Dozenaka parte hartzaile Andoaingo motozaleen bilkuran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 13a, 22:31

Andoainen motozale ugari dago eta haiek guztiak ospakizun baten inguruan biltzeko lehen saiakera primeran atera da. Aurreko larunbatean izan zen, eta 48 moto ezberdinetan 60 lagunek Gipuzkoan barrena txangoa egin eta gero, Andoainen jarraitu zuten ospakizunarekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, datorren urtean zerbait handiagoa egin nahi dute. Afizio bereko jendea elkartzea edota  motoen inguruan hitz egitea, horiexek izan ziren eguna antolatzeko xede nagusiak.

Aurreko larunbatean egin zuten lehen aldiz moto bilkura Andoainen. Goizean goiz Lanbroa tabernan gosaldu eta Lazkaotik barrena Lizarrara joan ziren. Ondoren, Azkoitira joan, bertan bazkari eder bat egin eta Andoainera itzuli ziren, iluntzean Moon Fields kontzertua ikusteko. Guztira 60 lagun inguru bildu ziren, 48 mototan. Kanpotik gutxi batzuk etorri baziren ere, ia guztiak andoaindarrak ziren eta eguraldia lagun, egun polita igaro zuten.
“Asko gara Andoainen motoan ibiltzen garenak. Askok, eguraldi txarra dela eta ez dute kalera ateratzen, baina afizioa badago eta hori erakustea izan da gure asmoa”, adierazi du antolatzaile lanetan ibili den Iban Korrotxanok. Afizio bereko jendea elkartzea, motoen inguruan hitz egitea, herriari eta karreterari bizia ematea, eta afizioa badagoela erakustea izan da helburua.
Parte hartzea espero baino handiagoa izan zuten eta jendearen erantzuna oso ona izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. “Emaitza oso positiboa izan zen eta jendea oso gustura geratu zen. Ez zuten horren ondo ateratzea espero. Herriko jendeak ere esan digu oso polita izan zela. Beraz, pozik gaude”.
Aurtengoa horren ondo joan dela ikusita, gehiagotan egitea adostu dute eta urtean behin, gutxienez, horrelako egun bat antolatzea gustatuko litzaieke. Gainera, aurrera begira talde handiagoa elkartzea ere nahiko lukete: “Datorren urtean zerbait handiagoa egin nahiko genuke, baina ikusiko dugu; izan ere, zarata dela eta, batzuei ez zaizkie topaketa hauek gustatzen.”
Horrez gain, antolaketa aldetik lan handiagoa egitea suposatzen du; karreteran talde handia izanik, kruzeetako laguntzaileez gain, toki batzuetan karretera ixtea beharrezkoa delako. “Ibilbidea markatzeaz eta aurrean bidea dakien bat joateaz gain, kruzeetan laguntzaileak behar dira, baimenak eskatu behar dira bai trafikoan bai udaletxean… Ez da egun batetik bestera egin daiteken zerbait, aurretik antolatzea eskatzen du, baina jendea oso pozik geratu denez, errepikatu egin nahiko nuke”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!