Andoaingo kaleak denontzat berdinak izan daitezen, Udalak abiatutako prozesua martxan jarri da aste honetan. Atzoko tailerra Bertxin egoitzan izan zen, 60 urtetik gorekoei zuzenduta. Orain arteko jendetsuena izan zen, izan ere, izugarrizko partaidetza egon zen eta guztira, 40 lagun inguru bildu ziren.
Urbes For All eta Elhuyar taldeko aholkularien gidaritzapean, eskuetan herriaren mapa hartu eta taldeka bildu ziren, mugikortasuna, espazio publikoak eta segurtasuna aintzat hartuz, aldatu beharreko puntuak markatzeko. Behar nagusiak argitasunarekin eta aldapekin lotuta zeuden. Hala, Andoainen argitu beharreko espazioak aipatu zituzten: Kaletxiki, Nafarroa plaza, Bertxin egoitza ingurua… Bestalde, aldapa handietan eskailerak jartzeko eskatu zuten.
Horrez gain, adibidez, Goikoplaza putzuz betetzen dela, zaborrontzi gehiago behar direla eta Urnietarako bidean eserleku gehiago nahiko lituzketela adierazi zuten. Tailer guztietan jasotako proposamenekin mapa bat osatuko dute abendu ingururako, herritarren beharren inguruan Udalari informazioa helarazteko.