretan irabazi egiten dugu euskaldunok. Baina, era berean, horregatik kriminalizatzen dute hainbeste abertzaletasuna.

Granada eta Pontevedra arteko espetxealdi honen zein irakurketa egiten duzu?

Txanda honetan, Granada eta Pontevedrako espetxeetan egon naiz nagusiki, baina tartean baita Valdemoron, Aranjuezen edota Soto del Realen ere.

Pertsona bat ez da ezer kartzelan senideek laguntzen ez bazaituzte. Kasu honetan, nire emaztea hamabostero-hamabostero etorri da nigana. Emazteak eraman du etxeko eta seme-alaben nahiz etxetik kanpoko lanaren ardura…, eta kartzelan halako babesarekin egotea kartzela erdia izan da niretzat. Zentzu horretan, kasu askotan, kanpoan dagoenak barruan dagoenak baino kartzelaldi handiagoa duela esango nuke. Gizarteak hori ez du behar bezala erakusten, baina aitortu beharra dago. Seguru nago, neurri batean nire emaztearentzat kartzelaldia niretzat baino gogorragoa izan dela: hamabostero 1500 kilometro egin beharra, suposatzen duen gastu nahiz estresarekin…

Kartzelaren barruan modulua izeneko beste kartzela batean egoten gara eta moduluaren barruan, ziegan: hiru aldiz giltzaperatuta, beraz. 19 ordu ziegan egon beharraren aurrean, komunikatzeko gaitasunik ez baduzu, zulo beltz batean sar zaitezke eta akabo. Oso garrantzitsua da komunikatzeko gaitasuna eta kanpoarekin harremana mantentzea.

Plano pertsonalean, bestalde, nik ezin dut geldirik egon. Kartzelara sartu orduko zirrikituen bila hasi nintzen. Urte hauetan ez dut nire lan militantea utzi, erabat eguneratuta eraman dut dena. Asko idatzi dut (behatzetako babak horren proba), baita egunkarietarako ere, beste izen batzuekin sinatu arren.

Nola bizitu duzu ezker abertzalearen estrategia politikoaren aldaketa espetxe barrutik?

Espetxean sartu aurretik hasi zen aldaketa hori. 18/98 epaiketaren garaian dagoeneko hasita geunden estrategia aldaketarekin, nahiz eta geroago azaleratu zen. Kartzelara sartu aurretik erabaki oso sakonak hartuta zeudenez, ez dut prozesura gehitu naizenik esango, Arnaldo Otegi eta gainerako kideekin batera, hasiera-hasieratik hartu bainuen bertan parte. Erabat bat nator aldaketarekin eta berandu samar hasi ginela uste dut. Urte batzuk lehenago egin behar zela pentsatzen dudan arren, orduan egokitu ziren baldintzak. Aldaketa politiko militar batetik aldaketa politikora pasatzean, Estatua seguru zegoen zatiketa egongo zela, baina ederki gainditu genuen langa hori. Kartzelan nengoela nire izen eta abizenekin jarraibide batzuk markatzen hainbat artikulu idatzi nuen. Nahi eta nahi ez, herrian nire irudia gogorrarena dela onartu beharra daukat, baina hori komunikabideek eman duten irudia da. Askotan gogortasuna eta tinkotasuna nahastu egiten dira; ni beti izan naiz tinkoa, ez hainbeste gogorra.

13 urterekin hasita, esan dudanez, 44 urte daramatzat ezker abertzalean militatzen. Espetxean zegon adineko jendeak erreferente moduan naukate eta haiei zuzenduta idatzi nituen bereziki artikuluak, eztabaida irekitzeko. Eztabaida horren ondoren, jende askok eduki du nirekin konfiantza eta orain ari naiz eskerrak jasotzen. Dei asko eta asko jaso dut egun hauetan zehar. Etsaiari aurre egin eta, batzuk beharrean, denok bide beretik joatea lortu dugu. Erabat aberasgarria da hori. Baina ez hori bakarrik, ezker abertzaleko jendea zabaltzeko gaitasuna ere izan dugu. Bakoitzak bere proiektuak eduki arren, abertzaleen beste sektore batzuekin egin dugu bat eta denborarekin PNVko basearekin ere bat egingo dugula iruditzen zait. Azken finean, hori baita herri bezala funtzionatzeko bidea. Utz ditzagun alderdikeriak alde batera eta egin dezagun herria.

Jendeak indepenentziarekiko ilusio handia daukala konturatu naiz eta zer egin dezakeen galdetzen dute askok. Ezker abertzalean oraindik ez dugu asmatu jendeari nola egin dezakeen esaten. Gure Esku Dago ekimenak ikaragarrizko indarra du eta oso aberatsa iruditzen zait. Euren bidea egiten jarraitu behar dutela uste dut.

Lehentasunezko zein pauso eman beharko lirateke zure ustez independentziarako bidean?

Lehenik eta behin, erabakitzeko eskubidearen inguruan batu egin behar dugu eta batasun hori erabakiak hartzeko ez ezik, bakoitzak bere proiektuak defendatzeko izan behar du. Jar dezagun denok (independentistok nahiz unionistek) gure proiektu politikoa mahai gainean eta onar dezagun herriak erabakitzen duena. Hori da Quebec-en edo Eskozian egin dena edota Kataluniak eskatzen duena. Ni independentista naiz, ez dut ezer jakin nahi Espainia edo Frantziarekin. Euskalduna naiz eta euskaldun bezala funtzionatu nahi dut, baina onartuko nuke unionisten proiektua demokratikoki balitz, ez inposatuta. Haien inposaketari egiten diot borroka, ez haiei. Urte askoan borroka armatua erabili zuten gainerako arazo guztiak ezkutatzeko: arazo ekonomikoak, sozialak nahiz politikoak. Ekintza haiekin dena tapatu eta euren artean bat egiten zuten gure aurka joateko. Une honetan, instrumentua kendu eta arazoa azaleratu dugu. Ez dago demokrazia beste biderik. Rubalcabak ‘¿votos o bombas?’, galdetzen zuen lehen eta orain botoak eskatzean argumenturik gabe geratzen dira. Erabakitzeko guneetan beldurra daukate, baina hortxe dago aukera: demokrazia bai edo ez?

Kataluniarrak ere puri-purian dabiltza gai hori dela eta. Zer nabarmenduko zenuke haien egoeraz? Hango bideari begiratuta, ba al du ezer ikastekorik Euskal Herriak?

Oso baikorra naiz Kataluniarekin. Estatuak ez dauka alternatibarik, ez Euskal Herrian eta ez Katalunian ez baitauka ezer irabaztekorik. Guztia galtzeko duenez, errepresioarekin oztopatu behar du eta errepresio hori etorriko da. Kataluniarren prozesuan alde bakarra ikusten ari gara, baina alde beltza oraindik ez da iritsi. Kataluniarrak euskaldunon aurretik doazela esaten dugu eta hala da, baina txanponaren alde bakarrarekin. Euskaldunok, ordea, ezagutzen dugu txanponaren beste aldea. 50 urte daramagu sufritzen eta badakigu zer den errepresioa. Neurri batean haiengandik ikasteko daukagu, baina baita erakusteko ere.

Katalunian herriak mugitu ditu alderdiak, ez alderantziz. ANC izan da herriaren plataforma eta hark mugitu du masa soziala. Mas presidentea ez da inoiz independentista izan, hemen Urkullu bezala. EAJko base sozialaren zati handi bat, ordea, independentista da, zuzendaritza hala ez izanagatik. Katalunian herriak siglak mugiarazi ditu eta siglek kudeatu behar dute orain herria. Hemen ere horixe gertatuko da denborarekin, EAJren base sozial handia independentista baita. Horregatik naiz hain baikorra eta Kataluniakoa ikusita, denok ari gara ikasten. Baina lana egin behar da, geldirik egonda ez baita ezer etortzen.

Zer diozu presoen gaiari dagokionez?

Espainiak presoak kartzelan mantendu nahi ditu, euskaldunok haien alde borrokatu eta gainerako guztia ahazteko. Haiek giltza dutela jakinda, gure indar guztia presoak askatzen jar dezagun nahi dute. Giltza haiek badute, giltza hori mugitzeko zerraila aldatu behar dugu eta zerraila aldatzeko herri prozesua indartu behar dugu. Sektorialki presoen alde soilik egiten badugu, haien jokoan eroriko baikara. Giltzatutako atea irekitzeko zerraila prozesu osoa litzateke, beraz.

Plano globalean aurrerapausoak ematen ditugunean, erabakitze eskubidearen baitan kokatu behar dugu presoen gaia. Batu ditzagun indarrak eta denon artean independentziaruntz joaten bagara, presoak ere aktibo izango dira borrokan eta askoz ere aukera gehiago izango dugu haiek askatzeko. Aska dezagun herria, bestela ez baititugu presoak sekula askatuko. Hori da azken urteotako hausnarketa. Planteamendu hori senide askorentzat gogorra da, baina nik ez dut proposamen hori kaletik egin, kartzelatik baizik.

Nola sumatu duzu Amasa-Villabona zortzi urte eta gero?

Villabona herria bera asko aldatu da. Lagunek herriko argazkiak bidaltzen zizkidaten arren, pilotaleku berria edota Remi Ayestaran ibilbidea, esaterako, ez nituen ezagutzen. Gustatu zaizkit herriko aldaketak eta Udalak zoriontzeko moduko lana egin duela iruditzen zait. Zaborren gaiaren inguruan ere, atez atekoaren gaiak halako nahasketak sortu arren, jendea dagoeneko oso ohituta dagoela ikusi dut, zalantzak gainditu direla. Garbiago eta politago dago herria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!