Biribilgune berria Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 19a, 20:05

Foru Aldundiak astelehenean iragarri zuenez, urte amaierarako prest izango da biribilgunea. Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak lansailekoak aste honetan bertan hasi dira eraikitze lanetan, orain arte egon den behin-behinekoari irtenbidea emateko.

Andoain aldeko herriaren sarreran, Salesiar ikastetxetik gertu, bidegorria amaitzen ari dira. Ia jarraian biribilgunea eraikitzen hasi direla iragarri dute, “lanek bost aste iraungo dute, eta beraz, urte bukaerarako prest egotea espero da. Biribilgunea eraikita Aldundiak urnietarren aspaldiko eskaerari erantzungo dio, eta azken urteetako behin-behinekotasun egoerari aterabidea emango dio”.

Garai batean semaforoen bidez erregulatutako bidegurutzea zen Idiazabal, San Juan eta Errekalde kaleen artekoa. Ondoren, zirkulazioa hobetzeko bidegurutzea biribilgune bihurtu zen, aldi baterako, “Aldundiak argi ikusi du behin-behinekotasun egoera horrekin amaitu beharra zegoela, bertako zirkulazioa hobetuz, eta horregatik aste honetan Urnietako biribilgunea eraberritzeko lanak hasiko dira. Lanak Sasoi eraikuntza enpresak egingo ditu eta horien truke 95.670 euro jasoko ditu. Obra burutzeko epea bost astekoa da eta, beraz, lanak urte bukaerarako bukatuko dira”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!