"Gazteok hartu hitza!" prozesua asteazken honetan amaituko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 12a, 18:52

Garrantzia handiko bilera izango da, prozesu honen azkeneko bilera izango baita. Bertan Udalak proposamen bideragarriak zeintzuk diren azalduko ditu eta horien artean erabakia zehaztea izango da bilerara agertzen diren gazteen lana.

Hitzordua Basteron
Azaroak 19, asteazkena. 18:30. Irekia.

Spota | Bloga | Kronika:

Azaroaren 5ean gazteen parte hartze prozesuko bigarren fasea abiatu zen Basteron. Lehenengo fasean Andoainen beharrak zeintzuk ziren ikusita, behar horiei erantzuna emango dieten dinamikak pentsatu zituzten. Basteron bildutakoen proposamen guztiak mahai gainean jarrita, erabaki zehatzago bat hartzen hasi ziren.
Kirola, azpiegitura, lana eta etxebizitza, espazioa eta aisialdirako eskaintzarekin lotuta zeuden lehenengo bileretan egindako proposamenak. Horietako asko, ordea, ideia orokorrak, abstraktuak eta aurrekontutik kanpo zeuden; gazteen partehartzea sustatzea, belaunaldien arteko harremana lortzea eta etxebizitzen arazoari aurre egitea, besteak beste. Horregatik, lehengo asteko bilera proposamen zehatzago bat garatzeko eta ideia abstraktu horiek egikaritzeko erabili zuten.
Andoaingo arazo nagusiena gazteriaren sakabanaketa, komunikazio eza eta belaunaldien arteko harreman falta dira. Hori dela eta, gazte dinamika baten bitartez, arazo horri buelta eman nahi diote. Ideia zaparrada ugaria izan zuten bileran; Andoainen koadrilen egunak indar handia duenez, antzeko beste egun bat antolatzea interesgarria iruditu zitzaien, herriari bizia emateaz gain gazteen arteko komunikazioa ahalbidetu dezakeelako; baltsa jaitsiera festetan egin ordez beste egun batean antolatzea proposatu zuten, edota garai batean izandako olinpiadak berreskuratzea, koadrillen arteko joko edota bazkaria izango dituen festa egun bat, kontzertuak…
Gauza bat argi zuten guztiek: gazteak festaren inguruan mugitzen direla. Honenbestez, gabezia horiei guztiei irtenbidea emango dien festa bat antolatzea eraginkorra izan zitekeela pentsatu zuten. Hala ere, argi zuten ekintza edo ekintza sorta horiek gazteak elkartu eta mugitzeko izango direla, perfil ezberdinetako gazteak elkarlanean jarriko dituena, guztientzako hurbiltzeko erraza izango den tokian eta, posible balitz, behin baina gehiagotan egingo dena. Gainera, antolatzaileak gazteria guztiaren lagin txiki bat izatea nahiko lukete, adin eta inguru ezberdinetako gazteak elkartutako taldea izatea, alegia.

AZKEN BILERA AZAROAREN 19AN
Ideia hauek guztiak azaroaren 19ko bileran zehaztuko dituzte. Udalak orain arteko proposamen guztiak jaso ditu eta horiek aztertzen ari da, bideragarriak diren ala ez ikusteko. Prozesu honen azkeneko bilera izango da 19koa. Bertan, proposamen bideragarriak zeintzuk diren azalduko dute eta horien artean erabakia zehaztea izango da gazteen lana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!